SASKI DA!

Zer gertatzen ari zen ulertu gabe

Danel Agirre -

2019ko otsailak 12
Hirukoteak eta hirukoak. Madrilgo Colon plazara irteten da Goya kalea. Karrikan behera Auzitegi Nazionala dago, eta espaloirik aldatu gabe ez dira beste hamar minutu behar oinez WiZink Center-era iristeko. Ostegunetik Espainiako Kopa jokatuko dute eraikinean, eta pentsatzekoa da Felipek VI.ak berak emango diola garaikurra irabazlearen kapitainari. Aste polita irten du, finala aspaldiko partez kalejira batekin amai dadin, Salamanca auzoaren bihotzean.

Erregresioa, hemen ere. Baskoniak Goya kaleko pabiloian eskuratu zuen bere azken Kopa, 2009an. Unicajaren aurkako Pete Mickealen azken txanpa miragarri hari esker izan zen, Dusko Ivanovicen gidaritzapean. Hiru urte lehenago ere Madrilen erdietsi zuen azken-aurrekoa, igandean Valentzia mendean hartuta. Hartan, Velimir Perasovic hasi berria zegoen aulkian eserita. ACB zeharo polarizatu da ordutik, eta Real Madril eta Bartzelonaren bizefaliak kolorgetu egin du Kopa. Azken bederatziak bien artean banatu dituzte; aurreko hamalau urteetan, berriz, Baskoniaz gain Unicaja, Joventut, Valentzia, Estudiantes eta Manresa ageri dira berriz palmaresean. Futbolak anabolizatutako bi munstroek asteburuko festa zapuztearen arriskua benetakoa da beste behin, baina Baskoniak azken hamarkadakoak baino aukera errealistagoxeak ditu. Tituluak nola irabazten ziren ahaztu zaio, egia da, baina aulkian eseria du amnesia horren aurkako botikaririk onena.

Perasekin beti prest. Saskibaloian hain estimatuak diren asteburuko lehiaketen ekosistema bereziak ilusioz beterik iristen den talderen bat nahastea ohikoa da. Intentsitatea ezinbestekoa dute jokalariek, baina hitz horrek ezkutatuta darama tentsioa, pare bat ataka zoritxarrekoren ondoren histerismo bilakatzen dena. Patxadarik gabe ez dago Kopa bat edo Lauko Final bat irabazterik, baina ez da komeni ere tenplea pasibotasun koldarrarekin nahasterik. Split jaioterrian entrenatzaile ibilbidea hasi zuenetik, E eguneko O orduak egoki prestatu izan ditu Velimir Perasovicek. Adibide freskoena Euroligaren Berlingo Lauko Finalekoa dugu: Baskoniako jokalariek ausardiaz eta adimenez egin zioten aurre finalaurrekoan Fenerbahceri, eta zoritxarreko xehetasunengatik galdu zuten faboritoaren aurka luzapenean.

Aurkarien plan zehatza. Final-laurdenak ostiralean jokatutako batek irabazi ditu azken hogei Kopetatik hamaika; beste bederatzitan, ostegunean ekin zion lanari txapeldunak. Historikoki, beraz, hiru partida hiru egunetan konprimatu beharrak ez du finalistetako baten jarduna baldintzatu izan. Perasovic bere lantaldearen moztasunak estutu behar luke gehiago: bederatzi piezako errotazioarekin egingo beharko dio hain asteburu akigarriari. Azken hiru hilabeteetan behin eta berriz egiaztatu ahal izan duenez, aurkari gogorrenek plan berbera errepikatu ohi dute Baskonia mendean hartzeko. Defendatzaile atletikoak eta bi baten aurkako oldarkorrak baliatuta, Vildoza, Huertas eta Janning akitu, eta gasteiztarren kantxa erdiko erasoa zeharo kamusten dute. Igandean sufritu zituen azkenekoz Baskoniak estrategia horren enbarazuak. Egungo Real Madril azken urteetako autoritarismotik nahiko urrun dela ere nabaritu ahal izan zuen, behintzat. Bartzelonak dirudi aurten hautagairik orekatuena Kopan.

Fede eskaseko tipoa. Igande arratsa: 25. minutuan Kanaria Handia 18 punturen aldearen jabe zelarik, Gipuzkoa Basketengan itxaropena galdu, zapping egiteari laga eta Madrilgo partidan ipini zuen arreta Saski Da!-k. Las Palmas existitzen dela ere ahazturik zuenean, Whatsapp mezua: «80-81 GBC». Baskonia ahaztu, eta Sekulic azken hirukoa jauzi batekin ospatzen amaitu zuen kazetariak, zer gertatzen ari zen oso ongi ulertu gabe. Hunkitu samar, gainera, Fede Van Lacke garaipenarekin kasik malko batean lehertzear antzeman zuelako. Lorpen bat aitortu beharra dago Gipuzkoa Basketi: ACBko talde txarrena izan eta jipoi mingarriak jasotzea egokitu bazaio ere, jarrera aproposarekin lehiatu da beti.