KRITIKA. Musika

Zutik hobeto, eserita baino

Apocalyptica taldeko bi kide, herenegun, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU.
Inaxio Esnaola Aranzadi.
2018ko apirilaren 10a
00:00
Entzun

Apocalyptica

Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Apirilak 8.

Bertsio taldeen fenomenoak gorakada nabarmena izan du azken urteetan. Denak, ordea, ezin dira zaku berean sartu. Apocalyptica salbuespenetako bat da. Metallicaren kantu ezagunen moldaketak eginez lortu zuten ospea, baina lau txelorekin interpretatuta era instrumentalean. Plays Metallica by Four Cellos diskoaren hogeigarren urteurreneko nazioarteko birak arrakasta izan du, eta Donostiako Kursaaleko areto nagusia betetzetik gertu izan ziren, pasa den igandean.

Erakargarritasun bikoitza sortzen dute finlandiarrek. Batetik, Metallicaren moldaketak eskaintzen dituztelako, eta, bestetik, beren ikuskizuna bereizgarria delako. Bi orduko emanaldia eskaini zuten, atsedenaldi bat tarteko. Izan ere, kontzertua bi zatitan banatu zuten. Lehendabizi, Eicca Toppinen, Perttu Kivilaakso, Paavo Lotjonen eta Antero Manninen txelo joleak bakarrik aritu ziren agertokian. Ondoren, Mikko Siren bateria eta perkusio jotzailearekin aritu ziren.

Eserita abiatu zuten kontzertua musikariek, eta baita ikusleek ere. 1996. urtean atera zuten lehen diskoko zortzi bertsioak bata bestearen atzetik eskaini zituzten. Enter Sandman ezagunarekin hasi, eta Welcome Home (Sanitarium) ederrarekin bukatu zuten lehen zatia. Bitarte horretan, hainbatetan zutitu ziren txeloak astintzera distortsio eta efektuekin, Manninen betaurrekodun serioa izan ezik. Ikusle hainbatek ere zutitzeko beharra sentitu zuten.

Atsedenak erritmoa hautsi bazuen ere, zetorrenak sentsazio hura gainditu zuen. Perkusio eta bateria metalikoa bidelagun, Kaliforniako bandaren beste hainbat moldaketa eder jo zituzten. For Whom The Bell Tolls eta Seek & Destroy kantuekin zutik eta kantuan jarri zuten aretoa, eta gogoangarria izan zen Battery biziarekin askatu zuten elektrizitatea. Toppinen gidari ilehoria eta Kivilaakso kide gazteena izan ziren gehien mugitu zirenak, baina laurek erakutsi zuten hatzekin duten trebezia. Azkenerako utzi zituzten Nothing Else Matters balada ezaguna eta One, gerren aurkako ereserkia.

Kantu propioak eskaintzeko itzultzen badira, horrelako harrera beroa merezi dute. Metallicari esker dira ezagunak, baina ibilbide ederra egin dute moldaketak eta sormena landuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.