Noiz sortua: 2016-10-22 00:30:00

Udazken koloretan

Urtaro berezia da udazkena: hostoak erortzen hasten dira, eta paisaiek kolore bereziak eta deigarriak hartzen dituzte. Euskal Herriko baso eta paraje ugarik erakargarritasun berezia hartzen dute, eta ikusgarri bihurtzen dira. Udazkenean badira ezinbestean bisitatu beharreko hainbat txoko eta bazter.
ISABELLE MIQUELESTORENA

Nagore Etxeberria -

2016ko urriak 22

Laster hasiko dira basoak biluzten. Udaberrian jantzi zuten hosto berdezko traje dotorea galtzen ari dira zuhaitzak apurka-apurka, eta laster geratuko dira hostoen babesik gabe. Haize bortitzarekin borrokan, indarge dauden hosto ahulek ez dute gaitasunik izaten adarrei irmo eusteko, eta lurrera jausten dira, basoetako lurra hosto lehorrez eginda alfonbra leunaz estaliz. Haizearekin kulunkatu nahi ez duten hostoek, berriz, zuhaitzetan jarraitzen dute, kolorerik gabe, horituta, gorrituta, baina adarretan irmo. Eta paisaia kolorez margotzen dute, margolari baten paleta balira bezala. Udan kolore bakarreko ziren paisaiak eta inguruak kolorez mozorrotzen hasten dira udazkenean: gorriz, marroixkaz, okrez, horiz...

Argia berezia da urtaro horretan, eta hezetasuna ere arnasten da eguratsean. Egun oskarbiko gauetan ihintzak utzitako tantak itsatsiak geratzen dira goroldioetan, belarretan eta hostoetan, basoari hezetasun ukitu freskoa emanez. Behe laino iraunkorrak ere maiz agertzen dira bisitan, eta mantu baten moduan hedatzen dira baso eta zuhaitz artetik, eta inguruari misterio ukitua erantsi.

Lokartzeko ordua du laster naturak. Eta, negu hotzaren atarian, bizi-bizirik daude egunotan basoak: animaliak hara eta hona dabiltza, neguari aurre egiteko erreserbak egiten edo azken mokadutxo goxoak jaten; perretxikoak eta onddoak ere lotsati ezkutatzen dira eroritako hostoen artean; eta zuhaitzak kentzen ari dira zaharkiturik geratu zaien soinekoa, udaberrian berri bat janzteko.

Horregatik guztiagatik berezia da udazkena. Argazkilari eta naturzale ugarirentzat gogoko urtaroa da. «Natura argazkietan harrapatzeko urtarorik egokiena da», Gema Arrugaeta argazkilariaren hitzetan. «Inguruan dauden koloreek eta giro hezeak egiten dute berezi eta erakargarri udazkena», Eduardo Blanco argazkilariaren ustez.

Euskal Herriko txoko ugarik xarma berezia hartzen dute urte sasoi horretan, eta bisitatu beharreko leku bihurtzen dira, ibiltari askoren bisita leku. Beste hainbat eta hainbat txokoren artean, hona hemen udazkenean bisita merezi duten Euskal Herriko bost toki.

Arbaila. Pagadien eta belardien artean

Zuberoaren bihotzean dago Arbailako mendigunea. Altzürükü herritik basoaren bihotzera iristen den errepide bat dago. 120 kilometro koadroko hedadura hartzen du mendiguneak. Pagoz beteriko baso zabalak dira nagusi, eta, pagadien artean, eremu zabaleko belardiak tartekatzen dira, animaliek bazkatzeko erabiltzen dituzten gune zabal berdeak. Gizakiak aspaldidanik hartu zituen lur eremu horiek bizitzeko eta lan egiteko. Eta horren lekuko dira inguruan aurki daitezkeen dolmenak, trikuharriak, harrespilak eta tumuluak: Okabe gailurretik gertu dagoen Illarritako harrespila, eta Mendibe inguruko Gastenia dolmena, kasurako.

Udazkenean, kolore berezia hartzen du inguruak. Pagoen hosto berdeak kolorez aldatzen eta horitzen hasten dira bat-batean, eta «paisaia izugarri polita» geratzen da, Gema Arrugaeta argazkilariaren hitzetan. Amaierarik gabeko baso zabaletan oreinak ere ikus daitezke, noiznahi eta nonahi. Hosto eroriek estalitako bideetatik askotariko ibiliak egin daitezke pagadien eta belardien artean.

Urbasa. Sakanako arnasgunea

Nafarroako mendebaldean dago Urbasa-Andia parke naturala. Duela milioika urte hondoratze tektoniko bat gertatu zen, eta Urbasaren eta Andiaren artean korridore handi bat zabaldu zen. Gaur egun, parke natural zabal bat osatzen dute biek. NA-120 errepideak Andia zeharkatzen du, eta Etxarri Aranatz eta Lizarra lotzen ditu. NA-718 errepidea igarotzen da Urbasatik, eta Olatzagutia eta Lizarra batzen ditu.

Tarte horretan, pagadi handiek eta zabalek hartzen dute eremuaren gehiengoa: %70. Baina pagoen artean hagin, pinu eta ipuru bakan batzuk tartekatzen dira, baso nahasiak sortuz. Neguko loaldian sartu aurretik, soinean dituzten hostoak askatzen dituzte zuhaitzek, orbel eta hosto geruza handiak pilatuz lurrean. Zuhaitz garaiez inguratuta, ibilbide askotarikoak egin daitezke hostoz estalitako bidexketatik.

«Urte osoan dira politak eta bereziak inguru horiek, baina hostoaren erorketak eta hosto aldaketak oso berezi egiten ditu. Udazkenaz eta argazkigintzaz gozatzeko leku ikusgarriak» daudela han zehaztu du Eduardo Blanco argazkilariak.

Irati. Handietan handiena

Nafarroa Behereko, Zuberoako eta Nafarroako lurretan hedatzen da Irati, Orhi menditik Orbaitzetako lurretaraino. Europan dauden pagadi-izeidi handienetan bigarrena da Iratiko oihana, Alemaniako Oihan Beltzaren ondotik. Zerutik begiratuta, 17.000 hektareako lur eremu zabala hartzen duen orban berde handia da oihana. Udazkenean, baina, askotariko kolore biziz zikintzen hasten da udaberri eta udako berdetasuna, eta ukitu laranjak, horiak, marroiak eta gorriak hartzen ditu. Hala, koloretako paisaia ikusgarriak sortzen dira. Pagoak eta izeiak dira nagusi, baina, haiekin batera, beste hainbat espezie daude: hurritzak, zumarrak, astigarrak, sahatsak, ezpelak, ipuruak, iratzeak, goroldioak... Horien guztien kolore nahasketak koadro handi bat sortzen du udazken oro.

Kolorez aldatu diren hostoak lurrera erortzen hasten dira, haize ufadek bultzatuta, eta bazterrak hostoz betetzen dira. «Haize handia eta bortitza bada, hosto gehiago erortzen dira, eta ingurua bizkorrago janzten da hostoz. Nolanahi ere, ederrak dira beti Iratiko basoak», aitortu du Blancok. Hosto lehorrez estalitako txokoetan eta zuloetan babesa bilatzen dute animalia ugarik: txantxangorriek, katagorriek, azeriek, basurdeek eta orkatzek.

Hamaika ibilbide egin daiteke zuhaitzen eta belardien artetik, zapaltzean hosto lehorrek ateratzen duten hotsak eta errekastoen marmarrak lagunduta.

«Iratin ibaiak ere badira, eta horrek ere bihurtzen du Irati berezi eta udazkenean bisitatu beharreko leku», dio Joxean Gil Garcia mendizaleak. «Udazkenean, hezetasun handiagoa dago inguruan, euria egiten du, eta behe lainoak ere agertzen hasten dira. Ibaiek ur emari handiago izaten dute, eta gailurretan lehen elurrak hasten dira. Ezaugarri ezin hobeak argazki ederrak egiteko», nabarmendu du Eduardo Blanco argazkilariak.

Igoroin arroila. Astigarren paradisua

Arraia-Maeztun (Araba) dago Igoroin arroila, Erroitegi eta Musitu herrietatik gertu. Iturrietako mendietako ordokietan biltzen diren urak Arraia-Maeztura jaisten dira Igoroin arroilan barna. Berez, ibaia xume bat da Igoroin, baina, denboraren poderioz, Iturrietako mendietako karezko haitza janez joan da, bere bidean arroila ikaragarri eta ikusgarri bat sortuz; lau bat kilometro luzeko pasabidea.

Urtean bi garai berezi daude Igoroin arroila bisitatzeko: udaberrian, ur emaria handiagoa den garaian, nonahi ur-jauzi txikiak sortzen direlako; eta, udazkenean, inguruak mila kolore hartzen dituelako.

Arroilan gora eta behera eginez, «paisaia ikusgarriak eta oso interesgarriak daude», zehaztu du Joxean Gil Garcia mendizaleak. Erreka bazterrean landaretza aberatsa eta askotarikoa da: beheko partean pagoak dira nagusi, baina, garaiera irabazi ahala, astigar txikiek hartzen dute ingurua, beste hainbat espezieren artean. Orotara, 52 landare espezie daude. Hango basoetan Euskal Herrian oso ohikoa ez den astigar mota bat dago: Acer opalus. Udazkenean sartu ahala, hostoak kolorez aldatzen hasten dira, mila koloreko paisaiak sortuz.

Bi bide daude arroilan barna abiatzeko: Musitu herritik eta Erroitegi herritik. Biak oso ongi markatuak daude.

Artikutza. Pago zaharren bizilekua

Oiartzundik (Gipuzkoa) 15 bat kilometrora dago. Berez, Goizuetako (Nafarroa) lurretan dago pagoz, haritzez eta haginez beteriko paradisua, baina Donostiako Udalarenak dira lurrak 1919. urtetik. Urtean egun batez irekitzen dira paradisuko ateak: San Agustin egunez (abuztuaren 28an). Orduan, autoz sar daiteke barrura.

3.700 hektarea inguru ditu natur parkeak. Azaleraren %90 basoa da: besteak beste, pagoz, haritzez, haginez, makalez eta gaztainondoz osatutako baso zabalak. «Urtaro guztietan da zoragarria, eta edozein garai izan daiteke egokia bisitatzeko, baina udazkenean bereziki da berezia. Han dauden baso, kolore, zuhaitz, goroldio eta hezetasun festa izugarria da. Pazientzia pixka batekin, laminak ere irtengo lirateke nonbait», dio Gema Arrugaeta argazkilariak, erdi txantxetan.

Basoaren bihotzera sartzeko, GI-3631 errepidea hartu behar da, Oiartzundik. Bianditzeko portua igarota, Artikutzako atezaindegira iristen da, Eskasera. Handik, bi ibilbide nagusi egin daitezke. Goizuetatik, Zubietatik, Arantzatik eta Lesakatik (Nafarroa) ere badira hara oinez iristeko bidezidorrak.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Ekainaren 1ean eguneratua, 19:00etan. ©BERRIA

Koronabirusaren azken datuak

Berria

Azkeneko 24 orduetan ez da inor hil COVID-19 gaitzaren eraginez. Bost positibo atzeman dituzte PCR probekin, eta 11 gaixo ospitaleratu dituzte. Euskal Herrian 29.309 gaixok eman dute positibo guztira, koronabirusa atzemateko probaren bat eginda. Horietatik 2.066 hil dira. Grafikoak, albiste barruan.

Bizkaiko pentsionistak protestan, pasa den astean. ©Luis Jauregialtzo, FOKU

Koronabirusak zahar etxeetan izandako eragina ikertzeko eskatu du Bizkaiko Pentsionisten Mugimenduak

Berria

Protesta egin dute gaur Bizkaiko pentsiodunek Bilboko udaletxearen aitzinean, eta argi utzi dute ez dutela murrizketarik onartuko osasun publikoan eta pentsioetan. Pentsiodunek zahar etxeen inguruko informazioa eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Aldundiari, baina ez dute erantzunik jaso. 

Gasteizko Txagorritxu ospitaleko Mikrobiologiako langileak, proba serologikoak aztertzen. ©Gorka Rubio / Foku

Hegoaldean ez da gaixorik hil azken 24 orduetan

Andoni Imaz

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dute PCR bidezko positiborik atzeman, hiru hilabetean lehen aldiz. Azken orduetan, koronabirusaz kutsatutako hamar lagun ospitaleratu dituzte; hiru, ZIUn.

Zahar etxeetan gertatutakoa argitzeko eskatu dute pentsiodunek gaurko mobilizazioetan. ©Aritz Loiola / FOKU

Leiho berriak mugikortasunari (eguneko laburpena)

Pello Urzelai

Euskal Herrian ez da izan hildakorik azken orduetan. PCR proba bidezko positibo berriak gutxi izan dira: bost, denak Nafarroan.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna