Sartu edo ez, sexuaren arabera

Munduan ezagunak diren eta urtero turistak hartzen dituzten hainbat lekutan sarrera galarazia dute emakumeek. Unescok gizateriaren ondare moduan sailkatuak ditu horietako batzuk, eta horrek mahai gainean jar dezake ondare izendapenak irudikatzen duenaren inguruko eztabaida.

Julen Aperribai.
2017ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Bidaien inguruko webgune batean, Athos mendia, bidaia bat historianatzera titularraren azpian ageri da Greziako Athos mendiaren inguruko informazioa. Denbora labur batez bada ere, antzinarora itzultzeko aukera ematen du lekuak, webgunean arabera. Lekua hain exotiko egiten duen berezitasuna neurri diskriminatzaile bati lotua dago. Izan ere, Athos mendian sarrera galarazia dute emakumeek. 2.000 pertsona inguru bizi dira han, eliza ortodoxoak eraikitako hogei monasteriotan; guztiak ere monjeak, eta, beraz, gizonak. Gizonezkoak dira, halaber, urtero leku horretara doazen bisitariak ere.

Athosen moduan, munduan ezagunak diren beste hainbat lekutan ere ukatzen zaie sarrera emakumeei. Erlijioari loturiko tradizioekin justifikatzen dute erabakia, gehienetan. Erlijioa arrazoia bainoago, «diskriminatzeko aitzakia da» Garazi Lizaso arkitektoaren aburuz: ardura emakumearengan eta haren gorputzarengan jartzeko aitzakia: «Gune horietako askotan, emakumeei tentagarriak izatea leporatzen zaie, edo, hilekoa izateagatik, puruak ez izatea. Horrela arrazoitzen dute sarbidea galaraztea. Beste behin ere, andrazkoak dira gaizkia gorpuzten dutenak, kalteen arduradunak eta, gainera, errudunak». Espazioen eta emakumeen gaineko kontrol mekanismoen arteko loturak identifikatzen aritua da Lizaso. Eraikitako Ondarearen eta Eraikinen Birgaitze eta Zaharberritzearen masterra egin zuen, eta Saturrarango (Mutriku, Gipuzkoa) kartzela egiturak bertan preso ziren emakumeak nola zapaltzen zituen aztertu zuen, emakumeek jasaten zituzten era desberdineko zapalkuntzak eta kontrolak agerian utziz. «Jendarte ordena hierarkiko bat» erreproduzitzearekin batera, egiturazko zapalkuntza heteropatriarkala ikusten du emakumeei espazioetara sarbidea ukatzearen atzean. Horrekin batera, «emakumeen bizitza eta gorputzen gaineko kontrola emakumeek ez dutela gogorarazteko» asmo garbia ere badu neurriak, haren aburuz. Sinbolismo handia dute halako muturreko kasuek harentzat: «Pribilegiatua nor den eta nor ez gogorarazten du. Nork bidaia dezakeen edonora (gizonek) eta nork ez (emakumeek)».

Diskriminazioa gertatzen den leku horiek turistiko kontsideratu ala ez, dudak ditu Maider Marañak, EHUko Kultur Paisaiak eta Ondarea Unesco Katedrako ikerlariak. Leku erlijiosoak izanik, «bertako komunitateek markatzen dituzte arauak». Hark dioenez, kasu bakoitza bere horretan aztertu beharko litzateke, eta ikusi zein diren bakoitzean egiten diren praktikak, jakiteko, benetan, turistak erakartzea ote den leku horietan bizi direnen helburua. Hala ere, hedabideek azkenaldian leku horietan fokua jarri dutela uste du. Eztabaida hauspotu du Unescok leku horietako bat berriki gizateriaren ondare izendatu izanak. Aurretik ere halako beste bi lekuk bazuten izendapena, eta uztailean beste bat batu zitzaien: Japoniako Okinoshima irla sakratua.

Noren ondare?

Gizateriaren ondare kontzeptua halako lekuekin lotzea bera kontraesanezkoa da Lizasorentzat: «Gehienez ere, gizateria erdiaren ondare izango litzateke». Ondare izendapenak prestigioa ematen die lekuei, eta leku batzuk hautatu eta beste batzuk kanpo uzteak interes jakin batzuei erantzuten dielakoan dago. Gainera, «prestigio edo balio hori aitortzen den unetik, gogoratuko delako berme da». Beste aldean leudeke, ondare izanda ere, ikusgarritasunik ez duten lekuak. «Esan beharra dago argia norabide batean ezartzeak itzalak sortzen dituela». Emakumeak espazio publikotik kanpo utzi dira historian, eta espazio pribatu horiek izendapenetatik kanpo utzi ohi dira. «Nik dakidala, behintzat, ez du ondare izendapenik lortu espazio pribatuak; izendatutako leku guztiak espazio publikoarekin lotuta egon dira», dio Lizasok.

Marañak ere ez du ukatzen zerbait ondare izendatzeak duen balio sinbolikoa. Finean, «hautapen prozesu» bat da ondarea, hark dioenez, beraz, hautatzen den horrek zer irudikatzen duen kontuan hartu beharra dago. «Ondarearen kudeaketak genero berdintasuna sustatu dezake, baina kontrako eragina ere izan dezake», ohartarazi du. Muturrekotzat ditu Okinoshima eta halako kasuak. Ez die garrantzirik kendu nahi, baina, horietan bezala, Unescok bere zerrendan dituen beste ehunka kasuetan ere arreta jarri behar dela uste du: «Horiek ere askotan ez dute ondo islatzen emakumeak gizartean izan duen rola». Alde horretatik, bat dator Lizasok espazio publikoaren banaketaz dioenarekin: «Mendebaldeko gizartean joera dugu espazio publikoak babestekoa, eta, askotan, emakumeak espazio horietatik baztertuak izan zirenez, edo haiek ordezkatzen dituztenak monumentu eta eraikuntza erraldoiak ez direnez, haien presentzia ez da kontuan hartzen».

Hala izanik ere, azken urteotan Unescok generoari dagozkion gaietan kontzientzia hartu duela uste du Marañak, eta ondarearen inguruan lanean dabiltzanen artean ondareak ordezkatu beharreko balioez lehengo aldean asko jarduten dela. «Ondarea gizartearen isla da, eta, gizarteak bere baloreak eta munduaren gaineko interpretazioa aldatzen dituen heinean, ondarea ere aldatu beharko da», dio. Hausnartu, eta orain arteko ereduak zalantzan jarri behar direla uste du Lizasok: «Ondareak inklusiboa izan behar du, transbertsala, zapaltzaile-zapaldu dikotomiarekin norabide guztietan hautsiko duena».

Athos mendia (Grezia)

Autonomia handia du hogei monasterio ortodoxo biltzen dituen inguru honek, eta, hori dela eta, ez daude behartuta herrialdeko zenbait lege betetzera. 2.200 monje ortodoxo inguru bizi dira han, eta, emakumeek ez ezik, emeak diren animaliek ere ezin dira lekura sartu. 1988an, Unescok gizateriaren ondare izendapena eman zion.

Omine mendia (Japonia)

Honshu uhartean dagoen mendi sakratua da. VIII. mendeko monasterio budista bat dago mendiaren gailurrean. Emakumeek ezin dute monasterioa bisitatu, bertan bizi diren gizonezkoen tentazio izan ez daitezen. Bere garaian, Shugendo erlijioarekin lotzen ziren mendiak ezin zituzten igo emakumeek. Gaur egun, debekua mantentzen duen mendi bakarra da Omine. 2004tik, gizateriaren ondare da Unescorentzat.

Mlimadji hondartza (Komoreak)

Ekialdeko Afrikan dauden hiru uhartek osatzen dute herrialdea, eta hango hondartza ikusgarrienetako bat da Mlimadji. Orain dela urte batzuk arte, edonork bisitatu zezakeen, baina, azken urteotan herrialdeko zenbait lider erlijiosok egindako presioen eraginez, bertako agintariek gizonezkoentzako toki bilakatu zuten.

Okinoshima (Japonia)

Japoniako irla sakratu bat da Okinoshima. Erlijio sintoistaren Munakata Taisha santutegia dago han, eta herrialdeko leku sakratuenetako bat da. Emakumeek ezin dute irlara joan. Urtean 200 gizonek bisitatu dezakete, baina, ezer baino lehen, uretan bainatu beharra daukate purifikatzeko. Unescok uztailean izendatu zuen lekua gizateriaren ondare moduan.

Ayyappan tenplua (India)

Erlijio hinduan gurtzen den Ayyappan jainkoari eskainitako tenplu asko daude Indian, baina Sabarimalakoa da ezagunenena, eta baita gehien bisitatua ere. 50 milioi bisitari inguru izaten ditu urtero. Hilekoa izateko adinean dauden emakumeei galarazia zaie sarrera, eta 10 urte baino gutxiago eta 50 urte baino gehiago dituzten emakumeak soilik sar daitezke. Ayyappan jainkoak berak hilekoa zuten emakumeei tenpluan sartzea debekatu ziela erabiltzen dute arrazoitzat.

Haji Ali Dargah tenplua (India)

Mumbai hiriaren hegoaldean dago Haji Ali Dargah tenplua, eta Pir Aji Ali Bujhari jainko sufiaren hilobia dago bertan. Indiako mausoleo garrantzitsuena da. Emakumeei sarrera galarazi zitzaien 2011n, baina Bharatiya Muslim Mahilak, Indiako emakume musulmanen eskubide zibilak defendatzen dituen erakundeak, auzitegietara eraman zuen gaia, eta, 2016an, atzera bota zuten erabakia. Hala ere, oraindik emakumeek bisita gizonen egoera berean egiteko eragozpenak dituztela salatu du erakundeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.