Armadaren ezintasuna, agerian

Nigeriako ipar-ekialdeko herrixka batean gutxienez 185 lagun bahitu dituzte, eta beste 32 hil
Yolako herritarrak eta ehiztariak, jihadistei aurre egiteko prest, azaroan.
Yolako herritarrak eta ehiztariak, jihadistei aurre egiteko prest, azaroan. EFE

Adrian Garcia -

2014ko abenduak 19
Agerian geratu da Nigeriak herritarrak defendatzeko eta Boko Haram muturreko talde islamistaren aurka egiteko duen ezintasuna, beste behin. Atzo jakinarazi zutenez, joan den igandean jihadistek Gumsuri herrixkako gutxienez 185 lagun bahitu zituzten, haurrak tartean, eta beste 32 hil. Nigeriako ipar-ekialdean dago Gumsuri, Borno estatuan. Inguru horretan berrehun neskatila baino gehiago bahitu zituzten jihadistek apirilean. Nahiz eta Boko Haramek ez duen bere gain hartu erasoa, AFP agentziak kontsultaturiko herritarrek taldeari egotzi diote bahiketa. Erasotik onik atera direnek eman dute gertakariaren berri, Maiduguri eta Chibuk hirietara iritsitakoan.

Lehendik ere izan dituzte Boko Haramen erasoak herrixkan, baina, oraingoan, zaindariek ezin izan diete aurre egin erasotzaileei. «Gure gazteak hil ondoren, haurrak eta emakumeak kamioietan eraman dituzte», adierazi dio lekuko batek AFPri.

Orain dela bost urte gatazka piztu zenetik, 13.000 lagun inguru hil dira, eta 1,5 milioik ihes egin dute etxetik. Aurten 3.000 dira hildakoak. Bereziki Nigeriako ipar-ekialdea astindu du Boko Haramek, baina mugak gainditu ditu gatazkak. Kamerungo armadak jakinarazi duenez, 116 jihadista hil zituzten herenegun, muga ondoko militarren base bati eraso ziotenean.

Goodluck Jonathan Nigeriako presidenteak iragarri zuen apirileko bahiketa masiboa Boko Haramen amaieraren mugarri izango zela. Baina ordutik gora egin du indarkeriak.

Armada gatazka eremuan hedatu da, baina ez da gai izan muturreko islamisten erasoei aurre egiteko, eta askotan borrokarik egin gabe ihes egiten lehenak izan dira soldaduak.

Militarren jarrera errotik alda dezake Nigeriako tribunal militar baten epaiak: Boko Haramen aurka borroka egiteari uko egin zioten 54 soldaduri heriotza zigorra ezarri die. Epaiaren arabera, soldaduek uko egin zioten indar bereziekin batera Boko Haramek hartutako herriak berreskuratzeko operazioan parte hartzeari.

Heriotza zigorra soldaduei

Halere, ez da gisa horretako lehen kasua. Iragan irailean beste hamabi militar auzipetu zituzten matxinatu eta aginduan zegoen ofizialari tiro egiteagatik, eta hiltzera kondenatu zituzten.

Azken hilabeteetan hasitako Nigeriako armadaren erasoaldiak ez du esperotako etekinik eman. Soldaduak kexu dira ez dutelako jihadistei aurre egiteko arma eta ekipamendu egokirik. Esan dutenez, Boko Haramek gero eta arma sofistikatuagoak ditu.

Talde jihadistaren aurkako borroka estatu afera bihurtu da Nigerian. 2015 erdialdean dira egitekoak presidentetzarako hauteskundeak, baina ikusteko dago ea armada segurtasuna bermatzeko gai izango ote den.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna