Aste erabakigarria da

Baskoniak Panathinaikosen kantxan jokatuko du gaur, eta etzi Anadolu Efes hartuko du. Arabarrak aurkarien emaitzei begira ere egongo dira

Baskoniako aulkia, Milanen aurkako garaipena ospatzen, pasa den astean. EFE.
Julen Etxeberria.
2021eko martxoaren 30a
00:00
Entzun
TD Systems Baskonia bete-betean sartuta dago Euroligako final-laurdenak jokatzeko lehian. Gaur-gaurkoz, ez luke helburua lortuko, bederatzigarren postuan baitago sailkapenean, baina, haren zorionerako, hiru jardunaldi falta dira oraindik liga amaitzeko: dena oso estu dago, eta abiada hartuta dago, azken bederatzi partidetatik zortzi irabazi baititu.

Hauxe da egoera sailkapenean: Baskoniak hamazazpi garaipen ditu. Kopuru berberarekin, baina postu bat gorago dago Zenit San Petersburgo, eta postu bat beherago Valentzia. Errusiarrek puntu alde hobea dute, eta neurketa bat gutxiago jokatu dute. Hiru talde horiek baino garaipen bat gehiago du zazpigarren sailkatuak, Real Madrilek, baina hura baino puntu alde hobea du Baskoniak. Espainiarren aurretik dauden hurrengo hiru taldeek arabarrek baino bi garaipen gehiago dituzte; beraz, zaila dirudi haietako baten bati aurrea hartzea. Hala, itxuraz, Real Madril, Zenit, Baskonia eta Valentzia lehiatuko dira final-laurdenetarako azken bi postuen bila.

Aste erabakigarria izan daiteke hau, bi jardunaldi jokatuko baitituzte. Gaur eta bihar jokatuko dute 32.a, eta, ustez, Baskoniak eta Valentziak dituzte partidarik samurrenak: gasteiztarrek sailkatzeko aukerarik ez duen talde bati egingo diote bisita gaur: Panathinaikosi (20:00) —azkeneko sei partidetatik bost galdu dituzte greziarrek—. Katalanek ere aukerarik ez duen aurkari bat izango dute bisitan bihar: Olympiakos (21:00). Askoz norgehiagoka zailagoak dituzte Real Madrilek eta Zenitek: espainiarrek, Anadolu Efes hirugarren sailkatua hartuko dute gaur, eta errusiarrek bigarren sailkatuari egingo diote bisita: CSKA Mosku (19:00).

Ivanovicen akuilua

Kanaria Handiaren aurka itxura oso eskasa eman berritan ariko da Baskonia Atenasen —78-99 galdu zuen herenegun Buesa Arenan—, baina aurrera begira daude jada taldean. Badaezpada ere, Dusko Ivanovicek abisua eman du: «Talde serio bat ote garen eta Euroligako zortzi talderik onenen artean egon gaitezkeen erakusteko garaia da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.