45.000 enplegu sustatzeko

Enplegu Plana lagun, 2020rako langabezia tasa %10era jaistea nahi du Beatriz Artolazabalek

Ondarroako Lanbideren bulegoa. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Irune Lasa - Xabier Martin
2017ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
«Iragarpen zuhurra» egin duela azpimarratu zuen Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuak, atzo, 2017-2020 Enplegu Plan estrategikoa plazaratzeko agerraldian. Iragarpen hori 45.000 enplegu berri sustatzearena da 2020. urtera arte. Lakuaren eskumeneko hiru lurraldeetan langabezia tasa %10etik behera kokatzeko urte horretako azken hiruhilekora arte itxaron beharko dela jakinarazi zuen; enplegu sorkuntza laguntzeko Gobernu Kontseiluak onartutako planak 1.175 milioi euroko aurrekontu hornidura izango du. Aurrekontu horrek lagunduko du Gipuzkoak dagoeneko iragan duen %10eko muga hori Bizkaiak eta Arabak ere gurutzatzea. Nafarroak dagoeneko lortu du langabezia %10etik jaistea hainbat hilabetez. Muga horretan mugitzen dira bere egungo datuak.

Lanbideren datuen arabera, %12,5eko langabezia tasa dauka EAEk. Legegintzaldia amaitu aurretik tasa hori %10etik behera kokatzeko helburua du Jaurlaritzak, baina helburu hori hiru urte barru baino ez da da lortuko. «Helburua 2020ko azken hiruhilekoa baino lehen lortzeko gai bagara, ongi etorria izan dadila albistea. Baina zuhur jokatu nahi dugu helburuak ezartzeko orduan».

1.175 milioi euroko aurrekontu hornidurarekin, Gasteizko gobernuarenEnplegu Planak 45.000 enplegu sustatu nahi ditu datozen hiru urteetan, eta, ildo horretan, arreta berezia eskaini nahi die «ahulezia egoeran bizi direnei». Era berean, 20.000 gazteri lan aukera bat emateko xedea ere nabarmendu zuen enplegu sailburuak.

Enpleguaren kalitateaz galdetuta, Artolazabalek azaldu zuen badakitela behin-behinekotasuna oso handia dela, «baita borondatezkoak ez diren kontratu partzial asko daudela ere». Esplikatu zuen lanean ari direla Lanbideren jarduna hobetzeko, eta laster aurkeztuko dutela, dagokion batzordean, oinarrizko agiri bat agentziak etorkizunean bete beharko dituen funtzioei buruzkoa.

LABen kritika gogorra

Artolazabal sailburuaren arabera, plan estrategikoa adostasun zabalaren ondorioa da, eta abiapuntuan du Elkarrizketa Sozialerako Mahaiak 2015. urtean azaleratutako estrategia berriaren beharra, baita 2016an egindako prozesu parte-hartzaileaere. Mahai horretan ez dago euskal gehiengo sindikala, ELA eta LAB.

Suspertze ekonomikoa «egonkortzen» ari dela esan zuen sailburuak, eta «garaia iritsi dela sortzen den enpleguaren kalitatea hobetzeko». Jaurlaritza, «enpresekin elkarlanean», behin-behinekotasuna murrizten saiatuko dela agindu zuen, hori ere badela Enplegu Planaren helburua.

LAB sindikatuak ukatu egin du aurkeztutakoa enplegu plan bat dela, «aurrekontua ez da BPGaren hazkundearen portzentajera iristen ere»; «urtez urte programa berberak errepikatzen dituzte, autoenplegua, renove plana, mikroenpresen sorrera edo kontratazio prekarioa».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.