Danel Agirre.
SASKI DA!

Zonakako zaintza, ez zaituzte maite

2018ko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Azalpen gehiegi. Sito Alonsok hilabeteak daramatza bere onetik aterata [atzo eten zion kontratua Bartzelonak]. Azken 35 urteetako Bartzelona kaskarrena da berea (ACB eta Euroliga artean 19 irabazi ditu, eta 21 galdu), eta entrenatzaileak bereziki ernegatu ohi dituen gaitz batek jota dago, gainera. Bere taldeak ez du erraz igartzeko moduko planik, ez eta haizea kontra dabilenean helduleku moduan balia dezakeen bosteko fidagarririk ere. Jokalariek partida hasi baino bost minutu lehenago elkar ezagutu duten itxura dute. Aulkitik kaskar landutako multzoa dirudi, alegia. Eta kantxan topatzen ez dituen erantzun guztiak prentsa aretoan eskaini nahian ari da Alonso. Panathinaikosen —Xavi Pascualek entrenatzen du— aurka duela aste pare bat galdu, eta Gist eta Vougioukas greziarren pibotak zigortuz, lehia irabazteko prestatu zuen estrategia xehatu zuen. Ongi irten ez bazen, errua jokalariek eta halabeharrak partekatu zutela iradokiz, bidenabar. Ez dago Euroligan bere erabaki taktikoei buruz horrenbeste zehaztasun ezagutzera ematen duen beste entrenatzailerik. Informazioa eskertzekoa da, Alonsoren gardentasun horren arrazoia astindua jasotako bere egoa sendatzeko saiakera etsiak badira ere. Igandean zuriketa ahaleginak koska berri batera igo zituen, bere burua salbatzeko Georgios Bartzokas bere aurrekoa zipriztinduta. «Gertatu denak beste aro bat gogorarazi dit, ez nirea», bota zuen, bere aroa deskalabru konpletoa ez balitz bezala.

Sito, gera zaitez. FIBAk aurten aldatu duen urratsen araua ulertzeko, duela bi sasoi Euroligako final-laurdenetarako sailkatzeko Davis Bertansek Real Madrili azken segundoan sartutako hiruko ezinezkoa adibide bikaina da. Hartan, epaileek baliogabetu beharreko jaurtiketa zen (ontzat eman zuten). Egun, guztiz legezkoa. Saski Da!-k gogoan izan zuen herenegun jokaldi hura, Buesa Arenaren azken-aurreko estasi kolektiboa izan zelako. Azkena, Bartzelonaren aurkako igandekoa, gehiago gozatu zen, ia bi ordu iraun zuelako. Gasteizen miresle bat bera ez du laga Siton Alonsok: bere taldea gaizki lehiatu zelako ez (joko eta emaitza duin askoak lortu zituen), harmailak lehendik zion ezinikusia bere prentsaurreko harroxkoekin areagotu zelako baizik. Igandean guztia pertsonalki hartu ohi duen harmailaren umiliazio ez hain elegantea pairatzea tokatu zitzaion.

Ez dira entrenatu ere egin. Igandean, Alba Berlin ia 20 punturen aldeaz galtzen ari zela eta, azken laurdena abiatzearekin 2-3 zonakako defentsa sinple askoa agindu zuen Ilias Kantzouris Bambergeko entrenatzaileak. Bere jokalari batzuk nola kokatu ere ez zekitela nabaria zen, baina berlindarren ordu arteko baloi mugimendu aparta zeharo trabatu zuen ekimenak, lehia ia berdintzeraino. Irabazita ere, Aito Garcia Reneses Albaren entrenatzaile zailduak 2-3 horrek bere taldea asaldatu zuela onartu zuen, eta aitorpen bitxia gaineratu. Zonakako zaintzak eta haren aurkako erasoak entseatu gabe dituztela adierazi zuen. Eliteko saskibaloian defentsa mota hori ia desagertu dagoenez, eta lantalde batek barneratu ditzakeen sistemek muga bat dutenez, ikasgaia ukitu ere ez egitea izan omen zen Renesesen erabakia, eta suertatuz gero, banakako zaintzaren aurkako baliabideekin zonakakoari aurre egitea. Pasatako estutasunak medio, alboratutako edukiak lan saioetan txertatzea tokatuko dela onartu zuen.

Merezi gabeko ospe txarra. Ikusleak hilabeteak eman ditzake egun saskibaloia telebistaz ikusten, zonakako defentsa batekin topo egin gabe. Bosteko modernoek gutxienez urruneko jaurtiketan trebeak diren hiru pieza izaten dituztenez, apurtzeko samurrak direnaren ospea ezarri zaie. Bidegabeko fama da, larrialdietarako baliabide aproposa direlako oraindik ere. Areago, jokalari garaikidearen morfologia aintzat hartuta: garaia, arina eta beso luzea, zuloak ixteko aproposa. Etsigarria da jipoia jasotzen ari, eta bostekoak etengabe aldatzea baino beste erantzunik azaltzen ez duten entrenatzaileen seta, liburuxka taktiko zurrunetik irteteko adorerik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.