Albistea entzun

Beroa, eguneroko lankide

Uda ez da soilik atsedena hartzeko sasoia. Askok eta askok lanean jarraitzen dute buru-belarri, baita bero handiko egunetan ere: esaterako, sorosleek, nekazariek, lan bertikaletako langileek eta okinek.
Gregorio Zuaznabar nekazari eta abeltzaina, Anoetako Sarobe baserriko baratzean uzta biltzen.
Gregorio Zuaznabar nekazari eta abeltzaina, Anoetako Sarobe baserriko baratzean uzta biltzen. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS

Saioa Alkaiza eta Maialen Belarra -

2013ko abuztuak 4 - Iruñea

Uda iristeko irrikan egoten dira asko eta asko. Oporretara joateko garaia da batzuentzat, bestaz besta ibiltzekoa beste hainbatentzat... baina txanponaren beste aldean, bada udako eguzki izpien eta beroaren azpian lan egiten duenik ere.

Elkarren artean oso desberdinak diren lanak dira horietako asko: sorosleak, nekazariak, eraikinetan zintzilik ibiltzen diren langileak; eta okindegiko beroa bertatik bertara jasaten duten langileak.

AITANA PEREZ Soroslea

«Oso garrantzitsua da soroslea denentzat ikusgarri egotea»

SHEE Soin Hezkuntzako ikaslea da Aitana Perez (Iruñea, 1992), baina udan sos batzuk irabazteko Txantrea auzoko igerilekuetan egiten du lan (Nafarroa). Orain dela hiru urte lortu zuen lanpostu hori, eta gaur egun ere horretan dihardu. Eguzkipean egoten da, uretara begira, ezbeharrik pasa ez dadin adi-adi.

Beroarekin lan egitea «oso gaizki» darama. Ez dauka eguzkiari aurre egiteko trikimailurik, besterik gabe, 50eko krema eman eta ur asko edaten du. Igerilekuak ematen dio beharrezko materiala: krema, ur kantinplora eta eguzkitako betaurrekoak. «Uda pasata, betaurrekoak bueltatu behar dizkiegu! », kritikatu du Perezek irri eginez. Eguraldi txarra nahiago duela esan du. Eguraldi txarra egiten badu, jende gutxiago joaten da igerilekura. Hala, kafea hartzeko tartea izaten du: «Hemengo tabernariak oso jatorrak dira! », dio barrez.

Eguzki estalki baten azpian pasatzen ditu orduak, aulkian eserita. Soroslearen mahaian uzten ditu lanaldiko sei orduak pasatzeko behar dituen gauza guztiak: botika kutxa, ura, eta liburu bat.

Oraindik ez du itotako inor artatu, eta ez du izan uretan murgildu beharrik ere. Kontu arinagoez arduratzen da: «Umeren bat eroriz gero, nire ardura da zauria sendatzea; eguzki kolpeak erasandakoak tratatu behar ditut; orain, Asiako liztorrak heldu dira, eta deus ez pasatzea zaindu behar dut... ». Perezek onartu du aulkian eserita ematen duela denbora gehiena, baina segurtasunarengatik egoten da eserita: izan ere, «oso garrantzitsua da soroslea denentzat ikusgarri egotea». Haren iritziz, «lan ona» da soroslea izatea, eta antzematen da gustura dagoela. Igerileku ertzean egoten da, ingurua zainduz. Dena den, ez da batek baino gehiagok pentsa dezakeen bezain erraza; «Ez da igerilekura joatea, eta listo». Sorosle izateko titulua lortu behar izan zuen, aurrena. Gainera, behin postua eskuratuta, asko dira zaintza behar bezala egiteko debekuak: «Ezin zara bainatu; dutxatu zaitezke, bero kolperik ez izateko, baina gero aulkira etorri behar duzu». Eta eserita egonda ere, sorosleek ezin dute egin denbora galarazten dien deus: «Ezin dugu irakurri, ezin dugu musika entzun...». Debekatuta badago ere, Perezek liburu bat dauka mahai gainean, eta behin edo behin irakurtzen duela aitortu du: «Berez, ezin dut irakurri, baina... malguago jokatzeko aukera ere badugu». Eguerdian, igerilekua hutsik egonez gero, irakur dezake; baina, jende asko dagoenean,ez du irakurtzen.

GREGORIO ZUAZNABAR Nekazari eta abeltzaina

«Atsedenaldiak itzalean pasatzen ditugu»

Sarobe baserrian bizi da Gregorio Zuaznabar (Anoeta, Gipuzkoa, 1961). Villabonatik Anoetarako bidea hartuta, mendian. Baserria du lantoki eta bizilekua. Baserrian dauka baratzea, eta ondoko larreetan dauzka esne behiak. Nekazaritza ekologikoa lantzen du, eta ez zaio ardura euripean edo eguzkipean aritu beharra.

Goizero, 06:00 aldera jaikitzen da. Behiak jezten ditu, eta ondoren banaketa egiten du; garaiko barazkiak, esnea eta jogurtak eramaten ditu Anoetako, Villabonako, Zizurkilgo, Andoaingo eta Tolosako etxeetara.

Ohituta dago beroarekin lan egiten. Hala ere, berorik handiena dagoenean deskantsatzen saiatzen da: «Goizak eta iluntzeak aprobetxatzen ditut lan egiteko». Baina, lan guztiak ezin ditu eguzkitik babestuta egin. Adibidez, belarra mozteko ona da eguzkia, eta, gogor jotzen badu ere, buru-belarri aritzen da. Izan ere, «sakrifizioa exijitzen du baratzean lan egiteak».

Betidanik baserrian ibili delako, ohituta dago eguzkiak gogor jotzen duenean ere lan egiten. Lehen egiten zen bezala aritzen da baratzean; eguzkitarako kremaren beharrik ez duela dio, eta ez du inongo neurririk hartzen beroari aurre egiteko. Formula bakarra dauka eguzki orduak jasateko: ur asko edatea.

Lurra lantzeko ezinbestekoa da eguraldiaren gorabeherak ulertzeko gai izatea, eta antzematen da Zuaznabarrek eguraldia aztertu eta ulertzeko erraztasuna daukala. Haren ustez, «arraroa» izan da aurtengo udaberria. Horren ondorioz, uda ere «aldakorra» izaten ari da: «Aurten, uzta atzeratua dator. Udaberri bustia egin zuen, eta oraindik hazi gabe dauzkagu hazita beharko luketen barazkiak», nabarmendu du. Udaberri busti horrek nekazarien lana atzeratu zuen. Hala azaldu du Zuaznabarrek: «Sanjoanak arte hotza egin zuen, eta hotz horrek ereiteko eta aldatzeko garaia atzeratu digu».

Eguraldiaren gorabeherak lana zaildu arren, baratzea barazkiz beteta dauka Zuaznabarrek: «Letxugak, porruak, tipulina, tipula, patata, kalabazina, lekak, ziazerba... denetarik daukat!», dio egindako lanarekin harro.

Beltzaran egotea ez zaio batere ardura Zuaznabarri: «Lanean ari garen bitartean ematen digu eguzkiak nekazarioi, baina atsedenaldiak itzalean pasatzen ditugu». Ez da igerilekura eguzkia hartzera joaten diren horietakoa.

Baratzean dauka beti burua. Jada garrantzi gutxi ematen dio udari, izan ere, aurrerantzean landatu beharreko barazkietan ari da pentsatzen. Negua nola helduko ote den aztertzen hasia da, oraindik abuztua izan arren.

PABLO LARUNBE Behargin bertikala

«Askotan, eten txikiak egiten ditugu eguzkitik ihes egiteko»

VerticalA5 enpresako behargina da Pablo Larunbe (Iruñea, 1973), eta denetik egiten duela adierazi du: «Igeltsero lanak, eraikinak berritu, teilaberritu, erretenak garbitu, tximiniak muntatu, segurtasun sokak muntatu... denetik egiten dugu; denen jakitun gara, baina ezeren maisu». Larunbek zintzilik igaro ohi ditu zortzi bat ordu astelehenetik ostiralera; goizeko zortzietatik arratsaldeko lau eta erdietara. Tartean hamaiketakoa jateko eten bat egiten dutela onartu du, baina halere, eten luzeegiak ez egiten saiatzen dira, guztia muntatzen denbora behar baita.

Eguzkiaren printzen berotasunari aurre egiteko, botila handi bete ur izaten dute beti eskura, baita freskagarri isotonikoren bat ere. «Askotan, beroarekin zorabiatzeko arriskua dago, eta, horrelakoetan, lana pixka batean utzi eta freskatzera joaten gara». Edariaz gain, eguzkitako betaurrekoak, norbera babesteko ekipamendua (EPI), txapela edo kaskoa eta eguzkitako krema erabiltzen dutela dio. Bestalde, «garrantzitsua izaten da kamiseta mahuka-luzea eramatea; nahiz eta beroa pasatu, hobea izaten da izerditzea, eguzkiarekin erretzea baino».

Iazko udan ez zuen hainbeste bero egin, eta, Larunberen hitzetan, tenperatura «bikaina» egin zuen lan egiteko. «Aurtengoa jasangaitza ee izaten ari da; gaur beroa eta bihar bero handiagoa». Horrez gain, telaren bat irazgaitz bihurtu behar denean, edo kriseiluarekin eta sopletearekin lan egitean, beroa sekulakoa izaten dela onartu du. «Estalpetan ere beroa pasatzen da, zeramika berotzen delako, eta hankak azkenean egosi egiten dira».

Altueran lana egitera ohitu dela onartu du langileak. Hasieran, beldur edo errespetua ematen zion altuerak, baina azkenean ohitu egin da: «Lan guztietan bezala, honetara ere egokitu egin behar da, eta komeni da bertigorik ez izatea», dio barrez. Lanean izan diren eraikinik altuenak 60 metro inguru zituela adierazi du Larunbek. Hala ere, mota guztietako eraikinetan zintzilikatzen dira.

Urte osoan irteten dira grabitatearen legeari aurre egitera, baina, antza, euria egitean ezin dira zintzilikatu. Goitik behera bustitzeaz gain, estalki batean egonez gero, irristakor egoten da, eta arriskutsua izaten da. «Pena da ezin izaten garelako irten, eta, beraz, lana nahiko jaisten da neguan. Gainera, badaude produktu batzuk eguraldi hotzarekin ezin direnak ezarri».

Dena den, uda ez da hobea izaten, hala onartu du Larunbek: «Beroarekin lan egitea ez da erraza. Askotan, eten txikiak egiten ditugu eguzkitik ihes egiteko, ezkutatzen saiatzen gara». Horrez gain, berorik handiena egiten duen momentutan itzalean lan egiten saiatzen dira.

MARTA OTERMIN Okindegiko langilea

«Labearen ondoan lan egitea ez da inoren gustukoa izaten»

Marta Otermin (Doneztebe, 1992) ikaslea izateaz gain, Elizondoko (Nafarroa) Artesana okindegiko langilea ere bada. Familiaren okindegia izanik, familiako kiderik gehienak ibiltzen dira bertan lanean. Aita arduratzen da ogia egiteaz, bi laguntzailerekin batera, eta Oterminek saldu egiten du, amari lagunduz. Goizetan egiten du lan Doneztebeko gazteak okindegian. Berorik handiena beaitak pasatzen duela onartu arren, haiek ere ez direla libratzen dio: «Guk ere labearen ondoan egiten dugu lan, ogia handik hartzen baitugu. Labea 200 gradutan egoten da, eta, ondorioz, gelatxo horretan 30 gradu inguru egiten ditu. Askotan, beroa jasanezina izaten da».

Oterminek adierazi duenez, ogia egun osorako egiten dute, eta askotan sobratu egiten da. Horrelakoetan, ohiko bezero diren baserritarrei ematen diete ogia, euren aziendari emateko.

Lan egiteko, gerriraino iristen den mahuka luzeko zein motzeko txabusina txuri bat erabiltzen dute. «Txabusinak beroa ematen du, azken batean horren azpitik kaleko jantzia daukagulako», dio Oterminek. Beroari aurre egiteko, ura edaten dute; zurrustaz gain, ur «hotz-hotza» ere badutela azaldu du: «Ura trago batean edaten du askotan, botila husteraino». Hala ere, argitu du ur gehiena aitak edaten duela.

Oterminek azaldu duenez, bezero askok —tartean obretako langileek— esan izan diete okindegian sekulako beroa pasatuko dutela, baina Oterminek ez du zalantzarik egiten errepidean lanean ibiltzen direnek askoz bero handiagoa pasatzen dutela: «Guk labearen ondoan egiten dugu lan, baina langileak eguzkipean egoten dira beti, eta hori jasanezina izango da; hala ere, egia da labearen ondoan lan egitea ez dela inoren gustukoa izaten».

Gehienetan etxera iritsi, eta dutxa hotz bat hartzeko gogoa izaten du. Aurtengo udako eguraldia ezohikotzat jo du Oterminek, eta, okindegian dagoen beroari kanpokoa gehituz gero, errazago nekatzen dela aitortu du, ahulago dagoela. «Iaz, ez zuen hainbeste bero egin; aurtengoa ez da guztiz normala, eta hori asko nabaritzen da lan egiteko orduan». Gainera, Baztandarren Biltzarreko besta dela-eta jende asko sartzen da ogia erostera, eta, azkenean, jende asko ibiltzeak ere beroa dakarrela adierazi du.

Dena dela ere, okindegian lan egiteak ere badu bere alde onik. Neguan, esaterako, kanpoan hotz egiten badu ere, lantokian sartu eta goxo-goxo egoten dela adierazi du.

Udako egunik gogorrenaz galdetuta, Oterminek Baztandarren Biltzarra eta Elizondoko bestak aipatu ditu. «Herriko bestetan Jakue eguna izaten da jendetsuena, bestetako egunik handiena izateaz gain, jai baita».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Olatu sinkronizatua

Berria

Bi urte barru Europako kultur hiribirua izateko bidean, bosgarren Olatu Talka lehertu da asteburu honetan Donostian, 250etik gora proposamen sinkronizatu eskainita parte hartu nahi duen orori. Sormena, kirola argazkian, Easo igeriketa taldeko kideen atzoko erakustaldia, aldarrikapena eta elkartasuna nahastu dira egitarauan. Donostiatik kanpo ere zabaldu da aurten eskaintza, gainera.

Alarmak piztuta

Berria

Nafarroan, berezko arraza batzuk galzorian

60 urteko gaztea

Berria

Fender Stratocaster gitarra elektrikoa, 1954tik doinuka

Hemen da Olentzero

Berria

Gaur kalez kale eta etxez etxe ibiliko da, haurren begiradapean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.