Itsas lerroan lurra ikusten da

Nerea Urrestarazuk eta Ane Zaldibarrek 11 laneko 'Begimugan' erakusketa ireki dute, Donostian

itziar ugarte irizar
Donostia
2018ko otsailaren 9a
00:00
Entzun

«Donostiatik itsasoz marra zuzen bat jarraitzen baduzu, nora eramaten zaitu buruak? Zergatik gustatzen zaigu hainbeste begiratzea? Niri, behintzat, imajinatze hutsagatik. Beti pentsatu dut itsasoari segituta Inglaterrara iritsiko nintzela, eta orain deskubritu dut ezetz, beste toki batzuetara baizik». Ariketa hori egin dute Nerea Urrestarazuk (Donostia, 1975) eta Ane Zaldibarrek (Donostia, 1981) Begimuga erakusketan: Donostiatik lerro zuzenak marraztuta aurkitu dituzten munduko 11 txoko hautatu eta koadro bana sortu dute. Donostiako Aquariumean jarri dituzte ikusgai, apirilaren 8ra bitartean.

Koloreka enpresako kide da Urrestarazu, eta Zaldibarrek haiekin lan egin izan du. Ramon Anaia ere taldeko kide da. Ilustrazio txikiak egiten dituzte, eta Parte Zaharreko lokal batean saltzen. Bada, eguneroko lan horri «ikusgarritasuna emateko» asmoz sortu dute erakusketa, Urrestarazuren arabera. «Beti gaude hor, lan eta lan, eta ikusi dugu erakutsi egin behar dela, kanpora atera». Toki aproposa aurkitu zuten horretarako: Donostiako Aquariuma. Eta lekuaren eraginez heldu diote zeruertzaren ideiari.

Urrunera, etxetik irten gabe

Erakusketaren kartelean gizaki bat ageri da zeruertzera begira, eta hori da, hain justu, erakusketaren abiapuntua. «Askok konpartitzen genuen zerumugak pizten duen bestaldearen kuriositate hori», azaldu du Anaiak, zeina erakusketaren alde teknikoaz arduratu den, geografoa eta kartografoa denez. «Ez dira ausaz egindako lerroak. Ideia da lerro zuzen bat marraztea Donostiatik hasi eta inguruko lur muturretara, lerroak ukitzen dituen puntuetara ».

Hala, Donostiarekin zuzenean lotuta dauden 11 lekuren zerrenda osatu dute, gertuenetik urrunekoenera: Paleu Beach (AEB), Barnstable (AEB), Killiniq (Kanada), Ternua (Kanada), Isortoq (Groenlandia), Nanortalik ( Groenlandia), Dungarvan (Irlanda), Plogoff (Bretainia), Matxitxako (Bizkaia), eta Baiona (Lapurdi). Lerro bakarrak bi hiri ere harrapatu ditu: Ternua eta Barnstable. Edonola ere, hamaika tokitara baino gehiagotara irits daiteke Donostiatik lerro zuzenak marrazten hasita; mugatu beharra izan dute, eta kontinente bakoitzaren lekurik altuena eta baxuena hautatu dituzte. Sarreran, Donostiatik toki horietara arteko bideak irudikatu dituzte mapa batean. «Ez dira lerro zuzen-zuzenak, baina hori mundua borobila delako baino ez da», azaldu du Anaiak. Erakusketako lurzoruan ere marraztu dituzte lerroak.

«Lerroa Isortoquera edo Barnstablera iritsi dela ikustean, gure lana izan da Internetez leku horiek ikertzea, dokumentalak ikustea, interpretatzea eta irudi bat sortzea. Dena etxetik atera gabe, noski», azaldu du Urrestarazuk. Zalbidarrentzat prozesuaren alde eder bat «kalkulu matematikoak eta zoria nahastea» izan da, eta gero horren gainean sortzea. «Existitzen zirela ere ez genekien tokiak aurkitu ditugu. Azkenean, leku guztietan daude kontatzeko gauzak ». Koadro bakoitzaren ondoan, leku horren gaineko informazio testu labur bat jarri dute, erakusketak Donostiarekin itsasoz lotuta dauden munduko itsas bazter horiek ezagutzeko gonbita ere izan nahi baitu.

Anaiak lagundu die artistei tokien gaineko informazioa biltzen, eta Urrestarazuk eta Zaldibarrek sortu dituzte koadroak, bakoitzak bere aldetik. Urrestarazuk Baiona koadroa egin du, esaterako. «Koadro bakoitzak bere teknika du. Gehienetan teknika nahasia da: paperak pintatu, moztu, ordenagailuz collagea egin, argazkiak sartu, eskaneatu...».

Zaldibarrek 11 koadroetako hiru egin ditu; Killiniq da horietako bat. Paperak moztu, eskaneatu eta ordenagailuarekin osatu du koadroa. Jaso nahi izan dituzten zeruertzaz haragoko istorioen adibide, kontatu du nola atzoko egunez, 1978ko otsailaren 8an, Kanadako gobernuak Killiniq hustu zuen, bizitzeko behar beste baliabide ez zeudela iritzita.

Hasi aurretik, egileek bi elementu adostu zituzten koadro denentzat: zuriak agertu behar zuela, eta itsasoak egon behar zuela. Hala, lanetan ageri diren 11 itsasoak maila berean jarri dituzte, koadroak altura ezberdinetan zintzilikatuta egon arren. «Zeruertzak erakusketa guztia batzea da asmoa».

Erakusketaren izenaz, Urrestarazuk aitortu du beti espainierazko horizonte erabili izan duela zeruertza izendatzeko, eta ez zutela asebetetzen euskarazko ortzi-muga, zeruertz eta beste adierazpideek, zeinak ez baititu inoiz erabili. Harik eta lagun batek begimuga aipatu zion arte. «Eta hori bai; zein hitz polita. Begiaren muga naturala da, noraino iristen garen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.