Sei eskutara zu, fu eta musu

Judit Ruiz de Munainek, Patxi Zubizarretak eta Jokin Mitxelenak ondu dute 'Zukafukamusuka' lana

Ezkerretik eskuinera, Jokin Mitxelena, Judit Ruiz de Munain eta Patxi Zubizarreta. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2017ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Hogei ipuin. Pornografikoak, Judit Ruiz de Munain (Agurain, Araba, 1973) idazlearen esanetan: «Hain da esplizitua liburua, pornotik gertuago dago erotismotik baino. Baita ilustrazioetan ere. Hau pornoa da». Zukafukamusuka liburuaz ari da; Txalapartak argitaratu berri du. Koloretan, Patxi Zubizarretaren (Ordizia, Gipuzkoa, 1964) itzulpen-moldaketekin eta Jokin Mitxelenaren (Donostia, 1962) ilustrazioekin.

Sei eskutara jotako pieza da, izan ere, Zukafukamusuka. «Trio bat egin dugu, bai. Narraziootan taldekako sexua falta da, baina liburua bera taldeak ekarri du argitara», Ruiz de Munainen arabera. Harena izan zen liburua osatzeko lehen urratsa, hala ere. «Orain dela bi urte, banandu egin nintzen, eta idazten hasi berriro. Gaietako bat fantasia erotikoena izan zen». Eta bai, liburuko ipuinek badute fantasia ukitu bat. Dena ez da fantasia, baina. «Nire momentu pertsonala ere islatzen dute istoriook. Oso nahasiak izan dira azken bi urteok, gauza asko gertatu zaizkit. Eta, nahi duzuna egiteko aske sentitzen zarenean, beldurgarria da, baina baita zirraragarria ere. Liburuko emakume batzuek badute hori».

Bere burua «batere» zentsuratu gabe idatzi duela nabarmendu du, liburua ezizenez sinatuta argitaratzekotan ere egon bazen ere. «Herri txiki batean bizi naizelako egon nintzen zalantzan, baina, azkenean, neure izenarekin sinatzea erabaki nuen».

Erdaraz idatzi zituen Ruiz de Munainek testuok, eta, hogeiko sorta osatu zuenean, Mitxelenari erakutsi zizkion. «Liburu bat egiteko moduko materiala bazegoela esan zidan. Hala heldu ziren testuok Patxirengana. Itzuli bakarrik ez, moldatu ere egin ditu hark». Urtebete behar izan dute hiruren artean liburua ontzeko. «Dibertigarria» eta «baikorra» hitzekin definitu du emaitza idazleak berak. Arrazoia eman dio itzultzaile-moldatzaileak. Patxi Zubizarretak. Beste hitz bat erantsi dio, baina, definizioari: «Gerezia». Manuel Rivas idazle galegoak 1995ean argitaratutako testu bat gogoan. ¿Que me queres, amor? izena du ipuinak, eta gerezi bat du ardatz: «Bikote hetero bati buruzkoa da testua. Goizean, mutilak gerezi bat eman dio neskari, gosaldutakoan, eta, etxetik irtetean, elkar musukatzean, neskak gerezi hezurra ematen dio mutilari ahoz aho. Gauean, neska lanetik bueltatzean, elkar besarkatu eta musukatu dutenean, hezurra itzuliko dio mutilak neskari, egun osoan bere hortzen teklatuan musika eginez zain egon ostean». Zukafukamusuka-ko ipuin bakoitza, Zubizarretaren esanetan, gerezi bat da, «eta bakoitzak pentsatuko du hezurra nori eman». Gerezi horiek prestatzea, erantsi duenez, plazer hutsa izan da beretzat: «Gozatua hartu dut itzultzen. Erabat libre aritu naiz. Askatasunaren eta gorputzaren ospakizuna da liburu hau».

Koloretan

«Kolorea sartu dute liburuan, eta hori asko eskertzen da», dio Zubizarretak. Arrazoia eman dio Jokin Mitxelenak. Hark egin ditu liburuko ilustrazioak. XVII, XVIII eta XIX. mendeetako grabatzaile japoniarren shunga generoa hartu du oinarri horretarako. Sexua esplizituki agertzea zuen ezaugarri genero horrek. Eta halaxe egin du Mitxelenak ere. «Egina nuen lehendik estilo honetako zerbait, alemanezko liburu batekin, baina baldintza hain onetan ez. Hura zuri-beltzez izan zen, eta testuak ez ziren hain mugarik gabeak».

Mugarik gabe. Halaxe jardun dute liburu honetan esku hartu duten hiru sortzaileek, Mitxelenak nabarmendu duenez: «Erabat libre aritu gara Patxi eta biok lanean testuokin». Bidea Ruiz de Munainek jarri ei zien bi laguntzaileei, zein tonu nahi zuen esanda. Eta, hortik aurrera, itzultzaile-moldatzaileak metafora eta alegoria zenbait erabili zituen. Japoniar maisuak ilustratzaileak. «Hortik aurrera, ez da ezer ezkutatzen eta frenatzen. Ezta marrazterakoan ere. Hemen ez ginen ez mezu dezente bat emateko, ez zuzentasunaren bidetik ezer egiteko. Sexuaren ospakizun baten modukoa da». Horretarako, eskari zehatza egin omen zioten beren buruari: «Zentzumenentzat egina izatea, ez intelektoarentzat». Hala egosi dute Zukafukamusuka. Gerezi zaporearekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.