Gorka Izagirre.
Euskal Herriko Itzulia. ERRELEBOKA

Tentsioa...

2017ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Ezer baino lehen, ez naiz erori. Badakit zuetako batzuek tropeletik kanpo eta astiro helmugaratzen ikusi nauzuela telebistan, baina ez naiz ni izan erori dena. Eroriko baten erruz, oina jarri behar izan dut lurrean, eta horregatik gelditu naiz atzean. Ondo nago, eta sasoiz ere bai. Tira, lerro hauek idazten ari naizenean, Korrika Bilbon dabil, eta ez naiz haiekin irtengo, baina pedal kolpe onarekin iritsiko naiz azken bi etapetara.

Tentsioa da gaurko [atzoko] etapako hitza. A ze tentsioa, abiadura handia, erorikoak... Erorikoak egon dira, eta asko oroitu dira duela bi urte Bilbon egon zen istripuarekin. Esan nahi dut gaurkoak ez duela zerikusirik izan ordukoarekin. Ordukoan hesirik-eta ez zegoen, baina gaurkoan ez dut uste hain kritikoak izan behar dugunik. Helmuga eta inguruak ondo zeuden.

Tentsioak, baina, berez dakar arriskua, eta gaur hasieratik ibili gara bizkor. Ia 50 kilometro pasatu dira ihesaldia egiteko, eta horiek ziztu bizian egin ditugu. Inguru politak igaro ditugu, kostaldea ederra da, baina itsasora begiratzeko denbora gutxi izan dugu. Mungiatik aurrera, gainera, areagotu egin da erritmoa, eta harekin tentsioa. Zuzendariak aurrera joateko eskatzen dizu, oilar guztiek egon nahi dute aurrean, eta horrek estutu egiten zaitu. Zorionez, pasatu dugu eguna.

Eta gaur, Arrate. Asko hitz egin da Matxariako igoeraz. Aia baino gogorragoa iruditzen zaidan galdetu didate, eta nik baietz uste dut. Etapa hura eta gaurkoaren arteko alde handiena, dena den, aurreko kilometroak dira, hiru aldiz igoko baitugu Usartza. Horrek, eta orain arte eginikoek, faktura garestia sor dezakete. Nik uste dut ez dela alde handirik egongo sailkapen nagusia irabazteko faboritoen artean, eta boskote bat iritsiko dela helmugara aurretik. Era berean, ez ninduke harrituko hautagai nagusietakoren batek, kinieletan agertzen diren horietako batek, gaur kale egingo balu. Nire inguruan bi ditut, Alejandro liderra eta Ion anaia, eta ondo ikusten ditut biak. Konfiantza ematen didate biek; ea ez dudan iragarpenetan kale egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.