KRITIKA. Antzerkia

Zahar eta harroputza

Jose Sacristan eta Javier Godino aktoreak, antzezlanaren une batean. ANTONIO CASTRO.
Agus Perez.
2018ko otsailaren 22a
00:00
Entzun

'Muñeca de porcelana'

Egilea: David Mamet. Bertsioa: Bernabe Rico. Zuzendaritza:Juan Carlos Rubio. Eszenografia: Curt Allen Wilmer. Antzezleak:Jose Sacristan, Javier Godino. Lekua: Eibarko Coliseo antzokia. Eguna: Otsailak 20.

Zaharra eta harroputza da Mick Ross. Bere bulegotik mundua zuzentzen duen haietariko bat da, eta Carson idazkaria albo-alboan dauka, txakurtxo bat bezain fidel, ugazabaren nagusikeriak estoizismoz jasaten eta haren botere-estrategietan beti laguntzeko prest.

Dirudienez, David Mamet antzerkigile estatubatuarrak (Chicago, 1947) Al Pacinorentzat idatzi zuen China Doll filmeko gidoia (2015), baina oso kritika txarrak jaso zituen, seguru asko konbentzionalegia eta aktorearen neurrira egina izateagatik. Ostera, gauzak zer diren, antzeztokian jarrita, zinemaren artifizio guztiak paretik kenduta eta benetako antzerkiaren parametroetara ekarrita, hara non lan bikaina atera den. Hara non behingoagatik antzerkiak bere oinarrizko bertuteekin —testu dramatiko landua eta aktoreen kalitatea— tanto askoz irabazi dion partida zinemari.

Beste ezer baino lehen, esan beharra dago Mametek maisulan txiki bat eraiki zuela bi arketipo horiekin egindako testuan, eta haien arteko duelu eszenikoan ondo baino hobeto ikusten ditugula boteretsuen arteko tira-birak, prentsa manipulatua, politika manipulatua eta lege manipulatuak tarteko. Eta bestetik, handia da ikustea nola eratzen den hori dena Mick Ross pertsonaiaren presentzia ia erabatekoarekin, denbora guztia eszenatik irten barik ematen duelako.

Egia esan, bakarrizketa baten aurrean gaude, ia-ia, Jose Sacristanen ofizio sendoa eta ahots grabe ikaragarria protagonista eszenikoak direla. Baina Sacristanek soberan daki bere betebeharra pertsonaia gorpuztea dela —munduko hogei aktore onenen artean ei dago— eta atzean daukan hirurogei urteko eskarmentuak erabateko sinesgarritasuna eman dio. Bestalde, Carsonen pertsonaia funtsezkoa da zahar harroputzari kontrastea eman eta egoerak aurrera eramaterakoan, eta alde horretatik bikain aritu da Javier Godino sistemarentzat ezinbestekoa den otsein anbiziotsuaren rolean. Bien artean, nik uste, kapitalismoaren muin psikologikoraino ailegatu dira.

Bitxia bada ere, eremu eszeniko soilaren diseinua —ia eskematikoa izan da— ez da soilik bideratu garapen eszenikoa posible egitera. Izan ere, Curt Allen Wilmer ez da edonor eszenografiaren alorrean, eta beldurrik gabe esan dezakegu Rossen bulego nagusiko armairuetako objektuek ezin hobeto islatu dutela pertsonaiaren psikologia. Beraz, obra bikain batekin hasi dira Eibarko Antzerki Jardunaldiak, eta horren adibide da hasierako asmoa zela lan hau egun bakar batez ematea, baina bigarrenez eman behar izan dute eta bietan bete da leporaino antzokia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.