gorka erostarbe leunda
DENA ETA EZTENA

Trantsizioan den gorputza

2017ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Trantsizioan den gorputz batetik kantatu zuen Maialen Lujanbiok, eta eragin ditu bateko eta besteko erreakzioak. Lilurak eta erresistentziak; trantsizioan diren gorputzek eragiten dituztenak. Eta trantsizioan den gorputza da bertsolaritza.

Txapelketaren erritualak gogaitu antzean naukala aitortu nion lagunari. Eta hark ihardetsi txapelketak gorputza ematen diola bertsoari; ez hori bakarrik, oroimen kolektiboan iltzatzen diren bertsorik gehienak txapelketakoak direla. Batzuk iltzatu, besteak itzaldu. Unean bi bertsoaldi etorri zitzaizkidan burura. Txapelketaz kanpokoak biak; Lazkao Txikik ispiluaren aurrean kantaturikoa bat. «Axal zimurtzen ari haiz motel, Lazkao Txiki bezela». Hara, trantsizioan den beste gorputz bat! Eta Onintza Enbeitak Motz tabernan zutik—eta geldi arraio— zegoen gizonezko kuadrillari «barrera arkitektonikoa» deitu zionekoa. Gorputza berriro.

Trantsizioan den gorputza da bertsoa. Gainditu behar izan ditu erresistentziak, Amurizak baserri giroko bertsolaritzan molde eta adierazpide eskolatu eta kultuagoak txertatu zituenean bezala—80ko hasieran—; edota Iturriagak, Elortzak eta Maiak jite kaletar eta rockeroa oholtzaratu zutenean —90eko urteen hasieran—.

Bertsoaren eta rockaren arteko harremanak azken hiru hamarkadotan emandakoa —asko— bikain bildu du Alberto Irazuk Rocka puntua! liburuan. Bere garaian, bertsoaren gorputza trantsizioan jartzeko —mugitzeko— balio izan zuen rockak. Irudipena dut, ordea, rockean arrokatua geratua zela bertsogintza azken bolada luzetxoan. Bazuela garaia rockaren osteko galderak, estetikak eta lengoaiak astintzeko. Bazetorren emeki trantsizioa. Irudipena dut Lujanbioren bertsoek jarri diotela oina eta errima; sinboliza dezaketela gorputz berri hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.