Gorka Azkarate.
Bertsolari Txapelketa Nagusia. Analisia

Oionera begira

2013ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Legazpi: Bertsoaren hiriburu atzo Legazpi: jendetza, egun batzuk lehenago sarrera guztiak salduta eta azken laurdenetako saio erakargarrienetako bat, kartelari erreparatuz gero. Pozik egoteko moduan dira Bertso Olariak bertso eskolako lagunak.

Apaletik: Saioak berak gehiago eman zezakeenaren sentipenarekin geratu nintzen ni behintzat. Egon ziren gauza politak, hori ezin da ukatu, baina saioa leherrarazten duten ofizio bete eta borobil horietako bat falta izan zitzaion Legazpiko bertso arratsaldeari. Eta saiatu ziren, gogotik gainera, sei bertsolariak, baina bide egokia aukeratzea kosta egin zitzaielako batzuetan edo gaia bera nahasgarri xamarra zelako besteetan, kontua da apal xamarretik joan zela, orokorrean, saio puntuagarria.

Elortza: Duela lau urte zapore gazi-gozoarekin atera zen durangarra Tolosatik, eta aurten arantza ateratzea du helburu. Behetik gorako saioa egin eta batez ere hamarreko txikian eta kartzelan nabarmendu zen. Horietan ikusi genuen benetako Elortza, bertsoak maisuki josten dituena, puntu motzak ezinezkoa dirudien moduan betetzen dituena, errimategi zabalekoa eta freskuraz kantatzen duena. Patuak hala nahita, Tolosara itzuliko da azaroaren 10ean, eta bertan itxi ahal izango du zirkulua.

Azpeitiarrak: Urbeltz pilotalekua lehertu beharrean animatu zituzten Uranga eta Lizaso azpeitiarrak euren herritik propio joandako zaleek. Lizasok saio erregularra egin zuen, kartzelako lan eder eta sinesgarri batekin errematatu zuena. Beretik kantatu zuen, barrutik, eta bertso txalotuak izan ziren oso kartzelako bere hiruak. Azken agurrean denboraldi batez bertsoa utziko duela ulertu uste izan nion, baina txorakeriak, finalerdietan behintzat kantatu beharko du... Lizasok kartzelako ariketan erakutsitako sinesgarritasuna falta izan zitzaion Urangari ariketa berean, nire ustez. Teknikoki bertso onak izan ziren bereak, akatsik gabeak ia, baina aukeratu zuen bideagatik edo, entzulearengana nekezago iristen diren horietakoak.

Gehiago: Mantxi bertsotan hasten denean zertarako gai den ez dut nik bi lerrotan deskubrituko. Ondo bidean finalerdietan izango den arren, Legazpin egin zuena baino saio dezente hobea egiteko gauza da zalantzarik gabe. Gehiago egiteko gai dela, alegia. Saiatu zen berezko txispa hori erakusten, baina kosta egin zitzaion eta loturik sumatu genuen une askotan.

Upategia: Ez dut ardoa oso gustuko, batere ez esatearren, baina larunbatean Oionen izango den puntu dantza baretzeko tragoren bat edan beharko dut agian upategi horietako batean... Ez da giro izango. Espero dezagun maila oneko bertso saio atsegin bat ikusteko aukera izatea, beste ezeren gainetik. Eta gero, gerokoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.