Gizakia, animalien artean

Juankar Lopez Mugartzak 'Arima animalia' poesia bilduma kaleratu du, Maiatz argitaletxearekin.

Itzine Aldunate
Baiona
2018ko apirilaren 18a
00:00
Entzun
Gizaki eta animaliek «partekatzen duten arimaren berri» ematen du Juankar Lopez Mugartzak (Iruñea, 1961), Maiatzekin argitaratutako olerki bildumaren bitartez. Arima animalia «askatasun osoz eta instintuari jarraiki» sortu den obra da, gizakiaren, animalien eta lurraren arteko lotura egiten duena. Olerkariaren hirugarren bilduma da.

Lopez Mugartzak gizakien, animalien eta lurraren arteko lotura defendatzen du bere lanean, bata bestearen osagarri diren elementu gisa. Gizakiak, animaliak eta izadia gorputz berean sartzen ditu, bizitzari zentzua ematen dion zati txiki baten barne, ia ezdeusak munduan den bizidunen multzoan. «Animaliak gara, herrestariak askotan, marmutxak beste batzuetan, beste zomorroen bizitzaz inongo ardura ez dugunak». Nahiz eta gizakiak animalia baino gehiago dela uste ukan, haren irudiko «uste ustela da» hori. Halaber, uste du gizakiak ez direla ez hobeak ez okerragoak: «Ez gara jainkoak, animaliak baizik, eta, arima baldin badugu, ez da jainko batek eman digulako, gure izate animaliak eman digulako baizik. Ugaztunen artean, basapizti errukiorrak daude. Otso batek edoski zituen Romulo eta Remo. Txakur batek erakusten digu zer den fidela izatea. Benetako noblezia zer den».

Bilduma bi ataletan zatitua dago; lehenengoan, idazlea animalien arimaz eta arimadunen izate animaliaz mintzatu da kontzienteki; bigarrenean, berriz, Maiatz aldizkarian hainbat urtetan argitaratutakoa dago bilduta, ildo jakin bat gabe. «Munduaz dudan ikuskera lerro guztietan islatzen denez gero, finean, animaliak eta gizakia behin eta berriz ateratzen dira». Herri kulturatik edaten duen poesia modernoak betetzen ditu Arima animalia-ren orriak. «Gandiaga, Mirande, Sarrionandia eta, bereziki, Artze, duela gutxi joan zaiguna, oso kontuan izan ditut. Mikel Laboaren kantekin sortu nintzen ni euskararen mundura, eta berak erromantze zaharrak nahasten zituen, Bereterretxen Khantoria, adibidez, ezin modernoagoa eta berriagoa zen Joxan Artzeren poesiarekin. Jenio bat zen Artze».

Klasikoak eraberritzeko

«Beti pentsatu izan dut bertsolaritza oso zaharra dela, tradizio handikoa, baina bertsolariak oso gazteak direla eta jorratzen dituzten gaiak gaurkotasun handikoak. Bertsolariek egiten badute, olerkariok zer dela eta ezin dugu egin?» adierazi du idazleak. Hori bai, euskaraz. Denboran zehar nafarrek euskara defendatzeko egin behar izan duten lana azpimarratu nahi du. «Nafarra izatea da euskaldunak garela egunero errepikatu behar izatea, jakin dezaten izan bagarela, inork ez baitu zalantzan jartzen gipuzkoar bat euskalduna dela, euskaraz jakin edo ez» azaldu du Mugartzak.

Uste du gaurko gizarteak mugak jartzen dizkiola bere barnea hustu nahi duen edonori; pailazoak, rap kantariak, idazleak... Autorearen irudiko, egoera salagarri bat salatzea krimena bilakatu da. Poesia ere mugak saihesteko ahalegin horretan bizi da. Elkartasuna erein eta zartakoak jasotzen dituzten horien alde agertzen da liburuan. «Hilko gara berdin-berdin, koldarrak eta ausartak. Gutxienez azken horiek oroimen ona uzten dute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.