Parisko atentatuen ondorena. Segurtasun politika

Dresdengo hilketa eraso xenofobo bat izan daitekeela uste dute

Erredakzioa -

2015eko urtarrilak 17
Kahled Idris Bahray Dresdenen (Alemania) hilik aurkitu zuten Eritreako errefuxiatu gaztea eraso xenofobo baten ondorioz hil zela dioen hipotesia indarra hartzen ari da. Polizia iturriek ez dituzte hilketaren nondik norakoak argitu, baina Alemaniako hedabideetan hedatzen ari den bertsioaren arabera zantzu guztiek hipotesi horretara daramate.

Astelehen iluntzean eraso zioten Bahrayri supermerkatura erosketa batzuk egitera irten zenean. Egun horretan Pegida islamizazioaren aurkako taldeak asteroko manifestazioa egin zuen. Iazko urrian hasi ziren biltzen, eta astetik astera handituz doa jasotzen ari diren babesa. Asteleheneko protestan, esaterako, 25.000 lagun bildu ziren.

Bahrayk 20 urte zituen. Beste errefuxiatu batzuekin bizi zen pisu batean; hain zuzen ere, bizi zen eraikinean pintaketa batzuk agertu ziren orain dela egun batzuk. «Harrapatuko zaituztegu» jartzen zuen horietako batean.

Poliziaren jarduna, jomugan

Zeresana eman du Poliziaren jardunak. Bahrayk bere buruaz beste egin zuela uste zuen hasiera batean Poliziak, eta handik gutxira jakinarazi zuen hilketa izan zitekeela. Gorpua aurkitu, eta hura ikertzera 24 ordu geroago joan zirela ere zabaldu da; Poliziak izan duen «utzikeriagatik» salaketa jarri du Volker Beck-ek, Bundestageko berdeen diputatuak. Helma Orosz Dresdengo alkateak, berriz, gertaerak galdera ugari sortzen dituela aitortu du. Hala ere, Polizian eta Fiskaltzan erabateko konfiantza duela gaineratu du.

Dresdenen bezala, Alemanian gehitzen ari dira etorkinen aurkako erasoak. Iaz 23 sute izan ziren Alemaniako harrera etxeetan. Egoerak bultzatuta, etorkinak babesteko mugimenduak ere ari dira sortzen, Pegida indarra hartzen ari dela kezkatuta. Bahrayren hilketa salatzeko mobilizazioak egingo dituzte asteburu honetan. Dresdenen —lehen aldiz— eta Berlinen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna