Danel Agirre.
SASKI DA!

Galtzea bera baino are tristeagoa

2019ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
Beste igande horietako bat. Gipuzkoa Basketen arazo nagusiari oso konponbide txarra antzematen zaio: izan ere, porrot egindako proiektua dela barneraturik dauka ordezkatzen duen komunitateak. Donostian eta Gipuzkoan sorbaldak jasoz hitz egin ohi da GBCz, gaixotasun sendaezina diagnostikatu eta apurka itzaltzen ari denari buruz erabiltzen den erruki tonu berberarekin. Illunbeko partidek Aki Kaurismakiren filmen gero eta tankera handiagoa dute: guztia ageri da tragikomiko, zaharkitu, patetiko. Saski da!-ri (klubaren akzioduna da) gero eta gorputzaldi txarragoa uzten diote; igande arratsaldea lur jota igaro zuen beste behin. Beti galtzen du, baina Gipuzkoa Basketena galtze hutsa baino are tristeagoa da.

Aitortza bitxi bat. Madarikazioa uxatzeko GBCk zer egin dezakeen ez dago argi. Saskibaloian duin aritzea ez da nahikoa: azken bi sasoietan egin izan du, eta klubaren inguruko pertzepzioa ez da fitsik ere aldatu. Porfi Fisacen sen salbatzailerik gabe, zabuka dabil aurten berriro taldea, ezinean. Igandean, sinesgaitza zirudiena gertatu zen Illunben. Kaskarkeria gorena modu ezin estoikoagoan jasan izan duen harmailak —harmaila horretatik geratzen denak, esan nahi da—Sergio Valdeolmillosen dimisioa eskatu zuen, etsi-etsian. Ez taldea salbatzen saiatzeko, inork ez baitu dagoeneko horretan sinesten, kontrako eztarritik sartu zaion norbait bistatik galtzeko baizik. Manresaren aurkakoaren azken minutu erdian erabaki kaskarrak bat bestearen atzetik kateatu zituen Valdeolmillosek. Eta, are okerrago, zalantzati azaldu zen bere jokalarien aurrean. Baina deskalabru hori gabe ere pipertuak zituen lehendik ACBko zale epelenak. Twitterren bere aurkako kritikak topatu (askorik ere ez dira izan, GBC eztabaidagai duten txiolariak Minuto y Medio tabernan kabitzen dira), eta desafioka erantzun zituen duela gutxi Valdeolmillosek, leporaino lokaztuta. Ostiraleko prentsaurrekoan, taldea hobetzeko ideiarik gabe geratzear dagoela aitortu zuen, bere lanpostua mantendu gura duen entrenatzaileak sekulapublikoki onartuko ez lukeena. Erabili ohi dituen aitzakietatik bat bera ere ez da faltsua, baina gutxi axola dio horrek. ACBko aulki batean eseri gura zuen Valdeolmillosek, baina GBCrena ez da ACBko aulki normal bat, lehenagotik jakin behar luke. Kaurismakiren film bat ikustera bazoaz (ongi amaitu ohi dira sarri, paralelismoa ez da oso egokia akaso) ez du balio gero goibela delako kexatzerik.

Jolas txoroa. Rob Gibbons, Jeff Ballard, Chris McBride, Bill Phillips, Ben Davis, Marcus Gilmore. Hiru, azken bi hamarkadetan aldi baterako kontratuarekin Baskoniari esku bat bota zioten jornalariak dira. Beste hirurak, Chick Corearen alboetara Gasteizko jazz jaialdian aritutakoak. Zalantza gabe bereizi badituzu, bietako bat: saskibaloia ikusten denbora gehitxo galdu duzu, edo melomano entziklopedikoa zara.

Jolasaren azalpena. Garai batean, lantaldeko norbaitek min hartu berri zuelako abisua entrenamendutik bulegoetara iritsi, eta arratsalde bat baino ez zuen behar izaten Baskoniak ordezkoa topatzeko. Pare bat asterako adabakia baino ez zen sarri: atarian aipatu Gibbonsek (musikari abizena du, ala?) 21 minutu eman zituen guztira kantxan Sergio Scariolorekin, 1998ko egonaldi laburrean. Azkenaldian, gisa horretako fitxaketak egiteari uko egin dio klubak. Gasteizen pare bat mila euroren truke hilabetez ariko liratekeen jokalari gosetiz gainezka dago merkatua. Dirua faltako da beharbada, baina errefortzu ezaren arrazoia nekez izan daiteke soilik ekonomikoa. Bigarren taldea du egun Baskoniak, eta horrek zertxobait arintzen du egoera. Garai bateko aldi baterako fitxaketek entrenamenduen mailari eustea ere bazuten helburu, partidetan benetako laguntza eskaintzea baino. Alor horretan, eta lehen ez bezala, azpitik datozenek buruhauste bat arindu diezaiokete Velimir Perasovici, lan saioetarako beti batu ahal izango dituelako hamabi lagun.

Bukatzeko, erregua. Aste honetan NBAko partidaren bat ikustearekin tematzen bazara, Nikola Jokicena izan dadila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.