Juan Luis Zabala
HIRUDIA

Hogeita bost txio eta hiru aldarri independentziarako

2017ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Erlijio abertzalearen fededunak» aipatu zituen, besteak beste, Txema Arinas zutabekideak gaur zortziko bere artikuluan (Bere egia esategatik), «Aresti edo Imanol bezalakoei egindako min zein iraina aitortzea» dagokiela adierazita, «guk bezala pentsatzen ez zutelako, beren kasa irizten ausartu zirelako». Nik, zutabekide estimatuak idatzitakoa ontzat harturik, idazle, kazetari eta itzultzaile gisa bildutako eskarmentuan oinarrituta, eta plaza honek ematen didan aukeraz eta zilegitasunaz abusatuta, «erlijio abertzalearen fededunei» beste proposamen bat egiten ausartzea erabaki dut, inork kasurik egiteko esperantza handirik gabe baina, aldi berean, inork kasurik eginez gero, errieta erretxindutik suma diezaiokeenaz ahaztu eta eztabaidarako abiapuntu apal eta irekitzat har dezan eskatuz, hogeita bost txio eta hiru aldarritan honela laburbildua:

Euskarazko prentsari kasurik ere egiten ez dion abertzale bat erdarazkoari katigatuta ikustean, zerbait hausten zait bihotzean, kra!

Abertzaletasuna berritu behar omen dela eta: euskaraz ikasten ez duen abertzale erdaldunak zer aberri du buruan?

Baina bada larriagorik, absurdoagorik: zer aberri du buruan euskaraz alfabetatu ez den abertzale euskaldunak?

Abertzaletasunaren lerroetan (barka hizkera militarra) euskarari buruzko kezka axalekoa da oro har, bereziki hierarkien beheko mailetan.

Ez-abertzaletasunaren lerroetan (barka berriz hizkera militarra) euskarari buruzko kezka are axalekoagoa da, hierarkien maila guztietan.

Euskaldun gehienontzat harrotasun handia da euskaraz jakitea, erosotasun handiagoa erdaraz aritzea.

Herriko euskara, hori bai autentikoa! Eta herriko euskarak balio ez duenerako, autentikoak garenez, euskara batuaren ordez, erdara.

Euskara batua artifiziala dela diotenek, zer hizkuntza naturaletan irakurtzen dute, entzuten dute irratia edo ikusten dute telebista?

Jendaurrean bere herriko erdaran mintzo dena artaburua dela diogu; jendaurrean bere herriko euskaran mintzo dena, naturala eta herrikoia.

Erdara batuan ondo mintzo dena jakintsua dela esaten da; euskara batuan ondo mintzo dena, pedantea.

Supermerkatuan, «punto álgido» entzun diot bezero bati; irratian, «momento kunbrie» esan du abokatu batek. Ze politxe dan euskerie!

Erdaldun askok seme-alaben euskalduntzea bezala uzten dute euskaldun askok seme-alaben alfabetatzea eskolaren esku, ardurei uko eginez.

Erdaldunak beren ama hizkuntza uztera bultzatzen baditugu, euskaldunok geurean alfabetatzen saiatu beharko dugu gutxienez, ezta?

Euskarari batasuna eta gure alfabetizazioa ukatzea alabari edo semeari eskola ukatzearen parekoa da.

Erdaldunak, umeak bezala, jabetuta daude euskaldun gehienak euskaraz analfabetoak direla, eta erabilera jasoetarako erdara darabiltela.

Bi hizkuntza badakizkizu baina bakarrean alfabetatuta bazaude, alfabetatuta zauden hori zabalduko duzu, maiteena bestea izan arren.

Hizkuntza bat ez da galtzen dakitenek hitz egiten ez dutelako, hitz egiten dutenak hizkuntza horretan analfabetoak direlako baizik.

«Analfabetorik okerrena analfabeto politikoa da» (Bertolt Brecht). Ados. Baina norberaren hizkuntzan analfabeto den alfabetatua ere...

Euskarak aurrera egingo badu, aldameneko erdaldunak baino askoz ere alfabetatuagoak eta kultuagoak izan behar dugu, geure hizkuntzan.

Euskaldun denok euskaraz alfabetatuta ere, oso zaila izango dugu espainol/frantses izateari uztea; euskaraz alfabetatu gabe, ezinezkoa.

Euskaldun denok euskaraz alfabetatuta ere, oso zaila izango dugu hizkuntza-independentzia; euskaraz alfabetatu gabe, ezinezkoa.

Hizkuntza-independentziarekin ere, oso zaila izango du independentzia Euskal Herriak; hizkuntza-independentziarik gabe, ezinezkoa.

Desobedientzia izan gabe ere, desobedientzia bera baino subertsiboagoa da, gaur eta hemen, euskaraz taxuz alfabetatua izatea.

Erabakitzeko eskubidea? Ez. Lehen pausoa, euskarazko alfabetatze kanpaina masibo eta irmo bat. Horrek bai izutuko lituzkeela izutzekoak!

Herri armatuaren lilura amaituta, zergatik ez hedatu herri alfabetatuaren lilura?

Alfabetatzea da bide bakarra! Herri alfabetatua inoiz ez zanpatua! Alfabetatu ala hil!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.