Webgune honek cookie-ak erabiltzen ditu zure nabigazioa errazteko, publizitatea erakusteko eta analisi estatistikoak egiteko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, hauen erabilera onartzen duzula ulertuko dugu. Informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu Cookie Politika

Berria.eus

Kirola Hirien korronte misteriotsuak

Publizitatea

Kirola

SASKI DA!

Hirien korronte misteriotsuak

 

2017-11-14 / Danel Agirre

Planak gantxoa galdu du. ACB ligako kantxetara doazen jendetzen kontaketekin manifestazioekin gertatzen den gisako fenomenoa izan ohi da. Baskonia, Bilbo Basket eta GBCren zenbaketa ofizialen arabera, igandean 9.420 ikusle izan ziren Buesa Arenan, 7.959 Miribillan eta 2.721 Illunben. Lehenbiziko bi zifrak bikainak dira, baina gorantz makillatutakoak dirudite, babesleak eta babesle posibleak limurtzeko ziur asko. Pabiloi oso handiak dituzte hiru euskal klubek. Nonahi dagoen futbolari estadioak betetzea kostatzen bazaie, merkatu-nitxo mugatua duen saskibaloiari zer esanik ez. Kirol ikuskizunen kontsumitzaileak zerk mugitzen dituen jakitea ez da erraza, gainera. Taldeen arrakasta estimulu bat da sarri, baina ez du beti funtzionatu ohi. Gipuzkoa Basketena da adibiderik argiena. LEB ligan Rosalia de Castro edo Los Barrios ikusteko bederatzi mila lagun bildu ohi zituen Illunben 2007-08ko denboraldian. Egun, ACBn oso txukun aritu, eta saskibaloi zale puruak ez diren horiek erakartzeko Danny Agbelese bezalako jokalari ikusgarriekin ere, jendetza haien herenik erakarri ezinik dabil. Donostia eta ingurumarietako zale potentzialen artean, duela hamarkada bat zuen erakargarritasun ia guztia galdu du Gipuzkoa Basket ikustera igotzearen planak. Eta atzerabuelta oso zaila duen prozesua da, besteak beste, ACB siglek ere ez dutelako inola ere duela urte batzuk transmititzen zuten zirrararik.

Hobea da, okerragoa dirudi. 2012an bosgarren postua eskuratu, sosa faltagatik Europan aritzeari uko egin, eta hondorik gabeko gainbeheran jausi zen GBC. Illunbe apurka betetzen hasi, edo epe ertainera desagertzera kondenaturik legoke kluba, ia inori axola ez zaion taldeak etorkizun beltza duelako. Zuzendaritzari, halere, ezer gutxi geratzen zaio probatzeko. Miguel Santosen amets zaharra, «zazpi mila lagunentzat Gaska kiroldegi bat», ez da datorren hamarkadan behintzat beteko. ACBn segituko badu, Illunbek beharko du GBCren etxea, bere hoztasun eta bere akustika ezatseginarekin. Ikusle zahar eta berriak Fisacen taldea babestera animatuko ote diren asmatzea ezinezkoa da. 2008ko GBC hura LEBen zebilen, Illunbera iristea odisea bat zen eta partidak ostiral gauez izanda, saskibaloi zale mordoa entrenamenduetan zebilelako joan gabe geratzen zen. Hala eta guztiz, azaltzea oso zaila den irudipen batengatik, jendeari orain baino askoz plan desiragarriagoa iruditzen zitzaion Gipuzkoa Basket ikustea.

Asmatzen hastea komeni. GBCren inboluzioari so egin, eta Bilbo Basketen azkenaldiko bilakaerarekin bertigo apur bat sentituko du akaso zale bilbotarren batek. ACBko finala eta Euroligako final-laurdenak jokatu zituen talde irreal hartako sinboloa, Alex Mumbru, erretiroa hartzera doa. Miribilla efektua-ren aztarnarik ez da ageri aspaldian taldearen kroniken izenburuetan. Garai bateko aurrekontuaren laurden batekin, zalea piztuko duten jokalari gazte multzoa osatu nahi ari da azkenaldian Raul Lopezek koordinatutako kirol zuzendaritza. Saiakera ustela suertatzen ari da. Azken hiru urteetan iritsitako asko bizkor joan dira etorritako bide beretik, eta joan den udako plangintzarekin ere huts egin den susmoa gero eta zabalduagoa dago Miribillan. Denboraldi aurrean gertakari bitxia gertatu zen Bilbo Basketen: Jameel McKay pibotari kontratua eten behar izan zitzaion, entrenatzen hasi zenean Australiako ligako bideoetan zirudiena baino askoz gizaseme mengelagoa zela baieztatu ondoren. Bigarren baja ACB ligan eta Eurokopan aritzeko mailarik antzematen ez zitzaion Tim Kemptonena izan da, eta badira antzeko ekarpen eskasa duten beste hiruzpalau fitxaketa. Laster Mumbru —eta noizbait Alex Hervelle— gabe ariko den Bilbo Basket amu apur bat duten izenen beharrean da. Miribilla (bilbotarrentzat zorionez) ez da Illunbe, eta pabiloira aise iritsi ahal da metroan hiri osotik. Baina gizataldeak mugitzen dituen korronte misteriotsuak aldatu, eta beltzezkoak ikustera joateak aisialdirako plan erakargarria izateari uzten badio, kontuz.

Publizitatea

Sortu kontua

Publizitatea

Gaiarekin zerikusia duten albisteak