Patxi Zubizarreta.
HIRUDIA

Errelato korrelatuak

2015eko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Adar batean aurrera, katua ixil-mixilka ikusi zuen neskatilak. Baina txoria ere ikusi baitzuen, jauzi hilgarriari aurrea hartu, eta garrasi egin zuen. Hala bada, onik hegaldatu zen txoria, gabe alde egin zuen katuak eta pozarren joan zen neskatila. Bitxia bada bitxi, pasadizo hori ekarri zidan gogora Txema Arinasen Errelatoa izeneko zutabeak, beharbada errelatoaren auzia konplexua bezain interesatua iruditzen zaidalako, eta Suso de Torok gaineratzen zuen bezala, katemeak agian umeak zain zeuzkalako eta egun hartan goseak hilik utziko zituelako... Ez da erraza. Eta erraza ez delako, homonimo dudan idazleak 2008an ez zuen jakin zer erantzun semeak galdetu ziolarik ea zergatik zartarazi zuten bonba auto bat Legutioko kuartelaren aurrean —eta, barnean, umeak—, ea posible zen bonbak errepidean halako zuloa eragitea —eta, barnean, berak zuloa—; idazleak, istorio bat guardiaren semearengan fokalizatuz, Pikolo ipuinaren bitartez eman zion nola-halako arrapostua. «Liburu deserosoa, antza, soilik Arrasate eta Urnietako eskoletara joan bainaiz horretaz hitz egitera».

Alabaina, hizkuntzaren hautu beretik egokitzen zaio euskarazko idazleari ideologiaren susmoa eta zama, nazionalista etiketa. Suposizio horri gure egoera urteetan gaiztotua gaineratuz gero, ondorio benetan larriak ezagutu izan ditugu: Nagib Mahfuzen euskal itzulpenak argitaratzeko debekuaren jatorria ez zegokion idazleari edo Kairoko agenteari, Madrilgo agentzia literarioko buru ustez burutsuari baizik: «Euskara terroristen hizkuntza izaki, hobe ez argitaratzea» (sic). Eta, egia esatera, Txema, giro horretan euskal idazleari babes eta atxikimendu eskaerak, tamalez, kasik soilik ezker abertzaletik eta presoen ingurumaritik egin izan zaizkio. Baina gertatu izan da eguerdian presoen aldeko manifa batean agertzea eta arratsaldean atentatu lazgarri baten albistea jasotzea. Errelato gaiak oroitzen hasirik, oraindik ere ezin ahantzi Buesa eta Diezen kontrako atentatua (2000), eta etxetik bertatik entzundako leherketa burrunbatsua; edota, hurrengo egunetik bertatik, Egunkaria kioskoan ezkutuan eskuratu behar izana, hizkuntzaren hautu beretik ere badatorkiolako euskal hiritarrari ideologiaren zama. Iban Zalduak dioen bezala, gatazkak, izango ez du ba presentzia gure lanetan? Zinez, errealitatearen gordinak eta sufrikarioak hainbat patologia eta zehar kalte ekarri zuten gure letretara; gaztelaniaz bereziki zapuztu egin zuten hainbat intelektualen diskurtsoa eta euskal mundutxoan literaturak horren berezkoa duen ni-ari gu —edo Herri— hertsigarria inposatu zioten.

Bost idazle Hasier Etxeberriarekin berbetan lan betiere argigarrian honelakoak irakur daitezke: «Biolentziaren ondorioak ez dira on aurrera egiteko prozesu politikoan, momentu honetan ez dute herriaren kontzientzia handitzen, jaitsi baizik (...). Biolentzia guztiak ez dira iraultzaileak, eta bada momentu bat indarkeria ez dena politikoki errentagarria ezkerrarentzat, ez duela gizartea hoberako aldatzen laguntzen. Borroka da bidea dio esloganak, baina bidean aurrera ezinik gabiltza, hain zuzen ere borroka mota horrek immobilismoa ekarri duelako». Koldo Izagirreren hitzak dira, 2002koak, baina antzera mintzo zen Joseba Sarrionandia, borrokaren epikotasuna edo lirikotasuna gaitzetsiz. Zentzu horretan, Arinasen zerrendan, Sarriren Lagun izoztua nobela kritiko eta autokritikoa nabarmentzearekin batera, nik Mikel Sotoren Haginetako mina eta Mikel Aierberen Nuestras guerras. Relatos sobre los conflictos vascos ipuin antologiak edota Itxaro Bordaren Hiruko lan ahantzixea gaineratuko nituzke.

Ez da erraza eta ez dago giro —totalitarismo askotarikoak kutsatua du elkarrizketarako espiritua—, baina nago ikuspuntu baino areago ikuspegi arazoa dugula, oraindik goiztxo ez ote den, alegia (Jorge Semprunek 16 urte behar izan zituen kontzentrazio eremuko izugarrikerien gainean hitz egiten hasteko —La escritura o la vida—); nago garaile eta garaitu eskema berrestera —edo alde batekoen biktimen kontaduria— datorren kondaira baino gehiago kontakizunak behar ditugula, pluralean; «Ez dugu onartuko psikopatek eta terroristek gertakarien errelatoa idaztea», esan zuen barne ministroak Gasteizen eraikitzekoak diren Terrorismoaren Biktimen Memoriala iragartzean, «Egia historikoa jasoko du» (sic); eta, finean, nago bizi dugun bakezko egoera berria askoz gehiago preziatu eta probesturik, ez ote den gehiago pentsatu behar etorkizunaren orrialde zurian zer idatzi nahi dudan. Duzun. Dugun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.