Errusiako Munduko Kopa. ESFERAREN ERTZAK

Arrazoi astunak

Amaia Agirre -

2018ko ekainak 13
Esfera» zirkulu bat bere ardatzaren inguruan biratzen denean sortzen den gorputz geometrikoa omen da, besteak beste. Alde guztietatik begiratuta erabat biribila den gorputza.

Gorputzak eta gorpuzten dena, ordea, beti ez datoz bat. Errusiako Munduko Kopan parte hartuko duten jokalarien gorputzen inguruan hasi dira esamesak gorpuzten. Estadistikak: estadioko tikak. Ehun kilogramotik gorako jokalaririk ez, baina «gizentxo» omen dauden batzuk bai. Esferaren modura nonahitik begiratuta erabat biribilak diren gorputzak. Gizontxo batzuk esana, ziurrenik.

Panamako kapitain den Román Torresek elastikoa jasota erantzun zien kazetari gosetien erasoari; gerri gain guri eta irribarre zuri, zenbaiten irudi. Eta ni Zabivaka maskotarekin oroitu nintzen. Kazetariek ere, otsoen moduan, mutur luzea izaten dutelako askotan, eta harrapakinari lepora salto egiteko joera nagusitzen zaielako titular erakargarri baten ehizan.

Badira, hala ere, titular gordinagoa merezi duten auziak. Baloia. Esfera preziatua. Esfera preziotua esango nuke nik. Lurra eguzkiaren inguruan mugitzetik baloia ardatz duen errotazioan ariko da. Hastera doa Errusiazioa. Geroz eta gehiago puztuko eta haizatuko den globoa aireratzear da, globalizazioaren izenean.

Baina haizeak ez du gizentzen. Eta hautsak ez ditu haizeak harrotu. Haizea ez da aurrekontua puztu duena. Hitz egin dezagun gai pisutsuagoez eta ez pisuaren gaiaz. Zenbat kilo dira 10.800 milioi euro? Historiako aurrekonturik handiena omen da. Futboleko izarrentzat orbita barruko muga gainditu duten zenbakiak dabiltza. Baskula ahaztu eta jar dezagun dena balantzan, eta krak!

2007an jarri omen zuen San Petersburgoko udalak munduko garestiena den estadioko lehen harria, Kise Kurokawa arkitekto japoniarrak diseinatutakoa hain zuzen. Arkitektoa, ordea, urte berean hil eta hamarkada batez luzatu dira eraikuntza lanak, duintasunik gabeko esklabotza oinarri. Izen handirik ez duten langileek eraiki dute, bai, izenik merezi ez duen baldintzetan. Eskola, ospitale eta haurtzaindegi berrietara bideratzeko aurreikusia zegoen diru oro estadio horretan xahutu da, ustelkeria kasuak barne. Pentsa zenbateko pisua duten oraindik hutsik dauden harmailek!

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna