Gaurko Carmen

Bizeten operaren bertsio eguneratua emango du Opus Liricak Donostian, bihar eta igandean

Carmen operako zenbait parte hartzaile, Donostiako Kursaaleko areto nagusian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue Irureta.
Donostia
2017ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Georges Bizeten Carmen opera emango du asteburuan Opus Liricak, Donostiako Kursaalen. «Tokiko eta nazioarteko ikuspegia, historikoa eta gaur egungoa» eman nahi izan diote obrari, egileek azaldu dutenez. Bi emanaldi izango dira, ostiralean eta igandean, eta, bietarako guztira, 400 sarrera inguru gelditzen dira.

Ekaitz Gonzalez aritu da zuzendari lanetan. Opus Liricako taldekidea izateaz gain, Dantzertiko zuzendaria ere bada; taldekide batek opera bat zuzentzen duen lehen aldia da, nabarmendu dutenez. Obraren interpretazio eguneratuarekin «apustu indartsua» egin dute, Gonzalezen ustez: «Zer edo zer berria eman diogula uste dugu. Sortu zutenetik 150 urte pasatu badira ere, Carmen-ek oraindik oso egungoak diren gaiak jorratzen ditu, gure gizartean oso garrantzitsuak direnak».

Taldekideen arabera, jatorrizko obraren izpirituari eutsiko diote, egungo garaietara hurbilduko duen zenbait elementu gehituta. «Bizeten obra berriro interpretantzen saiatu gara, emakumearen izpiritu librea eta askea errespetatuz; alegia, lanaren balio ideologikoak XXI. mende hasierara pasatu ditugu, haren estetika modernizatu gabe, baina XIX. mendekoa guztiz gorde gabe».

Opus Liricak «dramatikotasuna» indartu nahi izan du bere bertsioan, musika konposiziora hurbilduz. «Lehendik zeuzkan elementu batzuk indartu ditugu: esaterako, zibilen eta soldaduen arteko tentsioa, edo zigarrogile eta bohemioen artekoa». Erreferente batzuk eraldatu egin dituzte, On Joserena, kasurako: «Aldaketa horiek guztiek egungo ikuspuntutik opera hobeki ulertzen lagunduko dute».

Ekoizpena, bertakoa

Ia berrehun laguneko taldea dago Carmen operaren atzean, eta gehienak bertakoak dira. «Gipuzkoan egindakoaren aldeko apustuarekin jarraitzen dugu: lehen mailako ekoizpenak egiteko profesional handiak ditugu», azaldu du Ainhoa Garmendia Opus Liricako zuzendariak. Eszenografiako elementuak ere Hernanin (Gipuzkoa) eraiki dituzte.

Operako rolik garrantzitsuena, Carmen protagonistarena, Maria Jose Montielek antzeztuko du. «Aktualitate lirikoko artistarik preziatuenetakoa da; nazioartean Carmen gisa ezagunenetakoa dugu», azpimarratu du Garmendiak. Mezzosopranoak berak azaldu duenez, batere pentsatu gabe onartu zuen Opus Liricaren operan parte hartzeko eskaera. «Operan gehien egin dudan rola da, 120 aldiz baino gehiago. Carmeni nire esentzia ematen diot, naizen guztia, eta berak ere indar handia ematen dit», azaldu du.

Montiel eta Garmendiarekin batera, Eduardo Sandoval, Enrico Marrucci, Jose Antonio Garcia, Helena Orkoien, Marife Nogales, Gillen Mungia, Jagoba Fadrique, Iosu Ieregi eta Juanjo Herrero arituko dira pertsonaia nagusien roletan. Horrez gain, Tempus Ensemble abesbatzak, Opus Lirica orkestrak, Easo abesbatzako haurrek eta Donostiako udal musika eta dantza eskoletako kideek ere parte hartuko dute.

Opus Liricak opera indartu nahi du Gipuzkoan; hala azpimarratu dute aktore eta zuzendariek prentsa aurrean. «Ahalegin guztiak beharrezkoak dira aurrera egin ahal izateko; Opus Liricak indartsu egin dezala bidea», adierazi du Montielek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.