KRITIKA. Opera

Salome konplexuagoa

2018ko otsailaren 22a
00:00
Entzun

'Salome'

Egilea: Richard Strauss. Abeslariak: Jennifer Holloway, Daniel Brenna, Egils Silins, Ildiko Komlosi, Mikel Atxalandabaso. Orkestra: Bilboko Orkestra Sinfonikoa. Musika zuzendaria: Erik Nielsen. Eszena zuzendaria: Francisco Negrin. Lekua: Euskalduna jauregia, Bilbo. Eguna: Otsailaren 20a.

Onerako iritsi da Richard Straussen Salome-k Bilboko zale kontserbadoreengana, batez ere musikagintzaren eta kantagintzaren arloetan. Aldiz, eztabaidagarriagoa da, gure ustez, eszenak eskaini digun ikuspuntua. Izan ere, Oscar Wilderen izen bereko lanean hitzez hitz oinarritu zen konpositorea poema sinfonikoa asmatzeko, eta espresionismoaren ildotik jo zuen, doinuak eta opera konbentzionala ahaztuz, eta testuari sprechgesang edo hizketaren eta kantuaren arteko deklamatzeko modu bat gaineratuz. Wilderen testuan, Joan Deunaren errefusa jaso ondoren, Salome-ren mendekua agertzen da.

Horretan, une oro, rol handia beteko du orkestra erraldoiak. Kasu honetan, Bilboko Orkestra Sinfonikoak —batzuetan ganbera orkestra moduan eta, beste batzuetan, orkestra osoak—, eder islatu zituen arima oinaztatuaren gorabeherak, Itun Berriko igarlearen predikuak nahiz Herodes krudelaren zalantzak. Hori guzti hori, ondo kateatuz amaigabeko leitmotivak eta harmonia amalgamatuen saltsa: klasikoa, atonala, bitonala, soinu gogor batzuetan kakofonikoa... Musikarien aurrean, Erik Nielsen zuzendariak bikain kontzertatu zituen abeslariak eta orkestra, eta arrakastaren zutabe bat izan zen.

Abeslarien artean, Jennifer Holloway mezzoak lan luze eta bikaina osatu zuen, publikoaren gustukoa. Haren ahotsa bolumen eta luzapen handikoa da, beheranzko vibratoarekin, eta Salomeren rola sinesgarri egin zuen. Joan Deunaren rolean, berriz, Egils Silins baritonoak kantaldi ona egin zuen, ahots ederra eta ziurra adieraziz, baina indar pixka baten falta erakutsiz. Daniel Brenna tenorrak ere ekitaldi ona bete zuen Herodesen plantak eta kantuak haizeratuz, baina hari ere potentzia gehixeago eskatu ahal zekiokeen. Herodiasen rolean, Ildiko Komiosi mezzoak ahots zabala eta sinesgarria agertu zuen. Asko gustatu zaigu Mikel Atxalandabaso tenorra Salomerekin maiteminduta dagoenaren rolean; bolumen sendoko ahotsa eta antzezpen egokia erakutsi zituen.

Beste dozena bat taldekideen artean, juduen boskotearen lan zaila goraipatu behar da —obrak duen saio itxi bakarra—: Fado, Borrallo, Peral Casanova i Barbera eta Borthek osatu zuten.

Eszenagintzari dagokionez, Francisco Negrinek osagai berriak sartu ditu, eztabaidagarriak izan daitezkeenak. Izan ere, zuzendariak boterearen ustelkeriaren eta gezurraren salaketa gehitu nahi izan ditu, jatorrizko testuan nahiz musikan amodioaren eta gorrotoaren arteko mendekua bakarrik dagoenean.

Aldiz, gustatu zait eszenografiaren plataforma birakari minimalista, Joan Deunaren esfera-ziega eta argiztapena.

Maisulanek ezin dute galdu bere esanahia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.