AEBei herritarren datuak ukatzeko bidea ireki du Europako Auzitegiak

Transferentzia blokeatu ahalko dute estatuek.Brusela eta Washington, negoziatzera behartuak

Max Schrems zuzenbide ikasle austriarra, Luxenburgoko Justizia Auzitegian, atzo. JULIEN WARNAND / EFE.
Xabin Makazaga.
2015eko urriaren 7a
00:00
Entzun
AEBak portu segurutzat jo zituen Europako Batzordeak 2000. urtean, eta ordutik Europako Batasuneko herritarren datu pertsonalak trabarik gabe transferitu izan dira herrialde hartara. Luxenburgoko Justizia Auzitegiak, baina, baliogabetu egin du AEBek europarren datu pertsonalak behar besteko bermearekin babesten dituztela onartzen zuen irizpidea, eta datuen babeserako agentzia nazionalei eskumena aitortu die EBz kanpoko herrialde baterako datuen igortzea blokeatzeko, horiek jasoko dituen enpresa edo estatua —AEBak barne— ez dela fidagarria iritziz gero.

EBko Justizia Auzitegiaren ebazpena ekarri duen auzia 2011n hasi zen: Max Schrems zuzenbide ikasle austriarrak Facebook konpainiaren aurka salaketa jarri zuen Datuen Babeserako Irlandako Ordezkaritzan —herrialde hartan dauka egoitza Facebooken Europako sailak—, konpainia horrek ez zuela bere datu pertsonalen segurtasuna bermatzen argudiatuta. Patriot Act legearekin, izan ere, AEBetako Gobernuak eta inteligentzia agentziek sarbidea daukate konpainia teknologikoek pilatzen dituzten datuen biltegietara. Hala erakutsi zuen gerora Edward Snowden NSAko analista ohiak, AEBetako espioitza masiboaren auzia azaleratu baitzuen 2013. urtean.

Schremsen salaketa ezetsi egin zuen datuen babeserako Irlandako agentziak, Bruselak AEBak eta hango konpainiak portu segurutzat hartuak zituelako. Baina zuzenbide ikasleak Irlandako Auzitegi Gorenera jo zuen, eta auzia Luxenburgora bideratu zuen auzitegi horrek, estatu kide batek datuen segurtasuna auzitan jartzen duen salaketa bat ikertu behar lukeen galdetzeko. Europako Batzordearen erabaki horrek ezin duela datuen babeserako agentzia nazionalen eskumenik mugatu ondorioztatu du, azkenean, EBko Justizia Auzitegiak.

Milioika herritarren datuak

Europako Batasunean presentzia daukaten AEBetako konpainia teknologikoei —Facebook, Apple, Google, Microsoft, Amazon eta beste— eragingo die nagusiki EBko auzitegiaren ebazpenak, urtetan europarren datu pertsonalak pilatu eta kudeatu izan baitituzte; eta AEBetako erakunde ofizialen esku utzi ere bai, segurtasun nazionalaren aitzakiapean. Baina Atlantikoaren bi aldeetan elkarrekiko konfiantzan datuak trukatzen jardun duten 2.500 bat konpainiari ere eragingo die, Interneteko laino birtualean milioika bezeroren datuak baitituzte.

Europako Batasunean egoitza duten enpresa estatubatuarrek legitimatu egin beharko dute etorkizunean europarren datu pertsonalak AEBetara transferitzea. Bide errazena, erabiltzailearen baimen esplizitua eskatu eta jasotzea izango da.

Etxeko lanik handienak, dena den, Europako Batzordeari berari eta AEBetako Gobernuari jarri dizkie Luxenburgoko auzitegiak. EBko estatu kideei datuen transferentzia blokeatzeko eskumena aitortuta, izan ere, Bruselak eta Washingtonek EBko herritarren datuen babesa hobeto bermatuko duen harreman marko bat hitzartu beharko baitute. Hain justu, bi aldeak 2016an TTIP merkataritza librerako akordioa ixtea negoziatzen ari diren unean. Halaber, datuen babeserako Irlandako agentziak Schremsen eskaera aztertu egin beharko du, eta ebatzi Facebooken erabiltzaile europarren datuak AEBetara transferitzea baliogabetzen duen edo ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.