Donostiako Nazioarteko 63. Zinemaldia

Hiru belaunaldi eta gehiago

Euskal zinemaren inguruko gogoeta anitzekin osatutako liburua plazaratu du Filmategiak

Liburuaren egile eta arduradunetako batzuk, Filmategiko eta erakundeetako ordezkariekin. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
gorka erostarbe leunda
Donostia
2015eko irailaren 24a
00:00
Entzun
Abiapuntua jartzea. Ondoren eztabaidarako bide berriak zabal daitezen. Asmo hori izan du Joxean Fernandez Euskadiko Filmategiko zuzendariak Euskal zinema: zinemagileen hiru belaunaldi liburuaren proiektua abian jarri zuenetik. EHUko Uda Ikastaroen barruan, 2014ko uztailean kongresu bat antolatu zuen Filmategiak euskal zinemaren inguruan. Bilkura hartan izandako hitzaldi eta mahai inguruen transkripzioarekin osaturik dago liburua. «Gaur egun aldi berean lanean diharduten zinemagileen presentzia eta haien arteko elkarrizketak zein eztabaidak dira liburuaren ardatz nagusia. Trantsizio garaitik hona inoiz ez da horrenbeste zinemagile, ikertzaile, aditu eta zale elkartu euskal zinemaren inguruan hausnartzeko, eta gogoeta horien emaitza da liburua», azaldu zuen Fernandezek atzo egindako aurkezpenean.

Zinemagileak hiru belaunalditan banatu, eta hiru mahai inguru antolatu zituzten mintegi hartan. Lehenengoan honako hauek parte hartu zuten: Montxo Armendarizek, Ana Diezek, Pedro Oleak eta Imanol Uribek. Bigarrengoan, berriz, beste hauek parte hartu zuten: Juanma Bajo Ulloak, Daniel Kalparsorok, Helena Tabernak eta Enrique Urbizuk. Hirugarren belaunaldikoan, Kimuak programaren garrantziaz aritu ziren, batez ere, Koldo Almandoz, Asier Altuna, Borja Kobeaga, Jose Mari Goenaga, Isabel Herguera eta Pablo Malo. Gainera, beste bi mahai inguru tematiko ere osatu zituzten. Euskal industria zinematografikoaz aritu ziren Xabier Berzosa, Carlos Juarez, Aintzane Perez del Palomar, Joxe Portela eta Koldo Zuazua, Patxi Azpillaga moderatzaile zutela. Kritika zinematografikoa landu zuten, aldiz, Gontzal Agotek, Juan Zapaterrek eta Ricardo Aldarondok, Begoña del Tesok gidaturik. «Ahalik eta jende gehiena egon zedin saiatu ginen. Parte hartu zuten guztiak dira, baina diren guztiek ez zuten egoterik izan», egin zuen zehaztapena Fernandezek.

Orotara, bost mahai inguru horiek eta beste 19 hitzaldi biltzen ditu liburu mardulak. Eta orotariko gaiak dituzte mintzagai hitzaldi transkribatu horiek; hastapenak, belaunaldi desberdinak, euskararen erabilera, generoen ingurukoak, animazio zinema, euskal zinema undergrounda, Zinemaldiaren eta Kimuak proiektuaren garrantzia... Gehientsuenak gaztelaniaz eskaini zituzten, eta hala daude azalduak liburuan ere, baina bospasei euskaraz egindakoak dira. Horien gaztelaniazko itzulpenak ere jasotzen ditu lanak. Euskarazkoen artean dago, adibidez, Zigor Etxebestek emandako hitzaldia: Euskararen erabilera eta euskal presentzia euskal zineman. Eta halatsu daude Iratxe Fresnedaren Irrintziaren oihartzunak. Euskal emakume zinemagileen begiraden arrastoen bila eta Josu Martinezen Zor genion lekua: apunteak, ezusteak eta paradoxak Gure Sor Lekua-ren filmaren aurkikuntzari buruz izenekoa ere.

Euskaraz eta Euskal Herrian

Asier Altuna izan zen mahai inguru haietako batean, eta Euskal Herrian egindako zinemagintzan hasieratik aldaketa handiak gertatu direla nabarmendu zuen, eta bereziki aipatu zuen euskararen agerpena. «Egun, zorionez, euskaraz zinema egiten ari gara, eta modu naturalean. Niretzat, hori polita eta inportantea da, euskaraz bizi garelako, eta, gainera, ohartzen naiz garai batean Madrilera oso erraz egiten zutela zineman aritu nahi zutenek. Gaur egun badugu modua Euskal Herrian zinema egiteko, eta hori ere polita da. Espero dut hemendik aurrera ere horrela jarraitzea».

Atzo egindako aurkezpenean ez zen emakumerik izan hizlarien artean, eta, hori aitortuta, Joxean Fernandezek gogoan izan zituen proiektuan parte hartu duten emakumeak, eta baita zinemagintzan aritu direnak ere. «Kongresua antolatu genuenean gure kezka nagusietako bat izan zen emakumezkoak izan zitezela, eta bi hitzalditan bederen haiek izan ziren protagonistak. Iratxe Fresnedak eta Casilda de Miguelek emakumeek euskal zineman izan duten presentzia eta emakumetasuna nola jorratu den izan zuten mintzagai hitzaldietan».

Beste hainbat erakunderen laguntzaz gain, Eusko Jaurlaritzarena jaso du Filmategiak proiektua aurrera eraman ahal izateko. Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuordeak gogoratu nahi izan zuen berez «hiru belaunaldi baino gehiago» direla euskal zinemagintzan aritutakoak, baina «ulertzen» duela liburu historiografiko batek sailkapen eta muga batzuk egin behar dituela. Horrez gain, azpimarratu zuen halako proiektuek azaltzen dutela zein den Filmategiaren balioa: «Zinemaren balioa ez da ekonomikoa, baizik eta istorioak behin eta berriz kontatzea, ingurune baten errealitatea ikuspegi kritikoz lantzeko. Hori gertatzen ari da dagoeneko, eta, pantailaz harago, Filmategiak balio behar du gogoeta horiek egiteko, kritikarako gune bihurtzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.