Gorka Azkarate.
Bertsolari Txapelketa Nagusia. Analisia

Mugatik

2013ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Historian lehenengo aldiz Araba hegoaldeko azken muturrera egin zuen jauzi txapelketa nagusiak atzo. Oionen jokatu zen lehenengo faseko azkeneko kanporaketa, Logroñotik bertatik kilometro oso gutxira. Inguru hori ere Euskal Herria baita, finean, muga izanagatik, eta txalotzekoa da nire iritziko Elkarteak aurten egin duen apustua, gure herriko erpin guztietan bertsoaren oihartzuna ozen aditu dadin. Pozik egoteko moduan dira bertako Txandrio bertso eskolako lagunak.

Oioneko saioa erabakigarria izatera deitua zegoen arren, ez zen halakorik gertatu azkenean, bertan jazotakoak apenas eragin baitzuen kilimarik sailkapen orokorrean. Atzoko saioko irabazle Etxahun Lekuez gain Oionen kantatu zuen beste bertsolariren batek ere hurrengo fasean behar zuela, hala zioten zenbait ahotsek Arroyo I.a pilotalekuko irteeran, baina ni ez nator bat uste horrekin: saioa maila apalekoa izan zen orohar, eta epaileek egoki banatu zituzten puntuak, nire aburuz.

Etxahun erregular aritu zen, eta erregulartasun horrek eman zion hurrengo faserako txartela. Izan zuen une dizdiratsurik ere larrabetzuarrak, hamarreko txikian Eneritz Zabaletarekin egindako bertsoaldia kasu. Zabaleta baionarra fresko aritu zen ofiziotan orohar, hamarreko txikiko aipatu bertsoaldi horretan bukaerei indar gehiago ematea falta izan bazitzaion ere.

Miren Amurizak ez zuen bere maila ematerik lortu, eta bigarren postua erdietsi izanagatik batutako puntuak ez ditu nahikoa izan aurrera egiteko. Kartzelako ariketan hurbildu zen bere mailara, baina aurretik kosta egin zitzaion asmatzea. Iratxe Ibarrari ere antzeko zer edo zer gertatu zitzaion: kartzelan lan oso ona osatu zuen, baina aurretik argiak eta itzalak tartekatu zituen. Gogoratzekoak markinarrak puntu erantzunetan josi zituen bertsoak. Sailkapenean atzera xamar geratu diren Maddi Sarasua eta Manex Agirreri dagokienez, itsasuarrak gaztetasuna eta eskarmentu falta izan zituen agian etsai atzokoaren tamainako saio batean. Etorkizun itxaropentsua du aurretik, baina txapelketa nagusi honek gazteegi harrapatu duelakoan nago. Agirre aramaioarrak saioa behetik hasi eta hamarreko txikian arratsaldeko bere ariketarik onena josi ostean, kartzelan gora egingo zuela espero zen. Ez zen halakorik gertatu, baina, ariketa horretarako aukeratu zuen doinuak, neurri handi batean, galbidera bultzatu zuelako.

Datorren astean, txapelketa-saio-abstinentzia-sindromea ahal den moduan pasa eta hamabost egun barru emango zaio hasera finalerdien lehenengo itzuliari. Ikusminak gora egingo duen neurri berean egin dezala gora saioen mailak.

PD: Aurreko batean nire gertuko bertsolagun zenbaitekin eztabaida izan nuen, txapelketako saioetan (orain artekoetan garbi ikusi dela uste dut) gaixotasunen eta medikuen munduarekin erlazionaturiko gai eta bertsoaldiek zenbateko presentzia daukaten. Niretzako behintzat, gehiegizkoa. Bertsoaldi sakona bilatu nahi denean ez al dago beste biderik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.