ana galarraga aiestaran
Ezarian. Zientzia. Argi Aldian

Mandelaren itzala zientzia-garapenean

2013ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Nelson Mandelak bere herriari eta munduari utzitako herentzia aletzen ari diren honetan, ezkutuan geratu da zientziaren eta teknologiaren esparruan burujabe izateko egin zuen lana. Hori uste du, behintzat, Calestous Juma ikertzaileak.

Besteak beste, Afrikako nekazaritzaren garapenerako proiektuen arduraduna eta Harvard Unibertsitateko Nazioarteko Gaietarako Zentroaren zuzendaritzako kide da Juma, eta izenburu argigarria duen artikulu bat argitaratu du New Scientist aldizkarian: Mandela's unsung legacy of science in Africa, hau da, Mandelaren aitortu gabeko herentzia Afrikako zientzian, gutxi gorabehera.

Ezaguna da Mandelak hezkuntzari buruz esandako esaldi ospetsu hura, «Mundua aldarazteko armarik ahaltsuena da hezkuntza», alegia. Artikuluaren egilea, baina, harago doa, eta gogora ekarri ditu Mandelaren izenarekin sortutako Zientzia eta Teknologia Institutu Afrikarrak. Dagoeneko bi daude martxan, bat Tanzanian eta bestea Nigerian, eta hirugarren bat egiteko asmoa dute Burkina Fason.

Jumaren esanean, institutu horiekin, hutsune bat bete nahi zuen Mandelak. Uste zuen Afrikak ez zuela asmatu bere baliabide natural oparoak ustiatzean, giza kapitala eta jakituria zientifikoa zein azpiegiturak falta zituelako. Horrenbestez, institutuekin, Afrikaren garapen ekonomikorako ezinbestekoa den jakituria zientifiko-teknikoa erein nahi izan zuen Mandelak.

Horrez gain, unibertsitateen eta institutu horien arteko bereizketa ere aipatzen du egileak artikuluan. Oro har, unibertsitateak irakaskuntzara mugatzen dira; institutuak, berriz, ikertzera. Jumaren iritziz, beharrezkoa da bi bideak uztartzea. Alde horretatik, oraindik lan handia egin beharko dela irizten dio, baina ez du zalantzarik Mandelaren ekarpena ezinbestekoa izan dela lehen pauso horiek emateko. Nabarmentzekoa da, halaber, Nelson Mandela izena daramatzaten Zientzia eta Teknologia Institutu Afrikarrek Hegoafrikako Errepublikako mugak gainditzen dituztela.

Prestakuntza zientifiko-teknologikoa alde batera utzita, hiesarekiko izan zuen jarrera ere gogorarazi dute. Esaterako, Science aldizkarian arlo horretan egin zuen lana laudatu dute. Aldiz, Frontline telebista estatubatuarraren webgunean,hiesari aurre egiteko borroka beranduegi babestu zuela salatu dute. Horretarako, 2009an Hegoafrikako Errepublikako Epaitegi Konstituzionaleko epaile bati egindako elkarrizketa bat ekarri dute gogora.

Justice Edwin Cameron izena du epaileak, eta, Mandela gobernuburu izatera iritsi zenean, hiesaren aurkako borrokaren eragileetako bat zen. Haren ustez, hiesaren aurka inoren adierazpenak eraginik izan bazezakeen, Mandelarena zen. Isilik geratu zen, ordea.

Cameronek onartu du, gerora, 2001. urtetik aurrera, Mandelak beste jarrera bat izan zuela, bai hitzez, bai ekintzez. 2005ean, adibidez, bere seme Makgatho hiesak hil zuela aitortu zuen; gaitzaren estigma pairatzen zutenentzat, sekulako garrantzia izan zuen adierazpen horrek. Cameronen iritziz, baina, Mandelaren eragina ere ez zen agintean zenean izan zezakeenaren adinakoa, eta beranduegi zen izurriaren zabalpena moteltzeko (presidente izendatu zutenean, infektatutakoen ehunekoa %5 zela gogorarazi du Cameronek; oso txikia oraingoarekin alderatuta). Gazi-gozoak, beraz, alderdi gozoena baino oroitzen ez dutenen ondoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.