Albistea entzun

Makina-erremintaren giharra

Salmentak %7,8 igo dira 2015ean barne merkatuak bultzatuta, eta beste %5 igoko dira aurten
Antxon Lopez Usoz eta Xabier Ortueta AFMko arduradunak.
Antxon Lopez Usoz eta Xabier Ortueta AFMko arduradunak. GORKA ESTRADA / EFE

Xabier Martin -

2016ko maiatzak 6 - Donostia

Makina-erremintaren geroa mundu zabaleko merkatu guztietan dauden zalantzek baldintzatzen dute, Antxon Lopez Usoz AFM patronaleko presidenteak garbi esan zuenez atzo. Baina aurtengoari begira ez dute aurreikuspen txarra egin, salmentek gora egingo dutela uste baitute, %5 hain zuzen. Dena den, AFMko arduradunek ez dute ikusten «merkatu bat bera ere erabat osasuntsu», eta hori oso kezkagarria dela diote.

Ekaitza datorren edo ez alde batera utzita, 2015eko datuak uste baino hobeak gertatu dira, «urteko azken txanpan makina-erremintaren azpisektoreak aurreikusitakoa baino kopuru hobeak utzi zituelako». 1.474,2 milioi euroren salmentak egin dituzte AFMko enpresek, aurreko urtean baino %7,8 gehiago —%3,4ko hazkundea aurreikusi zuten—. Esportazioei begira, AEBen bultzada nabarmena da, eta estreinakoz lehen helmuga bilakatu da sektoreko euskal enpresentzat. Esportazio guztien %12,6 han egin dituzte; Alemania (%10,4), Txina (%6,7), Italia (%6,6) eta Portugal %6,6) datoz ondoren. Esportazioak fakturazio osoaren %75 ordezkatzen dute kasik, eta iaz %1,9 igo ziren, 1.111 milioi eurora arte. Horietatik ia %70 makina-erremintari dagokio; beste %30 osagaiei eta beste hainbat azpisektoreri dagokie.

Baina 2015eko kopuruei distira eman diena barne merkatua izan da. «Oraindik barne merkatuak izandako urte onenetik oso behera gabiltza, %40 inguru behera, baina 2015ean %30 hazi zen, eta 2014an, berriz, %25». Lopez Usozek azaldu zuen horrek «haizea eman diela» nazioartekotze handiegia ez duten enpresei. Horiek horrela, barne merkatua sektorearen salmenta guztien %20 da. Salmenta horien %30etik gora Euskal Herrian bertan egiten dira. Gainontzekoa Katalunian eta Espainian saltzen da, «Madril inguruan eta Andaluziako aeronautika enpresetan, bereziki».

7.000tik gora enplegu

Zalantzak inoiz baino handiagoak izanagatik, AFMko buru Lopez Usozek %5eko hazkundea egin dutela aurreikusi du. Batetik, barne merkatua oraindik gehiago haziko dela uste dute, eta, bestetik, 2015eko lehen seihilekoan jasotako eskariak —%12,8ko igoera— aurtengo lehen seihilekoaren salmenta kopuru onak bermatzen ditu.

Gainera, AEBak geratzeko iritsi direla dirudi, eta merkatu garrantzitsuenetan hirugarren bilakatu dela berretsiko du urteak. Baina ez da 2015ean bezain beste haziko, «besteak beste, hauteskunde urteak zamatuko duelako». Txina ere ez atzera ez aurrera dagoela esan zuen argi eta garbi AFMko buruak: «Enpresa askok inbertsio handiak egin zituzten merkatu horretan, baina ematen du hortxe geratu dela, nabarmen jaitsi baita azken urteotan».

AFM erakundean 160 kide daude; horietatik 125 enpresak dira, eta gehien-gehienak, Euskal Herrikoak. 2015ean %1 inguru hazi da enplegua alorrean, eta egun 7.100 inguru langilek dihardute. «Oso alor sustraitua gara, baina ez gara industria tradizionala, ekoizpen aurreratuaren abangoardian baikaude». Aeronautika, energia, autogintza eta beste hainbat alorretarako osagaiak eta makinak egiten dituzte AFMko enpresek, baita 4.0 fabrikazioan eta fabrikazio gehigarrian barneratuz ere.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAGOBA MANTEROLA/ FOKU

«Ez dugu zerua ukitu, baina enpresariak ere ez dira kontent»

Joxerra Senar

Rodriguezek nabarmendu du 2012ko lan erreformako puntu nagusiak eraldatu dituztela: negoziazio kolektiboan aurrerako eragina baliatzea berriro, behin-behineko kontratuei galga jartzea eta ABEEak enpresen barne doikuntzarako erreminta gisa erabiltzea.
<b>EAJko presidente Andoni Ortuzar eta CEOEko presidente Antonio Garamendi.</b> ©LUIS TEJIDO / EFE

CEOE ala ohiko bazkideak, Madrilek horietako bat aukeratu beharko du

Xabier Martin

EAJk berretsi du erreformari ezezkoa emango diola ez bada lan itunen lehentasuna aldatzen. Ortuzarrek patronalari egotzi dio blokeo egoera
Ontzi bat Bilboko portuan sartzen. ©LUIS JAUREGIALTZO / FOKU

Esportazioak pandemia aurreko mailara itzuli dira

Jokin Sagarzazu

Petrolio olio finduak, ontzigintza eta siderurgia nabarmendu dira. Autogintzak ere gora egin du, Araban bereziki; Nafarroan, aldiz, behera
Sidenorreko behargin bat, lanean, Basauriko fabrikan. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

Basauriko Sidenorren lan ituna adostu dute, eta KPItik behera igoko dituzte soldatak

Xabier Martin

LSB-USO, Senda de Ugarte, UGT eta CCOO sindikatuek 2026. urte arteko lan hitzarmena egin dute zuzendaritzarekin, eta soldatak %2,5 igoko dira aurten.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.