Bertsoa eta kuadrillak ardatz

Gaur hasiko dira San Inazio jaiak Algortan. Hankazgora taldeak egingo du pregoia, iaz kuadrillen arteko txapelketa irabazi zuen taldeak. Jaien hasieran ikurrina omenduko dute

2014ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Gaur hasi, eta igandera arte iraungo dute Algortako jaiek (Bizkaia). Hankazgora taldeak irakurriko du pregoia, iazko kuadrilla arteko txapelketaren irabazleak. Txupinazoa, berriz, Itxas Argia taldeak botako du, eta jaien hasiera betetzeko asmoz, ikurrinari omenaldia egingo diote.

Aurten ere, kuadrillen arteko lehiaketa egingo dute saninazioetan. Txapelketak herriko lagun taldeak elkarren arteko lehian jarriko ditu lau egunez. Horrez gain, beste hainbat ekitaldi izango dira. Musikazaleek Kashbad, The Real McKenzies eta Las Tea Party taldeez gozatzeko aukera izango dute, besteak beste. Kirolzaleentzat ere egitarau oparoa osatu dute: herri kirolak, Bizkaiko Lasto-altxatze Txapelketa, areto-futbol txapelketa... Denetariko aukera izango dute.

Hori guztia nahikoa ez, eta tripa ondo betetzeko parada ere egongo da saninazioetan antolatu dituzten tortilla txapelketan nahiz pintxo eta Esnetik produktuen dastatzearekin.

Bertso maratoia

Jaietan egunero izango dituzte bertso saioak. Alor horretan, San Inazio eguna berezia izango da. Eguerditik hasita, goizaldera arte bertsoez gozatzeko aukera egongo da. «Algortako jaietan egunero izaten ditugu bertso saioak. Eta bihar, jaietako egun handian, bertso maratoia egiten dugu: 13:00etan hasten da, bertso saio batekin, eta goizaldera arte irauten, tartean hainbat bertso saio izaten dela», azaldu du Uriz Morenok, Algortako Bertso Eskolako langileak.

Bertsozale eta herritar ugari batzen ditu ekitaldi horrek, Morenok azaldu duenaren arabera. «Jende asko batzen du bertsoak Algortan; saioetara, normalean, 200 eta 300 pertsona artean batzen dira. Kopuru polita, gure ustez. Ekitaldi luzea izanda, jendea galdu eta batu egiten da, baina arrakasta handia izaten du urtero».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.