Albistea entzun

Txori Kantagia. Iraganaren aztarna galduak

Urdiñarbe eta Idauze-Mendi artean kokatuta, arbasoen sineste zaharren aspaldiko misterioak gordetzen ditu
Tamaina handiagoan ikusi

ALLANDE SOKARROS -

2007ko otsailak 16

Urdiñarbe eta Idauze-Mendi artean kokatuta, arbasoen sineste zaharren aspaldiko misterioak gordetzen ditu
Allande sokarros

Urdiñarbe, Idauze eta Mendi herrien artean den arren, Txori Kantagiara joateko Altzürüküko lurretatik abiatu gara. Mendirekiko mugan bertan, errepide bazterrean den Altzürüküko Ama Birjinaren estatuatik Altzürükü alderat 250 metro haratago hasiko gara oinez ibiltzen. Somorro izena duen aldaparen beheko aldean, ipar-mendebalderat ote larre batean gora doan lurrezko bide bat hartuko dugu. Erdikoa hartu behar da, zeren eta, abiapuntu honetan bertan, hiru bide topatzen baitira. Ote eta iratze larre horiek antzina zuhaitzez beztituta zeudela ondo agertzen dute tarteka-marteka ikusiko ditugun haritz ederrek. Hasiera horretatik bertatik ikusmen ederrik gozatuko dugu, Arbailara -hego-mendebaldean, oso hurbil-, baita mendi goragoetara ere, Ahüine eta bere mendialdekoak barne.

Ordu erdi bat barne, ote larre eta iraztor bideak Altzürükü eta Garaibi arteko autoentzako bide txikira eramango gaitu. Horretara heltzean, eskuin alderat -iparralderat- joko dugu, baina, hirurehun bat metro egin ondoren, harriztatuta dagoen bidexka bat hartuko dugu, ipar-ekialderat, hots. Tinda horiz seinalatuta dagoen bidexka horrek ote larre, iraztor eta soraki artean, Kaskaborro bizkarrei buruz eramango gaitu. Bidegurutze batera iritsirik, aurrera jarraituko dugu, ezker eta eskuin dabiltzan horiek ere seinalatuta dauden bidexkei saihets eginda.

Berrehun bat metroren buruan, bide sarda batekin egingo dugu topo: ezker alderat bide harriztatuak Urdiñarberat daramala eta eskuineko xendatik ibilita, aldiz, Mendira helduko ginatekeelarik. Guk, ordea, pare-parean daukagun belardian gora egingo dugu, zurezko langa batetik bertara sartu eta gero. Eskuin aldera apurtxo bat jota gora egitean, ote hesi bat igarotzeko aukera izango dugu, eta hortik, berehala, haritzez eta hurritzez (hurrondo basa) inguratuta dagoen Txori Kantagiaren gain lautadara helduko gara (01:30).

LARRAZKENEAN, TXORIEN KANTARIK EZ. Mapan 326 metroko zeinu batekin soilik agertzen den leku liluragarri hori misterioz betetakoa da. Ordokiak 376,80 metro egiten du inguruz, eta gaur egun itzuli osoa egiten dioten zuhaitzek apur bat tapatzen badute ere, ondo ikusten da bista oso-oso zabala badela gain horretatik. Ezponda bakar baten zantzuak egonda, gure arbasoek gerizatzeko edo begiratzeko baliatzen zituzten gaztelu bat baino seguruago, sineste zaharrentzako topagune ziren eta lukuak izena zuten horietatik bat izango zen Txori Kantagia. Izen polit hori ez du merezi, ordea, larrazken aldera, urria eta azaroa bitarte horretan, txoriek ez baitute hor abesteko gogorik, tokia uso ehizalekuz josita dagoelarik...

Zuhaitz baten gainean eraikitako uso ehizaleku horietatik baten ezkerreko saihetsean aurkituko dugun pasaleku batetik irtengo gara, hain zuzen, Txori Kantagiatik. Ezponda iparraldetik igaro eta gero, beste ehizaleku baten alboan, hesia igarotzeko pasagune batetik -Zuberoan txakosteak deitzen ditugu- pentze zabal batera sartuko gara. Horren bazterrean, borda erori baten alboan, lehenik lurrezkoa den eta gero harriztatua bilakatzen den bidexka batean behera joango gara. Atharratze eta Maule arteko bizkar lerroa bistan-bistan dugula, bide harriztatu horrek bide txiki batera lagunduko gaitu, Idauzeko Teilleria landetxetik hurbilera. Etxe horretara joan gabe, eskuin alderat -hego-mendebalderat- joko dugu, bide txiki horrek Arbeko bordaldera eramango gaituen arte (02:15).

Hemen, horiz seinalatuta dagoen xendatik aurrera jarrai dezakegu, Txori Kantagiara joatean pasatu genuen bide gurutzetara iristeko, eta bertan Kaskaboro mazelara buruz ezker hartuz. Beste aukera da, Arbeko bordaldean, ezkerreko bordaren inguruko pentzetik igarota, soro bazterrean topatuko dugun hesia igarotzea eta behealdean ageri den Bordaxuriara eraistea. Antzina etxezainak zeuzkan borda horretara daraman lurrezko bidea hartuz, Mendi herriaren gibelaldetik igarotzen den bide txiki batera iritsiko gara. Horraraino heltzean, eskuin alderat -mendebalderat, hots- hartuko dugu; eta bostehun bat metroren buruan, ezkerreko aldean ageri den xendari eutsiko diogu, erabat hegoalderat jota. Horraino iritsiko ginateke, hain zuzen, aurretik aipatu beste ibilbide aukera helduta.

Xenda horrek, Altzürükü eta Mendi arteko mugan den Püxülüa baserrira eramanen gaitu -mapan Larramendi emana da, baina hori bertakoen sinadura izena da-, eta etxeraino apur bat heldu baino lehen iraztor maldan gora abiatzen den lurbidea hartuko dugu. Hegia iragan eta gero, xenda horrek behera egiten du, eta gure abiapuntura laguntzen gaitu; hiru ordu inguru irauten duen ibilaldi gustagarri batekin amaituta.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Olatu sinkronizatua

Berria

Bi urte barru Europako kultur hiribirua izateko bidean, bosgarren Olatu Talka lehertu da asteburu honetan Donostian, 250etik gora proposamen sinkronizatu eskainita parte hartu nahi duen orori. Sormena, kirola Śargazkian, Easo igeriketa taldeko kideen atzoko erakustaldiaŚ, aldarrikapena eta elkartasuna nahastu dira egitarauan. Donostiatik kanpo ere zabaldu da aurten eskaintza, gainera.

Alarmak piztuta

Berria

Nafarroan, berezko arraza batzuk galzorian

60 urteko gaztea

Berria

Fender Stratocaster gitarra elektrikoa, 1954tik doinuka

Hemen da Olentzero

Berria

Gaur kalez kale eta etxez etxe ibiliko da, haurren begiradapean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.