Ezarian. Zientzia. Jose Manuel Lopez Nicolas. Biokimikaria

«Inork ez du edari energetikoen kaloria ekarpena aipatzen, eta bonba hutsa da»

Munster, Red Bull eta horrelako produktuen etiketetan esaten ez direnak, edo oso letra txikiz idazten direnak, izan ditu hizketagai Jose Manuel Lopez Nicolas biokimikariak Bilbon eman duen hitzaldian; zientziaren dibulgazioa du afizio irakasleak, eta Scientia bere blogak sekulako arrakasta lortu du bi urte eskasean.
MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS

Amaia Portugal -

2013ko martxoak 7
EHUko Kultura Zientifikoaren Katedrak gonbidatuta, edari energetikoen «alde iluna» izan zuen hizketagai atzo Jose Manuel Lopez Nicolas (Murtzia, Espainia, 1970) biokimikariak, Bilbon eman zuen hitzaldian. Murtziako Unibertsitateko ikertzailea eta irakaslea da ogibidez, baina zientzia dibulgatzaile gisa da ezaguna batez ere; Scientia bere blog arrakastatsuari esker, nagusiki. Elikagaietako etiketek eta horien iragarkietan esaten direnek eman diote zer idatzia azkenaldian.

Edari energetikoei buruzko iragarkietan esaten diren gauzekin, asko asaldatzen al zara?

Osasunaren gainean dituzten balizko efektuei buruz ematen den informazio urriak asaldatzen nau gehien. Kontsumitzaileak duen informazio eskasak kezkatzen nau, eta, hala ere, normal-normal kontsumitu ohi direla. Osasunaren ikuspegitik asaldatzen nau.

Elikagaien propietate osasungarriei buruzko araudi berria onartu zuen Europako Batasunak iaz, eta, besteak beste, horretaz diharduzu zure blogeko sarrera berrienean. Izan al du eraginik edari energetikoen auzian?

Bai. Edari horietako askok aldarrikatu izan ohi dute nekea atzeratzeko, kontzentrazioari eusteko, kolesterola murrizteko... balio dutela. Produktu horiek izaten dituzten molekula jakin batzuei egotzi izan dizkiete ezaugarri horiek: karnitina, taurina, ginsenga, guarana... Baina araudi berriak esan die ezetz, molekula horiek ez dutela horretarako balio. Orduan, edari horiei B taldeko bitaminak eta halako konposatuak gehituta konpondu dute hori. B bitaminak bai, balio baitu horretarako, baina B bitamina edonon dago! Orduan, karnitina eta beste konposatuei eutsi diete, eta horiek ari gara ordaintzen edari energetikoak erosten ditugunean, baina, berez, B bitaminak konpondu die araudiarekin zuten arazoa.

Hau da, ez dira fruta jatea baino onuragarriagoak, adibidez.

Ez, baina badute kafeina kantitate handia. Eta kafeina, azukrea eta bitaminak batuta, horra hor efektua. Beste molekula horiek guztiek ez dute zerikusirik, ordea.

Edari energetikoak osasun elikagaitzak ere jo izan dituzte askok. Hori zuzena al da?

Ez. Araudia propietate osasungarriei buruzkoa da; molekulei buruz ari da, banan-banan hartuta. Hau da, ez du esaten edari energetikoak osasunaren aldeko edariak direnik, horiek dituzten molekuletako asko osasunaren aldekoak direla baizik. Horrek ez du esan nahi araudiak edari energetikoak osasungarritzat jotzen dituenik. Ez edari energetikoak eta ez beste ezer, molekulei buruz ari baita. Hori da araudiko okerretako bat: berez ez duela elikagaiei buruz hitz egiten.

Etiketetan esaten dena ez da okerra, beraz, baina informazioa falta da, ezta?

Batetik, bai; eta bestetik, dagoen informazioa nahasia da batzuetan. Erabat legezkoa, baina nahasia. Molekula askok propietate jakin batzuk dituztela pentsatu ohi dugu, baina ez daude frogatuta, inondik inora.

Ba al dago adibide paradigmatikorik?

Adibidez, Monster. Edari horren arazo nagusia zera da, mota horretako beste produktuak ez bezala (Red Bull, Burn...), litro erdiko botilatan saltzen dela. Orduan, zer gertatzen da? Substantzia batzuen kantitate handiagoa duela; kafeina gehiago, azukre balio energetiko handiagoa... Hori saltzen du. Beste edariek bezainbesteko kontzentrazioa du osagaietan, baina kantitate handiagoa. Gomendagarri dena baino askoz ere gehiago.

Eta hori ez da esaten.

Ez. Beste kontu bat ere badago horrekin lotuta. AEBetan zenbait lagun hil ziren, eta jende askok Monsterri egotzi zizkion heriotza horiek. Hori ere ez da zuzena. Hori esan aurretik, argi eta garbi aztertu behar da. Ikertzaileek ondorioztatu dutenez, ezin da esan Monster denik erantzulea, besterik gabe. Baina edari hori zer baldintzatan kontsumitzen den (gerta daiteke kontsumitzaileak osasun arazoak izatea, Monster beste substantzia batzuekin nahastu izana...), kontuz ibili behar da. Ezin da esan horregatik hil zirenik, baina litekeena da zenbait gertaeraren arteko konbinazioak horraino eraman izana.

Produktuetan aipatzen al dira baldintza horiek?

Haurrek eta haurdun dauden emakumeek kontuz ibili behar dutela esaten da, baina letra txikiz dago idatzita, bazter batean... Baina benetan hau galdetu behar diogu geure buruari: mota horretako produktuek egon behar al dute, adibidez, haurren eskura? Esaten da ez dela gomendagarria, baina supermerkatuan goxokien ondoan daude, eta, noski, umeek har ditzakete. Neurririk hartu behar ote den aztertu beharko genuke. New Yorken, adibidez, debekatu egin dituzte 500 mililitrotik gorako freskagarriak, eta freskagarriek edari energetikoek berek baino azukre kontzentrazio txikiagoa dute.

Analisi zehatzak egitea, edari bakoitzaren osagaiak banan-banan aztertzea, horrek ez al luke nahikoa izan behar edari bakoitzarekin zer egin erabakitzeko?

Analisi kimikoak eginak daude, eta edari horien konposizio erreala jakin badakizkigu. Beste kontu bat da gaizki erabiltzea, eta jendeari kontatzea horrek zer efektu izan ditzakeen. Baina konposizioa ez da sekretua. Europako agintariek aztertu dute, eta egiaztatu dute garbi dagoela eta elikagaien segurtasun neurriak betetzen dituela. Baina, noski, baso bat whiskik ere betetzen du hori. Kontua da, kasu horretan, gaizki erabiltzen baduzu badakizula zein den ondorioa.

Frantzian, adibidez, Red Bullek bere jatorrizko formula aldatu behar izan zuen urte askoan (taurinaren ordez kafeina jarrita), produktua han saltzeko...

Eta ez Frantzian bakarrik [Norvegian eta Danimarkan ere izan dira gorabeherak]. Kasu horretan, Elikagaien Segurtasunerako Europako Agentziak adierazi behar izan zuen ez zegoela arazorik. Gauzak garbi utzi zituen. Beste kontu bat da ematen zaion erabilera, ezagutza falta dela eta. Jendeak ez du arrastorik ere. Eta ez da haien errua, informaziorik ere ez baitzaie eman. Hori da arazo nagusia: kultura zientifiko falta, ez delako informaziorik eman.

Kalorien auzia ere aipatu izan duzu. Horri buruz nahikoa hitz egiten al da?

Jendeak kafeinaz, alkoholarekin nahasteaz... hitz egiten du, baina inork ez du kaloria ekarpena aipatzen, eta bonba hutsa da. Coca-Colak baino % 40 gehiago dute, eta Coca-Colak asko du berez. Uste dut jendeak jakin beharko lukeela. Pediatrics aldizkarian atera zen ikerketa baten arabera, nerabeen % 30ek kontsumitzen dituzte edari energetikoak. Hori oso zifra handia da.

Zer duzu esateko gimnasioetako makinetan saltzen dituzten edariei buruz?

Hori beste kontu bat da. Kirolarientzako edariak dira, eta ezin dira zaku berean sartu. Frogatuta dago eraginkorrak direla, baina, hori bai, kondizio jakin batzuetan. Hala ere, ez gara kasu berari buruz ari, inondik inora.

Zure esku balego, zer neurri hartuko zenuke edari energetikoen auzian?

Batetik, araudi berri bat egingo nuke, gauzak bere tokian jartzeko. Bestetik, etika handiagoa agertu beharko lukete enpresek, haien produktuen onurak saltzeari dagokionez. Eta era berean, saiatzen ari naiz ea agintariek nutrizio heziketa osasungarria sustatzen duten eskola eta institutuetan. Jar dezatela irakasgai bat horretarako, ematen diren beste gauza batzuk baino askoz ere garrantzitsuagoa iruditzen baitzait. Nik hori eskatzen dut, baina gero administrazio arazoekin egiten duzu topo: murrizketak, ez dagoela dirurik irakasleei ordaintzeko, ikasketa planak... Baina nutrizio heziketarekn arazo bat dagoela esaten ari bagara, hori ez da konponduko nik Bilbon hitzaldi bat emanda. Gazteengana jo behar da. Nik neuk, esaterako, ikasleekin nituen praktikak aldatu ditut, eta edari energetikoak analizatzen aritzen gara eskoletan. Ikasleak zur eta lur geratzen dira ikusten dutenarekin.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna