Ibon Aranberri.
LAUHAZKA

Eurozenoa

2016ko urtarrilaren 24a
00:00
Entzun
Ugaztun espezie gutxi gora beherakoa, lurrazalaren gainean gehiegizko eraginik gabe bizi izan da gizakia denboran. Azken milurtekoan kokatuz, ordea, gizakia eta bere inguru naturalaren arteko harremana zeharo aldatu da, natura hautemateko dugun modua bezalaxe. Lurrarekiko loturak galdua du oreka, geologikoa da egun giza-jardunaren irismena.

Historian zehar irudimen iturri izan da natura eta bere handitasunean errepresentatu izan da. Europar kolonoek, jainkoak uztarako oparitutako ondare gisa jaso zituzten beste lurraldeetako inguru zabalak. Geroago, paisaia berauek gogoeta eta txundidura inspirazio gisa landu zituzten erromantikoek. Azkenik, XIX. mendeaz geroztik, erabilgarritasunezko lizentziaz maneiatu da lurrazala, ustiatzeko material bilakatuz baso, zelai eta mendiak.

Orain ez hainbestetik hona, eremu berauek, ikuspegi ekologiko batetik balioetsi ohi dira, menpekotasunezko sistema orokor baten osagai gisa. Horrela, tximiniako ke zikina haizeak darama, haizetik eurira doa eta euritik lurrera, lurretik landarera eta landaretik gure haragira barreiatuko da. Ingurumenarekiko ikuspegia birmoldatu digu klimaren aldaketak. Lehen erromantikoa ei zena politikoa bihurtuz doa, nolabait. Gizakiaren aroa edo Antropozenoa deitzen diote orain ikuspegi honen teoria zorroztuari. Gainditu egiten ditu muga nazionalak, burokraziaren agendak, gure kezka moralen esparruak, edota arrazoi irizpideak. Nortasun geruza berri bat marrazten du, nolabait.

Demokrazia, parekidetasuna, aniztasuna, morrontzarik gabeko ekonomia, arrazakeriaren gainditzea eta abar, apurka-apurka geureganatu ditugun hainbat kausa, giza antolaketaren ataka gaindiezintzat hartuak ziren iragan hurbilean. Helburuen aldeko borrokak ei dakar muga moralen gainditzea komunitatean. Hori ari da gertatzen klima aldaketarekin ere, izaki berri bilakatu beharrean gara, nolabait, inguru naturalarekiko harremanean. Ez da utopia, halabeharrezko egokitzapena baizik.

Izan ere, izaki berriranzko bidea ohikoa da gizartearen halabeharrekiko erantzunean. Begira jarriz gero, historia kultural eta politikoan ere aurkituko ditugu horrelako eraldaketa sakonak. Munduan bizitzeko moduarekiko erabakia botere kontua da, jakina. Politikak finkatzeko du etorkizuna imajinatzeko modua.

Kritikatua da Antropozenoaren ideia. Besteak beste, ikuspegi humanistari itsatsiegia omen dagoelako eta, ondorioz, mundua taxutu duten desberdintasun forma sistematikoak gutxiesten dituelako, hala nola, inperialismoa eta arrazismoa. Batzuen ustez aproposago letorkioke Eurozeno deitura, izan ere, kontinente zaharretik dator negutegi gasa eguratsera jaurti edo lurraren industrializazioz merkantzia toxikoa hedatu duen kultura.

Bestetik, harroa da kontzeptua, gizakiak duen inguru naturalarekiko kontrol irrika ospatzen duen heinean. Teknologia mirakulua bailitzan: geo-ingeniaritza, robotak, planeta berrien kolonizazioa eta abar, ustiaketa helburuaren bitartekari besterik ez dira. Negoziorako baliabide lasaigarria, ingurumenaren suntsiketa unibertsoaren berezko ziklo gisa zuritzen digun teoria.

Post-humanismoak gainditzen du humanismoaren akats filosofikoa, gizakiaren berezitasuna goresteagatik, beste bizitza formengandik banatu baitzen. Kontrakoa aldarrikatzeko parada da orain, gainontzeko izakiekin komunean duguna berretsiz, era guztietako animaliak, baina baita ere perretxiko, baso edota super-ordenagailuak. Ildo honen erradikalizazioaren arabera, beste bizidunak ere bizitza demokratikora ekarri behar genituzke, hiritar burujabetza hedatuz, harreman sozial eta etikoak garatuz.

Mundu amankomun bat antolatu eta harreman iraunkorrak egituratzeak, ordea, hizkuntza behar du. Ordena artifizial bat da hizkuntza, besteengana helarazten gaituen bitartekoa. Hizkuntzarik gabe ez dagoela politika egiterik, alegia. Politikak, kontzientziak eta imajinazioak aldatu dute historian zehar giza-baldintza.

Marraztu dezakegu politikaren espektroa hainbat giza-balioen arabera. Gaur egun eskuinekotzat duguna izan zitekeen ezkerreko orain dela berrehun urte, herritarren arteko berdintasuna, erlijiozko sinesmenik gabe bizitza moralaren aukera, demokraziaren bideragarritasuna eta abar aitortuz. Aldaketa politiko horien bilakaera, «natura» beraren konplexutasunak argitu diezaguke, izatekotan.

Pintore paisajista erromantiko eta filosofo naturalistek garatutako ideologiaren arabera, naturaren kontenplazioak herritar hobeak bilakatzen gaitu eta nola bizi irakasten digu. Naturaren moralizazio modu hau oraindik bizirik dago ekologista, baserritar berri eta hainbat subkulturen artean. Ezinbestean, gizarte modernoak baztertuarazi digu transmisioz helarazitako bizimodu tradizionala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.