Patxi Zubizarreta.
HIRUDIA

Bertigo historikoa

2015eko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Bi pertsona mota omen daude: liburuak erretzen dituztenak eta erretzen ez dituztenak. Liburuen kontrako lehen izugarrikeria Ts'in Shihuangti enperadorearen garaian gertatu zen, Txinako liburu guztiak erretzea agindu zuenean. Gerora, joera errepikatu eta usadio bilakatu zen hemen eta han. Alexandriako biblioteka suntsitzea agintzearekin batera, Omar kalifa honelatsu mintzatu zen: «Liburu bat Koranarekin akort ez baldin badago, erretzea merezi du. Eta Koranarekin bat baldin badator, zertarako behar dugu liburu hori? Aski dugu Korana!». Geroago, mongoliarrek Bagdad eta Damasko inbaditu zituztenean, biblioteka handiak porrokatu zituzten. Diotenez, Tigris eta Eufrates ibaien gainean liburuz egindako zubiak eraiki zituzten, eta, uretara hainbeste liburu bota zituztenez, Tigris lau egunez beltz baino beltzago jaitsi omen zen.

Hain zuzen ere ibai horrexen bazterreko zigurat-az idatzi zigun behin Julio Llamazaresek, Samarrako dorre bertikal enigmatikoaz. Idazlearen esanetan, gizakion ametsetan maiz ageri den irudi horrek ezin hobeki sinbolizatzen du mundua —eta mundutarrok—: zerua ukitu nahi genuke, aurrerabidea desio dugu, besteen —beste herrialdeen— gainetik egoteak plazera ematen digu... Baina zenbat eta gorago igo, orduan eta handiagoa da beldurra. Babel gogoan, idazlea ere igo zen eskudelik gabeko espiralean gora, eta jaitsierako orduan bertigoak hartu zuen osoki. Alabaina, bertako neska-mutilak, batere beldurrik gabe, zein baino zein, lasterka eta amilka jaisten bistatu zituen. Ez zuten dirurik eskatzen; beren ausardia baino ez zuten erakutsi nahi... hain zeuden gerrara eta bortizkeriara ohituak, hain zuten galtzeko gutxi.

Historiak ere halakoxe bertigoa sentiarazi izan digu behin baino gehiagotan, liburu erreketen segida amaigabea baita. Valentzian, 1564an, arabieraz idatzitako liburuei su ematea agindu zuten, eta Granadan XVI. mende hasieran debekatu egin zuten lingua arabica erabiltzea. Debeku horiek ezagunak dira gurean ere eta, hurbilago etorririk, 1936an Oriako urak gorriz tindatuak zetozela, faxistek Ixaak Lopez Mendizabalen liburutegia erre zuten Tolosan, eta barre egin zuten Lizardiren etxea miaturik, oso irakurgai eskasak topatzean: errukigabeek ez zekiten alargunak, zer gerta ere, gehienak errekara bota behar izan zituela. Etenik gabe, historiak bertigoa eragiten jarraitu izan du, eta adiskide kordobatar batek gurera, ez oso aspaldi, Baroja eta Unamunoren lurraldea ezagutzera etorri nahi izan zuelarik, etxekoek eta ingurukoek ez etortzea gomendatu zioten, agindu kasik, zer gerta ere berriro. Tenore latzak izan zirela gogoratu berri dugu Egunkari bortxaz itxiaren 25. urteurrenarekin.

Nagib Mahfuz idazle Nobel saridunari lepaldean labankada bat eman zioten pentsatzen zuena idazteagatik, kritiko izateagatik (halatsu Salman Rushdieren itzultzaile bati ere). Harrezkero, ezindua eta elbarri, artikuluak eta liburuak adiskide bati diktatu behar izan zizkion. Kontua da idazle egiptoarraren bi nobela itzuli zirelarik —Mirarien kalezuloa eta Mila eta bat gauen gauak—, bitxia bada bitxi, debekua eman zutela horiek euskaraz argitaratzeko; aitzakiatu zuten liburu horiek gaztelaniaz eta frantsesez irakur zitezkeela, eta ez zegoela zertan euskaraz plazaratu... Bi urte igaro ziren ikerketa eta gestio lanetan —Cervantes institutua eta Jaurlaritza tarteko—, harik eta azkenean benetako auzia Madrilen zegoela jakin zuten arte, hango agente baten arrazoibidean: «Baina Mahfuz idazle bakezalea da!». Kordobako hiritar xumeentzat ez ezik, kulturako pertsona batentzat ere, euskara ez zen bake hizkuntza, labankadaka dabiltzan integristen mintzoa baizik. Horrexegatik guztiagatik, euskal idazleak ezin hobeki ulertzen du Tahar Ben Jelloun —hau ere euskaratua—, kultura musulmaneko intelektualek Europan pairatzen duten bakardade gorria deitoratzen duenean, egin beharreko malabarismo pentsaezinak aitortzen dituenean («Cet islam qui fait peur eta El islam»).

Alabaina, hau guztia beste bertigo mota batek eragin dit, existentzialagoa agian, izan ere oraintsu hil baita Fatima Mernissi idazle marokoarra. Fez-eko harem batean sortua, hango bizimolde hertsian, kulturak, liburuek, hizkuntzek... leihoak zabaltzen zizkioten, arindu egiten zioten jauregiko itxikeria eta isolamendua (Rêves de femmes eta Sueños en el umbral). Etorkizuna zigurat baten amildegiaren antzera zabaltzen zaigun honetan, bertigoak paralizatu gaitzakeen honetan, haren irekitasunak eta espirituak lagundu egiten digute geroaren orrialde zuriari hobeki ekiten, hobeki idazten, hobeki irakurtzen, izan ere bi pertsona mota baitaude: liburuak erretzen dituztenak eta erretzen ez dituztenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.