Katalunia

Legitimitateari ate guztiak itxiz

Puigdemonten hautagaitza bertan behera utzi du Konstituzionalak, tramiterako onartuz Madrilen helegitea. Presidentetza Legearen erreforma bozkatzeko saiora deitu du Torrentek ostegunerako

Hiru pertsona Puigdemonten aurpegiaren maskarekin, urtarrilaren 30ean parlamentuaren kanpoaldean. E.FONTCUBERTA / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Joan den abenduko hauteskundeen ondorengo Kataluniako Parlamentuaren eraketari erreparatuta, Carles Puigdemont (JxC) zen Generalitateko presidentetzarako hautagai legitimoa. Eta legebiltzarrak erabakita, halaxe izan zen urtarril amaieran, Espainiako Estatuaren jazarpen judizialaren ondorioz Belgikan erbesteratuta zegoenean. Baina Espainiako Gobernuak jarritako inpugnazioari erantzunez, Auzitegi Konstituzionalak, ezohiko erabaki batean, kautelazko neurriak hartu zituen eta inbestidura telematikoa debekatu. Inbestidura, hortaz, bertan behera utzi zuen azken unean Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidenteak (ERC), saioa «berme guztiekin» ezingo zutela egin argudiatuz. Eta ia hiru hilabete geroago, Konstituzionalak tramiterako onartu du Madrilek Puigdemonten kontra jarritako helegitea, eta, horrenbestez, automatikoki bertan behera utzi du hautagaitza. Estatuak, hortaz, ate guztiak itxi dizkio herriaren legitimitateari.

Autoa kaleratu du Konstituzionalak, JxC Junts Per Catalunyak bultzatuta Kataluniako Parlamentuko Mahaiak erabakita daukanean Presidentetza Legea aldatzea, Puigdemont telematikoki inbestitu ahal izateko. Presidente kargugabetuaren zerrendakideen asmoa zen datorren ostegunean osoko bilkura bat egitea eta erreforma onartzea. Konstituzionalaren erabakiaren berri eduki ondoren, ostegunerako osoko bilkura iragarri zuen Torrentek atzo, eta erreforma eztabaidatzea eta bozkatzea gai zerrendan dago. Legearen aldaketari buruzko txostena atzo helarazi zion Estatutu Bermeen Kontseiluak Mahaiari, eta ohartarazi dio erreformak estatutua eta konstituzioa urratzen dituela, eta ezingo litzatekeela irakurraldi bakarrean onartu. Dena den, txosten hori ez da loteslea.

Mahaiak erreforma ahalbidetzeko intentzioa du oraindik, beraz, eta Konstituzionalari desobeditzen badio, Espainiako Gobernuak erabakita dauka Konstituzionalean helegitea jartzea. Argi ez dagoena da, ordea, zer inpugnatuko luke: edo legearen erreforma bertan behera uztea bozkatua izan ondoren, edo Mahaiak berak lehenago adostutakoa.

Kontua da Konstituzionalak Mahaiko kideak beraiek mehatxatu dituela, nabarmenduz ondorio «penalei» aurre egin beharko dietela Puigdemont berriro hautagai proposatzen badute. Autoak dioenez, Mahaiak «eragotzi edo eten» beharko du, Konstituzionalak adostutako «indargabetzea» saihestu nahi duen ekinbide oro. «Batez ere, ez dezatela hasi, tramitatu, ondorioak kontuan hartuta, indargabetzea urratzen duen edozein ekintza».

Hiru hilabete pasa egin behar dira atzo kaleratutako erabakia behar bezala kokatzeko. Parlamentuko presidente kargua hartu eta egun gutxira, Torrentek bilera sorta eduki zuen parlamentuko alderdietako ordezkariekin, eta, ondoren, urtarrilaren 22an, Puigdemonten hautagaitza aurkeztu zuen. Bizpahiru egun geroago, baina, argudiatuz Kataluniako presidente kargugabetuaren kontra «bilatze eta atxilotze» agindua zegoela Espainian, Madrilek hautagaitza inpugnatu zuen Konstituzionalean. Estatu Kontseiluari aholkua eskatu zion gobernuak, eta, kontuan hartuta Kataluniako prozesu subiranistaren harira PPk hartutako erabakiak babestu dituela kontsulta organoak, adierazi zuen, harrigarriki, ez zegoela oinarri juridikorik hautagaitza inpugnatzeko. Halere, «legezkotasunaren eta konstituzioaren» defentsan, bereari eutsi zion Espainiako Gobernuak. Ostirala zen.

Hurrengo egunean, urtarrilaren 28an, ezohiko saioa egin zuen Konstituzionalak. Magistratuen artean banaketa eragin zuen gobernuaren inpugnazioak, eta, azkenean, sei orduz bilduta egon ondoren, aho batez erabaki zuten kautelazko neurriak jartzea. Horien arabera, Puigdemont ezingo zen telematikoki presidente izendatua izan. Inbestidura presentziala izan zitekeen soilik, eta horretarako baimena eskatu beharko zion Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileari. Ez zuen halakorik egin, eta Torrentek bertan behera utzi zuen saioa, JxCren eta ERC Esquerra Republicanaren arteko harremanak gaiztotuz.

Kartzelatutakoen eskaera

Kataluniako bi indar subiranista nagusiek, JxCk eta ERCk, hiru aste pasa dituzte presidentegai bat proposatu, hura inbestitu, eta gobernu berria osatzeko. Maiatzaren 22an bukatuko da epea. Bestela, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak legebiltzarra desegin eta hauteskundeetara deituko du. Hori guztia aintzat hartuta, Jordi Sanchez, Jordi Turull eta Josep Rull JxCko diputatu kartzelatuek eskatu diote Puigdemonti ahalbidetu dezala gobernua ahalik eta azkarren osatzea. PDeCATek eta ERCk ere tesi hori defendatzen dute, baina JxCk adierazi izan du ez dela hauteskundeak errepikatzearen beldur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.