Donetskeko aireportua galdu dute Ukraina ekialdeko matxinoek

Inguruko posizioetatik eskualdeko hiriburura erretiratu dira milizianoak, armadari itxaroteko.

Bi gerra hegazkin bota dituzte errusiazaleek
Matxino bat, kontrol postu batean, atzo, Donetsketik gertu.
Matxino bat, kontrol postu batean, atzo, Donetsketik gertu. IGOR KOVALENKO / EFE

Erredakzioa -

2014ko uztailak 24
Ukraina ekialdeko Donetsk eskualdeko matxinoak hiriburura erretiratu dira, inguruan kontrolpean zeuzkaten posizioak utzita. Horien artean, Donetskeko aireportua utzi dute. «Etsaiak aireportuaren setioa hautsi du, eta Donetskeko ipar-mendebalderaino iritsi da», aitortu dio Errusiako Ria Novosti agentziari Igor Strelkov Donetskeko matxinoen buruzagi militarrak. Strelkovek esan duenez, Horlivka hiritik eta Netailovo eta Pervomaiskoie herrietatik Donetskeko erdigunera erretiratu dira milizianoak. Errusiazaleek argi dute hurrengo gudu handia eskualdeko hiriburuan gertatuko dela. «Donetsk ez da laurogei borrokalari zeuzkan Derzhinsk txikia. Sartu nahi badute, ongi etorriak izan daitezela», erronka egin dio Strelkovek Ukrainako armadari.

Gerra hasi aurretik, Donetskek milioitik gora biztanle zeuzkan. Strelkovek uste du armada saiatuko dela milizianoak hirian inguratzen haiek erretiratzea lortzeko, «Sloviansken egin zuten bezala». Hilaren 5ean eskualdearen iparraldeko Sloviansk hiria galdu zutenetik, matxinoak etengabe ari dira posizioak galtzen Donetsken. Hala ere, Strelkovek Novorossiya agentziari adierazi dio milizianoek Errusiako mugako bi postu hartu dituztela, Kozhevnian eta Txervonaia Zarian. Horrekin batera, bai matxinoek, bai armadak baieztatu dute Donetskeko matxinoek armadaren bi gerra hegazkin bota dituztela. Kievek dio, gainera, bi hegazkin horiek Errusiatik tiro eginda bota dituztela. Luhansk eskualdeko matxinoek ere esan dute herenegun beste bi gerra hegazkin bota zituztela, baina Kievek ez du hori berretsi —Donetsken bezala, Luhansk hiriburua hartzeko erasoaldian dabil armada—.

AEBek diote matxinoek bota dutela joan den larunbatean eroritako Malaysia Airlines konpainiako bidaiarien hegazkina ere, eta zerbitzu sekretuek horren «frogak» aurkeztu dizkiete AEBetako hedabide batzuei. Argitaratu dutenez, lurretik jaurtitako misil bat detektatu zuten Ukraina ekialdean MH17 hegaldia igarotzen ari zen une berean. Hegazkinean ustez aurkitutako metraila, matxinoei egotzitako elkarrizketak eta sare sozialetako argazkiak ere aipatu dituzte frogatzat. Washingtonen hipotesi nagusia da matxinoek erratuta bota zutela hegazkina. Errusia gertakariarekin lotuko lukeen frogarik ez dute aurkeztu, baina matxinoei laguntza militarra ematea egotzi diote. 298 bidaiari eta eskifaiako kide hil ziren hegazkinean.

Komunistak jomugan

Kieven, berriz, Ukrainako agintariek gaur bukatuko dute KPU Ukrainako Alderdi Komunistaren parlamentuko taldea desegiteko prozesua. «Misio historikoa beteko dut, Alderdi Komunistaren desegitea iragarrita», adierazi zuen atzo Oleksandr Turtxinov parlamentuko presidenteak. Petro Poroxenko Ukrainako presidenteak herenegun sinatu zuen debeku hori ahalbidetzeko legea. Otsaileko kolpeaz geroztik, agintari berriek KPU legez kanporatzeko nahia agertu dute.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna