Albistea entzun

Bidartetik Donibane Lohizunera

Lapurdiko itsasertzean eratutako xenda gozagarritik ibiliko gara, Atlantikoko uhinak bidelagun
Tamaina handiagoan ikusi

ALLANDE SOKARROS -

2007ko urtarrilak 12

Bidarte hegoaldean, Getariarekin mugan, kokatua den Uhabiako hondartza txikia izango dugu abiagune. Leku horretan lehenago izan zen arrantzale portutik ezer ez da geratzen gaur egun. Lehen urratsak hondartzan bertan egin ondoren, aski gutxi ageri diren itsasertzeko xendaren seinaleei jarraituz, zurez egindako eskailerei esker egingo dugu labarraren gora, Parlamentia auzuneko etxeen artean igarotzeko. Aberatsen etxeak direla hemengo hauek nabarmen ageri da eta dolurik gabe emango diegu bizkar, Santa Madalena kaperatik berehala itsasoaren albora berriro jaisteko; aldi honetan ere, eskaileretan behera.

Getarian bada portu txiki-txiki bat eta hemen topatuko ditugun ontsixkei agur eginda, aurrera jarraituko dugu, eguraldia egokia izanez gero, itsasoko funanbuluak diren surflariak ikusteko aukerarik izango dugularik. Xenda honetatik ibilita, ohartuko gara itsasertzeko landaredia ez dela batere urria, ezjakinez hala pentsa bagenezake ere. Itsas pinuak ikusiko ditugu, jakina, baita sahats eta huntzosto mota batzuk eta sastraka oparo bat ere.

Balda errekako bokaletik igaro eta berehala, Zenitzeko auzunetik ibiliko gara. Itsasertza ikaragarri itsustu duten eraikin handirik ez balin bada topatzen hemen, kanpinak eta bungalow eremuak, ordea, nasai daude, eta horiek ere ez diete mesederik egiten ingurumenari.

Eskerrak, haatik, itsaslabarrak eta itsasoak berak ikusmen ederrik eskaintzen digutela. Hegoalderat begiratuz gero ere, mendi tontor ezagunak izango ditugu begi bazka, Larrun noski, baina baita Xoldokogaina, Atxuria, Aiako Harria edo Jaizkibel ere.

ARTXILOAKO KURUTZETIK SANTA BARBA KAPERARAINO. Erromardiko hondartzaren gaineko harkaitzetatik hurbilago ala urrunago ibilita, Artxiloako kurutzerat iritsiko gara, eta dagoeneko Donibane Lohizuneko lurretan sartuta izango gara. Hemendik ere, orain arte egin dugun bideaz ohartzeko aukerarik izango dugu, ipar-ekialdera Miarritzeraino ematen baitu bistak. Artxiloago kurutzetik berehalaxe, eraikin bitxi baten albotik igaroko gara, erdaraz Crypte du Chevallier (Zaldunaren kaperatxoa) emana den honetan ehortzia delarik Belgikakoa zen Fermin Van Bree enpresa gizona. Oroigune hau eraikiarazteko baimena lortzearren, gizon horren meritu bakarra, antza, «Donibane Lohizune asko maite zuela» jakinarazia zaigu. Eskerrak Euskal Herria maite duten guztiei ez zaiela fabore hori ematen... bestela, alde guztiak mota askotako eraikinez josita izango balirateke!

Iazko abenduan, Artxiloako kurutzetik harat, itsasertzetik hurbilenik eratutako xenda paratzen ari zirelarik, apur bat lurren barnera ibiltzerat behartzen zuen ibilbide seinalatuak. Une batez ere arretaz ibili behar da, pankartetan seinalatuta izatetik bidearen galtzada gainean baitira emanak marka horiek, zehazki L'Hyppocampe izen ponpotxa eman dioten etxe aberatsaren aurretik. Kirolzaleentzako eremu batetik pasa eta gero, xendak Santa Barba lur muturrera eta hementxe eraikitako kaperara geramatza. Hortxe ere, oso-osoan ikusgai izango dugu Donibane Lohizuneko badia zabala, haratago Ziburu eta Zokoa ere ezagutuko ditugularik.

Hain zuzen ere, hemendik aurrera, badia bazterreko oinezkoentzako ibilbidetik ibiltzearekin amaituko dugu gure txango hau, hemen bai aldiz eraikin itsusien konpainiari ezin izango diogula ihes egin. Diruaren legeak zelako zatarkeriak eginaraztea zilegi egin duen gogoetatzeko aukerarik bada, beraz, Santa Barba eta Donibane Lohizuneko portua bitartean ia ordu erdi batez ibiltze honetan.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Olatu sinkronizatua

Berria

Bi urte barru Europako kultur hiribirua izateko bidean, bosgarren Olatu Talka lehertu da asteburu honetan Donostian, 250etik gora proposamen sinkronizatu eskainita parte hartu nahi duen orori. Sormena, kirola —argazkian, Easo igeriketa taldeko kideen atzoko erakustaldia—, aldarrikapena eta elkartasuna nahastu dira egitarauan. Donostiatik kanpo ere zabaldu da aurten eskaintza, gainera.

Alarmak piztuta

Berria

Nafarroan, berezko arraza batzuk galzorian

60 urteko gaztea

Berria

Fender Stratocaster gitarra elektrikoa, 1954tik doinuka

Hemen da Olentzero

Berria

Gaur kalez kale eta etxez etxe ibiliko da, haurren begiradapean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.