Horrelakoxea

2017ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Miren Uriarte Garcia (Bastida, 1954), herriko ikastolaren sortzaileen artean da. Aita bizkaitarraren euskaltasunetik jaso zuen euskararekiko atxikimendua. «Aita euskalduna genuen, halakoxeak ziren haren erroak ere Arratian. Txikitan, euskaraz hitz egitearren zaplaztekoak jasotakoa izan zen. Gero, Francoren tropak Zeanurira sartu zirenean, baserrian zeukaten jatekoa kendu zieten. Bertatik bertara harrapatu zuen Espainiako gerrak, gudari ibili zen, preso hartu zuten, kartzelan eduki, eta gero txofer erabili kargu handiko militarren baten aginduetara. Ibilera herrenak gure aitarenak ere, harik eta kaleko lanera itzuli zen arte, kamioilari lehenengo Guardian eta, azken aldera, taxilari Bastidan». Alabaren esanak horiek, non edo non gordeak dira Miren Uriarteren aitaren memoriak…

Aitaren euskaltasunetik, alabarenera, Bastidan ikastola abiaraztea egokitu zitzaion Mireni, eta ikastolaren bidez, etxean jaso ez zuen hizkuntza bere alabei eman ahal izan zien. Deus ere ez izatetik izatera igaro zen ikastola Bastidan, eta bertan eskolatu zituen Mirenek bere hiru seme-alabak, euskararen jabe baitira hirurak ere oraingo egunean. 1979ko iraila. Zazpi ume. Andereño bat. Gela bat. Asmoa gauzatu zuten, oraingo ikastola berriaren zimentarriak jarriz.

Ama bat, Miren, beste zenbait lagunekin batera ikastolagintzan. Eta, bitartean, bizi: oinarrizko ikasketak herrian egina, Haroko kolegioan eta Gasteizen ikasi zuen, eta etxeko dendan lanean zen hemeretzi urtetan. Eta ez da oraino gelditu, bateko janari-dendan, besteko fabrikan, etxean eta kanpoan jardun du. Eta ikastola abiarazten eta lagunentzako ikastaroak antolatzen eta musika-bandaren aldeko lanean eta honetan eta hartan akaburik ez duten zereginetan. «Ni horrelakoxea naiz!», ez kexarik, ez arrangurarik, irribarrea eta alegrantzia besterik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.