ELA SINDIKATUAREN BURUZAGI HISTORIKOAK

Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusi ohia; 1997. urtea. MARISOL RAMIREZ.
2019ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
1911. Euskal Langileen Alkartasuna-Solidaridad de Obreros Vascos sindikatua sortu zuten, Bilbon, 178 langilek. EAJri oso lotua zegoen sindikatua; bere burua antisozialistatzat zeukan, eta estrategia moderatua zuen: ez grebarik, ez borrokarik. 1919an hasi zen EAJtik banantzen, jarrera borrokalariagoa izaten. Luis Jauregibeitia izan zen lehen buruzagia (1911-1929).

1929. Lehen batzarrean, Eibarren, Juan Jose Basterra izendatu zuten presidente. Ordurako, UGTk adina kide zituen.

1933. Manuel Robles Arangizek hartu zuen sindikatuaren lema, Gasteizko II. Kongresuan. Sindikatuak Solidaridad de Trabajadores Vascos izena hartu zuen, STV. Jada 40.000 kide zituen, eta Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan zegoen hedatua, baina Bizkaian eta Gipuzkoan batez ere. 36ko gerraren ostean, Robles Arangiz arduratu zen sindikatua erbestean gidatzeaz.

1976. Franco diktadorea hil ondoren, sindikatua publikoki agertu zen berriro, artean legezkoa ez zen arren. Euban (Zornotza) eta Eibarren egindako III. Batzarrean, Robles Arangizek jarraitu zuen presidente —1982an hil zen—, baina idazkari nagusi kargua sortu zuten, eta haren esku utzi zuten sindikatuaren gidaritza. Alfonso Etxeberria (Azpeitia, Gipuzkoa, 1941) izan zen lehen idazkari nagusia, bizkaitarra ez zen lehena. Sindikatuak alderdi politikoekiko autonomia aldarrikatu zuen; langile klase osora zabaltzeko nahia eta autofinantzaketa jarri zuen helburu gisa. 1978an sortu zuten erresistentzia kutxa, ELAko kideei grebetan babes ekonomikoa ematen dien tresna.

1988. Barne krisi batek Etxeberriaren aroa amaitu zuen. «Autoritaritarioa» izatea egotzi zioten ordura arteko idazkari nagusiari, eta ELAren indarra ahultzen ari zela. «ELA bere baitan itxita zegoen, gizartetik baztertuta, ekimenik eta erantzuteko gaitasunik gabe. Diseinu pertsonalistak arrasto kezkagarri batzuk zituen», argudiatu zuen orduan Etxeberriaren ordezkoak, Jose Elorrietak. Belaunaldi aldaketarekin batera, planteamendu politiko eta sindikalak ere aldatu ziren. EAJrekiko aldea are gehiago zabaldu zen, eta sindikatuak amaitutzat jo zuen autonomismoa. Lizarra-Garaziko Itunaren eragile nagusietako bat bilakatu zen ELA. Sindikalismoan, CCOOren eta UGTren bidaide izateari utzi zion, eta harremanak sendotu zituen beste sindikatu abertzale nagusiarekin (LAB).

2008. Adolfo Muñoz Txiki izendatu zuten idazkari nagusi, lehen lemazain arabarra ELAn. Elorrietaren lekukoa hartu, eta haren agintaldian ezarritako ildoan sakontzeari ekin zion hasieratik, alderdienganako autonomia handituz eta konfrontazio eredu garbi batekin. Atzeraldi Handia esan dioten krisialdian egokitu zitzaion Muñozi ELA gidatzea, langabe kopurua izugarrizkoa zela, afiliatuak galtzeko arrisku bizian eta enpresak itxi eta itxi egiten ari zirela. Muñozek, ordea, ordezkaritza kopuru historikoetara eraman du ELA, kontrabotere eredu ortodoxo bati helduta betiere, eta Jaurlaritzarekiko erabateko konfrontazioan. Sindikatua 100.000 afiliaturekin baino gehiagorekin utzi du Muñozek, Hego Euskal Herrian lehen sindikatua dela, %36tik gorako ordezkaritzari esker. %41etik gorako ordezkaritza du EAEn, eta %22,8koa Nafarroan.

2019. Mitxel Lakuntzak hartu du Muñozen lekukoa, lehen gidari nafarra ELAn. Lakuntzak dio sindikatuaren erroak ongi baino hobeto finkaturik daudela, eta «indar handiagorekin» segituko duela sindikatuak konfrontazioan, «aldaketa soziala urgentziazkoa delako».

Lemazain aldaketa norabideari eusteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.