Sagarna da Euskaltzaindiko hiztegigintza arloko burua

Ibon Sarasolak kontratua ez berritzean, hiztegigintza arloko zuzendaritza berritu du Euskaltzaindiak

Andoni Sagarna euskaltzaina, artxiboko irudi batean. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
2014ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Andoni Sagarna (Donostia, 1947) euskaltzainak zuzenduko du aurten Euskaltzaindiaren Hiztegia, Adierak eta Adibideak egitasmoa. Hala berretsi zuen Euskaltzaindiko osoko bilkurak, urtarrilaren 31n eginiko batzarrean. Egitasmo horretan Ibon Sarasolak utzitako hutsunea beteko du.

Abenduaren 4an iragarri zuen Sarasolak ez zuela 2014an zuzendaritza kontratua berrituko, aste berean Gramatika Batzordeko kideek dimisioa aurkeztu eta gero. «Azken bolada honetan Euskaltzaindian ikusten dudan giroa ez da nire gogokoa. Ez naiz eroso sentitzen», esan zion orduan Sarasolak BERRIAri. Ildo batek Euskaltzaindia «euskaltzaleen elkarte» bihurtu nahi zuela salatu zuen. Eta egun batzuk geroago, zuzendaritzaren aurka gogor mintzatu zen ETBn: «Konponbiderik ez dut ikusten, Andres Urrutiak kargua uzten ez badu». Zuzendaritzak gutun bat bidali zion Sarasolari, auziaz galdezka. Eta Sarasolak idatziz azaldu zuen kontratua ez berritzeko erabakia.

Baionan abenduaren 20an egindako osoko bilkuran, aldiz, krisialdia «elkarrizketaren bidetik» amaitzen saiatuko zela iragarri zuen Euskaltzaindiaren zuzendaritzak. Gramatika Batzordeko kideekin batera erabaki zuen elkarrizketa prozesua abiatzea.

Lexikoaren behatokian gidari

Industria ingeniaria eta letretan doktorea da Andoni Sagarna. 1988. urtean Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan aurkeztu zuen tesia; Jose Manuel Blecua izan zuen zuzendari, egun Espainiako Errege Akademiako zuzendaria dena. Nafarroako Unibertsitatean irakasle lanetan aritua da. 2006ko abenduan izendatu zuten euskaltzain oso. Euskaltzaindiko Iker saileko burua izan da, iaz arte. Lexikografiaren eremuan makina bat lan egin ditu Sagarnak. Adibidez, 2012an argitaratutako Euskaltzaindiaren Hiztegia lana osatu zuen Batzorde Ahaldunduko burua izan zen. Euskaltzaindiaren Lexikoaren Behatokia egitasmoaren zuzendaria da. Euskararen Akademiaren Gipuzkoako ordezkaria ere bada.

Urkia eta Aduriz, laguntzaile

Euskaltzaindiaren Hiztegia, Adierak eta Adibideak egitasmoan Miriam Urkiaren laguntza izango du Sagarnak. Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko lantaldearen burua da Urkia, iazko martxotik; lantaldeko kidea 1992. urtetik da. Urkia euskal filologian doktorea da. Haren tesia Euskal morfologiaren tratamendu informatikorantz izan zen. UZEI terminologia eta lexikografia zentroko Lexikografia burua ere bada.

Jose Antonio Aduriz euskaltzain urgazleak, berriz, aholkulari jardungo du Sagarnak gidatuko duen egitasmoan. Aduriz teologia-filosofian eta euskal filologian lizentziaduna da. UZEIko teknikaria izandakoa da, eta Euskaltzaindiaren Hiztegi Batuko lantaldeko kidea da, 1995etik. Ordutik iazko martxora arte, batzorde horretako arduraduna izan zen Aduriz. Euskaltzaindiko Lexiko Irizpideen eta Finkapena batzordeko kide eta idazkari ere izan da.

Haiekin batera, orain arteko Hiztegi Batuko lantaldearen teknikariek jarraituko dute: Elizabet Kruzeta, Ainhoa Otamendi, Ane Loidi eta Gabriel Fraile.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.