Patxi Zubizarreta.
HIRUDIA

Gaixo bi

2015eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Bi gaixo omen zeuden ospitale bateko gela berean. Biak ere larri egon arren, leiho alboan zegoena egunean behin nekez jaiki, eta, hara hurbildurik, leihoaren bestaldean ikusten zuena kontatzen zion gaixo etzanari: bikoteen musuak, haurren jostetak, eskaleen jukutriak... Eta orduen joan monotonoegian, une horiek bihotz altxagarri zitzaizkien bai gaixo kontalariari bai gaixo etzanari. Horra Txema Arinasek Bi donostiar zutabeak gogora ekarritako ipuin ezaguna, Anjel Lertxundik Eskarmentuaren paperak entseguan ere jasoa, eta fikzioaren aldarria egiten duena, izan ere leihora hurbiltzen zen gaixoa hiltzean, besteak gelakide zenaren ohera aldatzea eskatu baitzuen, eta harantzean leihotik kirika irrikatua eginik, patio bateko hormatzar grisa besterik ez baitzuen ikusi...

Txema Arinasek ez zituen bi gaixo hizpidera ekarri —edo bai, bi letrazauritu gutxienez bai—, bi idazle baizik: aditu eta jatorri bera izanagatik, horra hizkuntzaren hautu beretik ideologikoki arras desberdinak diren Arantxa Urretabizkaia eta Fernando Aranburu donostiarrak. Oraingoan ere zer pentsa eman zidan zutabekidearen lanak, eta zer oroitua ere bai: Lertxundik, ospitaleko oinarrizko egoeratik tiraka segitu zuen beharbada leiho alboko eria ez zela berez hil, ustez jaiki ezin zen gaixoak tarte batez oxigenoaren kablea inbidiaz nahitara kenduta baizik. Istorioari leiho gehiago ere zabaltzen zion Anjelek, baina orain artekoa nahikoa gurean euskaraz eta gaztelaniaz —frantsesez, agian Katixa Dolhare-Zaldunbidek emanen digu arrapostua— idazten dugunon egoera irudikatzeko, zeren oro har argi baitago egon dela etenik, egon dela errezelorik eta, funtsean, ez dela behar besteko komunikaziorik egon. Zorigaitzez, biek ala biek ere sarriegitan pentsatu izan dute bestea dela leiho alboan hobeki dagoena, laguntza eta estimazio gehien jasotzen duena.

Alabaina, kontua uste baino konplexuagoa da, hizkuntzaren haututik haragokoa ere bai, eta ezin ahantzi Eva Forest, Alfonso Sastre edo Jose Bergamin bezalako intelektualen gaztelaniazko lan konprometitua, nazio askapenaren mugimenduarekin uztartua. Ezin ahantzi, euskaraz egin arren, abertzaletasunari herrarik erakutsi ez, eta —ustez— gaztelaniaz naturaltasunez idazten duen Pedro Ugarte, edo Eli Tolaretxipi edo Jose Fernandez de la Sota bezalako beste idazle asko. Asko. Eta zinez kontu konplexua delako Txema Arinasek beste adibide batzuk ere erabiltzen ahal zituen, hala nola Luisa Etxenike edo Ramon Saizarbitoria bezalako beste bi idazle donostiar. Dena dela, berak bereak aukeratu zituen eta nago, sortuko bada, bi idazle hauen —eta gainerako guztien— testuetatik —eta patologietatik— sortu dela noizbait gure errelatoa, ezinbestean euskarazko, gaztelaniazko eta frantsesezko testuetatik. Kontu konplexua, baiki, eta Eduardo Gil Bera ere gogora datorkit, gaztelaniatik euskarara eta atzera gaztelaniara itzulitakoa; edo Mikel Azurmendi, euskaratik gaztelaniara joana, eta hor laketua; edo Matias Mujikaren libelo gogoangarria. Francisco Javier Irazokiren euskaltasun kritikoa gaztelaniaz dator eta lesakarra ere baden Xabier Silveira bertsolariak A las ocho en el Bule gaztelaniaz idatzi zuen, askoren harridurarako. Halaxe jokatu zuen Mariasun Landak ere Fiesta en la habitación de al lado lanean, nahiz eta Jesus Mari Lasaren itzulpenarekin batera argitaratu. Naturaltasuna eta promiskuitatea, beharbada bi kontzeptu horien artean garatuko da etorkizun dugun literatura.

Euskal argitaletxeek ere aspalditxo ekin zioten gaztelaniaz argitaratzeari, euskarazko lanak erdaratzeari, eta bide horri buruzko galdera ere interesgarria bezain kezkagarria zait. Joseba Gabilondoren tesiari jarraiki, alfaguarizazioari ihes egin, eta benetan eraginkorra al da Martutene nobelaren gaztelaniazko edizioa Ereinen eskutik argitaratzea? (bitxia da, baina Alfaguarak berak Hegoamerikako bere autore askori ukatu egiten die Espainian argitaratzea). Gogoa hizkuntzaren eta ideologiaren labirintoan galduxea, ezin dugu ahantzi literatura bera dugula ospitalizatua, eta askori hildura eragiten digula Hiru, Bassarai, Alberdania bezalako argitaletxeen patuak; eta, idazleena baino gehiago, irakurlegoaren egoerak: agian ez genuke ahantzi behar egungo haur eta gazte osasuntsuak izango direla biharko irakurleak eta batik bat azken hauek ditugula abandonatuen eta, ondorioz, axolagabetuen. Ruper Ordorikari entzun berri diot egungo gazte bat tergalezko galtzak erostera joatea bezalakoxea dela liburu bat erosten ikustea...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.