Hizkuntzarekin jolasten, trebe

'Mundu bat ahoz aho' dokumentala emango dute gaur, Villabona-Amasan (Gipuzkoa)

Kantu inprobisatuen nazioarteko topaketa, Donostian. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Maialen Unanue Irureta.
2017ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Zerk batzen ditu eta zerk desberdintzen ditu kantu inprobisatzaileak? Galdera horretatik abiatu dute Mundu bat ahoz aho dokumentala Mintzolak eta Lankuk. Zazpi herrialdetako kantu inprobisatzaile banak parte hartu dute ikus-entzunezkoan, Beñat Gaztelumendi bertsolari eta dokumentalaren zuzendariak azaldu duenez. Iazko abenduan, Durangoko 51. Azokan aurkeztu zuten lehenengoz; gaur emango dute doan Villabona-Amasan (Gipuzkoa), Mintzolaren egoitzan, 19:00etan.

Euskal Herriko, Herrialde Katalanetako, Sardiniako, Kurdistango, Kubako, Mexikoko eta Galesko inprobisatzaileek parte hartu dute lanean, bakoitzetik batek. Elkarrizketa luzea egin diete, eta bakoitzaren esperientzia pertsonaletik abiatu dute kontaketa. «Bitxia da: gehienak nahiko kasualitatez murgildu ziren. Hala diote, behintzat». Kontatzen dute, era berean, kantu inprobisatuak euren herrialdeetan zein funtzio betetzen dituen. Batzuk kantari jarri dituzte kamera aurrean, beste batzuek euren herrialdetako irudiak utzi dizkiete... «Horrez gain, adituen iritziak bildu ditugu, testuinguru bat emateko honi guztiari, transmisioari lotuta. Oro har, kantu inprobisatuaren ikuspegi antropologikoa ere eman nahi izan diogu».

Gaztelumendik azaldu duenez, desberdintasunak desberdintasun, badute denek elkargune bat: «Funtsean, beti badago jolas bat edo hitzekin jolasteko gogo bat. Denek aipatzen dute hori». Gero, gogo horretatik abiatuta, hainbat funtzio betetzen dituzte kantu inprobisatuek: «Batzuetan oso funtzio aldarrikatzailea eduki dezake, historia konta daiteke horren bidez; beste batzuetan, gehiago dago jolasera bideratua; are, oholtza gaineko arte horrek beste pisu bat hartzen du». Bitxikeria gisa kontatu du «hizkuntza ustez hegemonikoan» aritzen diren kantariek badutela kezka bat transmisioarekin, Euskal Herrikoa baino «nabarmenagoa»: «Badute ahozko jardun hori galtzeko beldur pixka bat, kultura globalizatua beste bide batzuetatik doan heinean».

Gaztelumendiren arabera, ez da dokumental «teorikoegia edo trinkoegia», helburu izan baitute, batetik, esperientzia pertsonal horien berri ematea eta, bestetik,zenbaitek «ziurrenik» bestela ezagutuko ez luketen errealitate bat erakustea. «Aukera bat eman nahi dugu bertsolaritza ezagutzeko, eta, gainera, bertsolaritza ezagutuz munduko beste kantu inprobisatuak ezagutzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.