Immigrazioa EBn. Frantziako atzerritarren eskubideen legea. Christophe Desprez. Cimadeko kidea eta abokatua

«Legea zapaltzailea da; zaurgarrienak ez ditu kontuan hartzen»

Administrazioari botere handiagoa eman, eta medikuen eta epaileen rola apaltzen du atzerritarren eskubideen lege proiektuak, Desprezen arabera. Abokatuak salatu du ez dituela egungo arazoak konpontzen.

BOB EDME.
Adrian Garcia.
2015eko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Lege proposamenak kezkatu egiten ditu etorkinen eskubideen aldeko elkarteak, azken urteetako politikak leundu ez, eta atzerritarrak zaurgarriago egiten dituelako. «Lege zapaltzailea da», salatu du Christophe Desprez (Roubaix, Frantzia, 1964) Cimade elkarteko kide eta abokatuak. «Administrazioaren lana sinpletzea du helburu bakarra».

Hiru urte behar izan ditu gobernuak lege erreformari ekiteko. Uztailean ere asilo eskatzaileen lege proiektuari heldu zioten. Zergatik orain? Zerikusirik ba al du Mediterraneoko migratzaileen ezbeharrarekin?

Berez, ez zegoen presarik lege erreforma honi heltzeko. 2013koa da migratzaileen ibilbidearen segurtasuna bermatzeko diputatuek onartutako azken txostena. Ez dakit zergatik kolpe batean dena azkartu behar izan duten. Asilo eskubidearen legearekin batera dator lege hau. Ziurrenik, gaurkotasun kontu bat da, herritarrei erakusteko zerbait egiten dutela. Kontu hauek garrantzitsuegiak dira presaka arautzeko.

Hainbat urtetarako baimen bat, baina kontrol zorrotzagoak. Aurrerapausoa al da lege proposamena?

Elkarteak desilusionatu egin dira lege proposamen honekin. Bai, hainbat urtetarako baimen bati buruz hitz egiten dugu, baina askotan esan dugu: aproposena behin-behineko baimena ematea da, lehen egiten zen moduan. Eta ez da hori kasua. Gainera, lege proposamen honek, bere osotasunean, joera oso arriskutsuak erakusten ditu.

Adibidez?

Administrazioak edozein unetan atzerritarrei buruzko informazioa jaso dezake. Susmoa printzipiotzat hartuta, haien datu pribatuak jaso ahal izango ditu. Susmoa nahikoa da. Atzerritarrak are babesgabeago geratuko dira. Baimena eskatzeko prozeduraren etapa bakoitzean, administrazioak auzitan jar dezake eskaera, berraztertu, egiaztatu... Proiektua erabat zapaltzailea da.

Ez du, orduan, atzerritarren egoera hobetuko.

Helegiteak jartzeko epeak oso laburrak dira. Segurtasun indarrek atzerritar bat atzeman eta atxikitze zentrora eramaten dutenean, administrazioak bost egun ditu justiziaren aurrera eramateko. Lehen, 48 ordu behar zituen, baina orain urte batzuk legea aldatu zuten. Guk eskatu dugu epailearen aurrean lehenbailehen eramateko. Bost egun horietan, administrazioak migratzaileak etxera bidaltzen ditu, kanporatu egiten ditu herrialdetik, epaileen baimenik gabe. Eta horri eutsi egin diote lege proiektuan. Legeak ez ditu konpontzen orain ditugun arazoak, eta are zaurgarriago egiten ditu atzerritarrak. Oso kezkatuta gaude.

Gaixo dauden atzerritarren egoera salatu duzue.

Bai, lege proposamenak ez die atzerritarrei babes juridikoa bermatzen, eta hori beste adibide bat da. Orain arte Eskualdeko Osasun Erakundeak aztertzen zuen gaixoa, eta haren ebazpena hartzen zen kontuan. Alegia, mediku batek zuen azken hitza. Lege proposamenarekin, ordea, artatzeko Frantzian geratu ahal izateko erabakia OFI Immigrazio eta Integrazio Bulegoak hartuko du. Ikaragarria da, mediku bati dagokion erabakia administrazioari, Barne Ministerioari zehazki, lotutako sail batek hartuko du.

Prefetak orain baino botere handiagoa izango du.

Boterea administrazioari ematen diote, segurtasuna bermatu beharrean. Prefetak gero eta botere handiagoa du, burokrazia azkartzeko eta eraginkortasunaren aitzakian. Baina guk defendatzen dugu epaileek eta medikuek rol garrantzitsuagoa jokatu behar dutela. Lege proposamen honek, ordea, kontrakoa egiten du.

«Talentuen pasaportea» aipatzen du legeak. Zer deritzozu horri?

Ez da berria kontu hori; aspaldi ezagutzen dugu. Asko gustatzen zaigu esatea jendea ona dezakegula zerbaitetan onak badira. Baina arazoa ez dago hor. Atzerritarren eskubideen arazoa ez da talentua dutenak herrialdean sartu ezin direla.

Zein hutsune ikusi dizkiozu legeari?

Larriena adingabeen atxikitzeari buruzkoa da. Hiru urtetik beherakoen atxikitzeari buruzko araurik ez dago, eta auzi horri heltzeko proposatu du lege proiektuak. Gure jarrera argia da: eskubideen aldeko erakunde gisa, irmo defendatzen dugu adingabeak inola ere ez direla atxiki behar. Babes eskatzaileak, paperik gabekoak, indarkeriaren biktimak... ez ditu kontuan hartzen. Kolokan daudenak legetik kanpo geratzen dira. Administrazioaren lana errazteko xede bakarra du legeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.