Artzeri omen, San Telmon

Ekitaldi bat eskainiko diote asteartean museoan. 'Ikimilikiliklik' erakusketa berreskuratu dute

Joxan Artze, 2014ko urtarrilaren 14an egindako argazkian. GORKA RUBIO / FOKU.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
Donostia
2018ko apirilaren 19a
00:00
Entzun
Donostiako San Telmo museoak eta udalak omenaldia egingo diote asteartean Joxan Artze poeta, musikari eta kulturgileari (Usurbil, 1939-2018), San Telmon bertan, 20:00etan. Omenaldi horretan, artistaren unibertsoa azaltzen saiatuko dira musikaren, dantzaren, ikus-entzunezko proiekzioen eta poesiaren bidez. Ordubete ingurukoa izango da omenaldia, eta jende askok parte hartuko du.

Testuak errezitatzen, Ramon Agirre eta Miren Aranburu arituko dira. Malandain Balleteko Gael Domenger, Aureline Guillot eta Mizel Theretek dantza egingo dute; eta Maddi Oihenart, Mixel Arotze, Mixel Etxekopar, BeƱat Axiari, Julen Axiari eta Ainhoa Zubillaga kantarien ondoan arituko dira Ensemble Vocal Donostia abesbatza, Zuaznabartarrak txalapartariak eta Pedro Soler (gitarra), Loreto Fernandez Imaz (organoa) eta Sorkunde Idigoras (viola da gamba). Proiekzioak, berriz, Morgancreak egingo ditu. Ekitaldia Alberto Lizarraldek, Asun Lasartek eta Carlos Rodriguezek zuzenduko dute.

Gonbidapena eskuratu behar da omenaldia ikusteko. Gaurko 10:00etatik aurrera izango da horretarako aukera, San Telmo museoko leihatilan. Gonbidapenak doan dira, eta pertsona bakoitzak bi eskuratu ahalko ditu.

Erakusketa, osagarri

Astearteko ekitaldiaren osagarri, atzotik, Alberto Lizarraldek eta Carlos Rodriguezek duela hiru urte aurkeztu zuten ikimiliklik. JA Artzeren unibertsoa ikus-entzunezkoa ikusgai dago atzera museoan. Urtarrilaren 12an zendu zen artistaren ibilbidean barna bidaiatzeko aukera ematen du lan horrek, haren poeta berritzaile garaiak, Ez Dok Amairuko zikloa, abangoardiako sorkuntzatik etapa espiritualera bitarteko jauzia eta beste errepasatuz. Maiatzaren 20ra arte egongo da ikusgai erakusketa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.