Albistea entzun

Aralarko errainua

Aralarko Natur Parkean barneratzeko sarbide ofiziala da, egun, Lizarrusti-Lareo ingurua

IñAKI GURRUTXAGA ATAUN-LIZARRUSTI -

2007ko urtarrilak 13

Ia bi hamarkada egin behar da atzera Lizarrustiko Parketxearen eta Lareo urtegiaren sorburuaz hitz egiteko. 1988an Babestutako Gune izendatu zuten Aralar, Natur Parke izaera hartu aurreko urrats modura. 1995ean lortu zuen Aralarrek titulu hori. Ordura arte, Nafarroan Guardetxe, eta Gipuzkoan Amezketa eta Larraitz ziren Aralarko tontor eta larreetara igotzeko sarbide ezagun eta ohikoenak.

Administrazioaren eta hainbat aditu talderen esku geratu zen orduan mendiaren kudeaketa. Aralarko azaleraren erdia baino gehixeago publikoa da, eta gainerakoak esku pribatuetan jarraitzen du. Azterketa eta hitz aspertu askoren ondoren, Aralarrek beste sarbide bat behar zutela erabaki zuten adituek. Leku hark aurreko irispideetatik aparte behar zuen egon, ahal zela gainjendeztatzetik urruti. Lizarrusti zen tokirik aproposena.

Kritikak aditu behar izan zituen izendapen hark, Jose Antonio Irastortza Aralarko basozainak aditzera eman duenez. Jende askok esaten zuen nola ote zen posible Lizarrustiko puntan jartzea Aralarko sarrera ofiziala, baina Irastortzak erabakia begi onez ikusten du. «Larraizko pilaketak saihestu, eta jendeari mendian banatzeko aukera emateko aukera zegoela ikusi genuen. Gainera, inguruan ibilbide eroso bat bazen, aberatsa oso natur ikuspegitik, eta istorio polit asko biltzen zituen gunea zela ikusi zen».

Lizarrustitik ordu erdian irits daiteke oinez Lareoko urtegira, garai bateko ibilbide eroso batetik. Lareotik Igaratza aldera, Ganbora edo Larrunarri-Txindoki aldera joan daiteke, bidean topa daitezkeen monumentu megalitiko, saroia eta larre zabalak zeharkatuz.

ZERGA LEKUA. Aralar Natur Parke izendatu aurreko lanek beste zeregin batzuk ere bazituzten. Parketxe bat egin eta bertan Aralarko interpretazio zentro bat jartzeko ideiak euskarri sendoak zituen, eta hori nonbait egin beharra zegoen. Lizarrustiko gainak bere baitan biltzen zituen ezaugarri horiek denak. Garai batean Arbitrio etxea izeneko eraikina egokia izan zitekeela ondorioztatu zuten. Lizarrustiko gainean dago, eta Nafarroa eta Gipuzkoa arteko mugako zergak ordaintzeko erabiltzen zen eraikin hori.

Arbitrio etxea 1887an eraiki zuten, mikeleteen zaintza postua izateko. 36ko gerran desagertu ziren mikeleteak, eta hala, 1937tik 1967ra kontsumoko zergak ordaintzeko gune bilakatu zuten. Bolada batean kamineroen bizileku eta biltegi izan ondoren, utzita egon zen eraikina. Administrazioaren etxea zenez, Aralarko Natur Parkeko sarrerako gune ofizial izendatu zuten Lizarrusti 1995ean. Parketxe atariko informazio panelek honela hitz egiten dute mikeleteei buruz: «Foru polizia hauek ezkongabeak, sendoak eta izaera onekoak izan behar zuten, eta ezin ziren tabernaz taberna edo sagardotegietan ibili. Ordena publikoa zaindu behar zuten, lapur eta kontrabandistak harrapatu eta hiritarrak babesteko».

Parketxearen lan filosofia nagusia hezkuntzan oinarritzen da, Irastortzaren esanetan. Hiriko ume edo gaztetxoei mendirako abiapuntua jarri nahi zieten, eta horretarako lankidetzan ari da Enirio-Aralar Mankomunitatea Gipuzkoako Mendi Federazioarekin. Parketxearen inguruan eskalada eskola bat dago, eta txangoak antolatzen dituzte Aralarko trikuharri, artzain saroia eta leizezuloak ezagutzeko. Parketxean bertan Aralarko interpretazio gunea dago.

Kostata ekin zion Parketxeak bizi berriari, baina azken urteetan susperraldia izan du. Hona Irastortzaren azalpena: «Beharbada, hasiera batean ez zegoen behar adinako eskaintzarik, eta eskaerarik ere ez igoal. Orain, atzera, berriz ere berpiztu egin da, eta bide polita hartu du». Berrogei lagun ingururentzako lotokia, eta taberna eta jantoki zerbitzua eskaini ditu Parketxeak.

Egun berrikuntza lanetan dago, eta Lizarrustiko Parketxea itxita egongo da azaroa bitarte. Eraiki zutenean, antzinako eraikinaren egitura mantendu nahi izan zuten, baina orain eskas samarra gelditu da, eta logelak jartzeko beste eraikin bat egingo dute oraingoaren atzeko aldean. Hala, taberna eta jantoki zerbitzua hobetu egingo da, eta Interpretazio gunearentzat leku gehiago geldituko da eraikinaren beheko solairuan.

TRENAK IREKITAKO BIDEA. Bere kokapen geografikoak ingurune bikain bihurtzen du Lizarrusti era askotako txangoak egiteko. 621 metroko altueran dago, eta aintzat hartuta Aralarko gailurra ez dela 1.500 metrora iristen, paraje aproposa da zeharkaldiei ekiteko. Bertatik abiatzen den ibilbide ezagunena Lareoko urtegira doana da. Hiru kilometroko bidea da, eta igo beharreko desnibela erraza: 100 metro eskas. Garai batean ikatza garraiatzeko erabili zen bideak gidatzen du bisitaria Aralarko barrenera.

Pagadi eder batek ematen dio hasiera ibilbideari, eta 500 metro ibili ondoren, bidea estutzen hasten da. Lehen harkaiztiak ageri dira, eta pagoaren inperiotik ihesi, lizarrak, hurritzak, elorriak eta haginak bistaratu. Gehienak fruitua ematen duten zuhaitzak dira, eta basozainak gogoratu du txori mota eta katagorri ugari hurbiltzen direla beraiek dastatzera. Leku gutxian landaredi mota ezberdin topa daitekeen ingurua da hau, Irastortzaren esanetan.

Aurrera joan ahala, Akerreta harkaitzean induskatutako tunel estua igaro beharko du oinezkoak, eta Maizegi erretena pasa eta gero, presa eraikitzeko beharrezko harria ateratzeko erabili zen harrobira iristen da. Hortxe dago ibilbideko gunerik malkartsuena, baina helmuga gertu dagoenez, arina egiten da. Ohartzerako, Lareo presa begi bistan dago, eta baita berau inguratzen duten Alleku, Akaitz, Sagastarri eta Malkorburu izeneko mendiak ere.

Paraje hau guztia baso bersortze garrantzitsu baten topaleku da, Irastortzak nabarmendu duenez, eta horri inguruetako ur eta larre aberatsen kontrastea gehitu behar zaio. Udaberriko loraldiaren bizi poza, udazkeneko orbel erorketa eta neguko bake eta lasaitasuna uztartzen dituen ingurua da Lizarrusti-Lareo ingurua, Aralarko izatearen errainu bihurtu dena.

 

Europan eredu izan zen Lareoko urtegia

I.Gurrutxaga

Agauntza ibaiaren gutxieneko ur-emaria mantendu, eta Ataun, Lazkao, Beasain eta Ordizia urez hornitzeko eraiki zuten 1988. urtean Lareoko urtegia Aralar Natur Parkeko lurretan. 1989ko ekainaren 19an zabaldu zuten ofizialki. Urtegiaren euste horma eraikitzeko harrobi bat eraiki zuten putzutik gertu, eta bertatik garraitzen zuten harria, lanen kostua arintzeko.

Gerora Arriaran urtegia eraiki zuten Beasaingo lurretan, eta harrezkero hango uraz baliatzen dira Ataun ez beste hiru herrietako biztanleak. Hala ere, negu honetan urtegietan dagoen ur eskasia dela eta, Lazkao, Beasain eta Ordiziako herritarrei Lareoko ura ailegatzen zaie. Gipuzkoako Ur Kontsorzioak kudeatzen ditu Goierriko bi urtegiko horietako urak. Zentral hidroelektriko bat ere badu, Lizarrustiko Parketxeko argindar beharrei erantzuteko.

Lareoko urtegiak Aralarren sortzen diren Maizegi, Iruerreketa eta Baiarrate errekastoen urak hartzen ditu. Ur horiek ez dira berez urtegira ailegatzen, eta hainbat hodi eta presa txikixeago eraiki behar izan zituzten hori posible egiteko. Modu artifizialean heltzen dira urtegira, alegia. Uraren kontrola balbulak dauden etxetxotik egiten da. Eta hemen dator berezitasuna. Urtegiko ura Ataunera isuri ahal izateko, ura hodi bidez Ubeiko akuiferora iristen da, ura bere ingurune naturalera eramanez berriz ere. Ur hori Aia-Iturrietako ituburburuan azaleratzen da gero, Ataunen.

Jose Antonio Irastortza Aralarko basozainaren esanetan, Lareo presaren funtzionamendu sistema bakarra zen Europan, garai hartan. Urtegiko sakontasunean oxigenorik gabe zegoen urari irtenbide egokia ematen zion ura herrira garraitzeko sistemak, akuifero horietan urak bere ezaugarri eta kalitatea berreskuratzen baitu. Halako akuifero eta leize-zulo ugari daude Aralarren, eta aukera horretaz baliatu ziren adituak uraren kalitatea modu naturalean berreskuratu ahal izateko.

 

Meategia, alkohola eta kontrabandoa

Lizarrustiko gainetik Lareoko presara doan bideak istorio askotarako ematen du. XVII. eta XIX. mendeen artean pago motzak inausiz lortzen zen ikatza bagoneten bidez garraiatzeko egin zen ibilbidearen lehen zatia. Horren erakusgarri da ibilbide erdian dagoen Akerretako harkaitzean zulatutako tunela. XIX. mendearen azken urteetan, ordea, alkohola destilatzeko erabili zituzten inguru horretako pago gazteak. Lizarrustitik Etxarri Aranatzera bidean, Quifosa izeneko lantegia eraiki zuten. Bertan zituzten galderetan pago egurra egosten zuten, eta egurraren izerdiarekin uxuala ateratzen zuten. Baina kontrabando eta traturako gune ere izan da Lizarrusti. Goierriko abeltzainek zekor gazteak eramaten zituzten saltzera ilargiaren argitan, jakin baitzekiten Nafarroako harakin eta tratulariek Gipuzkoakoek baino diru gehiago ordaintzen zutela zekorrengatik.

 

Lareo-LizarrusTIKo GIDa

Nola iritsi. N-1 autobidea Beasainen utzi, eta Ataun aldeko errepidea hartu. Ataunen GI-120 kaminoari jarraituz, dozena bat kilometro egin ondoren, Lizarrustiko gainera iritsiko zara. Bihurgune askoko errepidea da. Nafarroatik joateko berriz, NA-120 errepideari heldu behar zaio Arbizun edota Etxarri Aranatzen.

Parketxea. Berrikuntza eta handitze lanak direla eta, egun itxita dago Lizarrustiko gainean dagoen Aralarko Parketxea. Azarorako irekitzea espero dute arduradunak. 44 lagunentzako lotokia egingo dute, eta taberna, jantoki eta interpretazio zentro izateari eutsiko dio. Parketxeko interpretazio gunea Ataungo San Gregorio auzoko Artadi elkartearen alboko areto batean dago egun. Aralarko Natur Parkeko sarbide ofiziala da egun Lizarrustiko Parketxea.

Lareoko presa. 1988an egina, Aralarko Maizegi, Iruerreketa eta Baiarrate errekastoen urak, eta euri urak biltzen ditu. Urtegiaren bueltan bi kilometro inguruko bidea egin daiteke, eta tartean, Labeoko megalitoa ikusi. Arrantza barrutia da, baina baimenik ezean ezin da bertan arrantzarik egin.

Fauna. Inguru honetan bizi dira, besteak beste, gailurretako uhandrea, muxar grisa, azeria, lepatxuria, katagorria, basurdea, azkonarra, orkatza eta beste mota askotako hegazti eta ornogabeak. Migrazio garaian hegazti ugari bildu ohi da Lareoko presan.

Landaredia. XVII. eta XIX. mendeen artean ikatza egiteko inausten zituzten pago motz, haritz eta gaztainondoen lekuan pagadi heze eta ospela sartu da. 30 oineko neurria duten pagoak ikusten daitezke. Lizar, hurritz, astigar, ezki, ametz, intxus, hagin, gorosti eta elorri zuri eta beltzen bizitoki ere bada Lizarrusti eta Lareo arteko basoa.

Ibilbideak. Bidegurutze izaera du Lizarrustik. Ibilbide luzeko lau bide pasatzen dira bertatik. GR-21 bidea Gipuzkoako Itzuliari dagokio eta herrialdeko mugatik joaten da. GR-35a berriz, artzainek neguan ganadua kostako larreetara eramateko jarraitzen zituzten bideak aprobetxatzen dituen trashumantziako bide bat da. GR-20 ibilbideak Aralarko mendilerroa inguratzen du, eta azkenik, GR-12 ibilbideak Pirinioak Burgosko mugarekin elkartzen ditu.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Olatu sinkronizatua

Berria

Bi urte barru Europako kultur hiribirua izateko bidean, bosgarren Olatu Talka lehertu da asteburu honetan Donostian, 250etik gora proposamen sinkronizatu eskainita parte hartu nahi duen orori. Sormena, kirola argazkian, Easo igeriketa taldeko kideen atzoko erakustaldia, aldarrikapena eta elkartasuna nahastu dira egitarauan. Donostiatik kanpo ere zabaldu da aurten eskaintza, gainera.

Alarmak piztuta

Berria

Nafarroan, berezko arraza batzuk galzorian

60 urteko gaztea

Berria

Fender Stratocaster gitarra elektrikoa, 1954tik doinuka

Hemen da Olentzero

Berria

Gaur kalez kale eta etxez etxe ibiliko da, haurren begiradapean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.