Bizia eta lana euskarari emana

Mikela Gastesi izan zen Iruñeko lehenbiziko ikastolako andereñoa. Lan izugarria egin zuen, egungo ikastolak sortzeko oinarrizkoa

Mikela Gastesi andereñoa ikastolako haurrekin batera. BERRIA.
Iker Tubia.
Iruñea
2015eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Nafarroako ikastolek izen-abizen anitz dituzte. Izan ere, auzolana izan da gaur egungo egoerara ailegatzeko gakoa. Baina badira letra larriz idatz daitezkeen izen-abizen batzuk. Horietako bat, Mikela Gastesirena da. Haren kemenak ireki zien bidea gaur egun Nafarroan diren hamabost ikastolei. Hura izan zen Iruñeko lehenbiziko ikastolako andereñoa, eta haren familiaren bueltan egin ziren ikastola hura aurrera ateratzeko lan anitz.

Gastesi nor zen azaltzeko egokiena bere lana aipatzea da. Zerbait baldin bazen, andereñoa zen. Eta, horrekin batera, euskaltzale amorratua. «Euskararen mundua eta gure tradizioak ez galtzearren lanean ibiltzen zen, eta haren inguru hurbilean euskaltzaleak ziren asko. Iruñean ez zen euskara batere hitz egiten, eta hori eramatea zaila zen», esan du Maiaia Urrutiak. Ikastola hartako ikasle izateaz gainera, Gastesiren alaba da. «Amak esaten zigun: iritsiko da egun bat denek euskaraz egingo dugula kalean».

Egun hori ez da ailegatu, baina geroz eta euskaldun gehiago dira Nafarroan. Euskalduntzeak jende asko, eta lan handia eskatzen zituen. Urrutiak gertutik bizi zuen: «Txikiak ginenean bere hutsunea sekulakoa izan genuen, eta sakrifizio hori guk ere antzeman genuen». Izaskun Gastesi, andereñoaren lehengusuak lagundu zion eskoletan. Etxean ere, denak ziren ikastolaren bueltan: aita, osaba, izeba... «Udaran oporrak izaten genituen, baina ama, izeba, eta denak laguntzen ibiltzen ziren ikusiz zenbat izango ginen eta».

Gogo faltarik ez zuen Gastesik, buru-belarri aritu baitzen, egoera zaila izan arren. «Ez zuen inoiz kotizatu, eta ez dakit soldata ekartzen zuenik ere», dio Urrutiak. Horretaz harro mintzo da lehenbiziko andereño haren alaba. Baina, badu min bat: uste du Gastesiri ez zaiola egindako lana behar bezala aitortu.

Ikastolen zutabea

Dena dela, ez da ahanzturan erori. Besteak beste, Rosa Miren Pagolak idatzirik utzi du lehenbiziko andereño haren memoria. Gaur egun Eusko Ikaskuntzako Bizkaiko lehendakariordea da, baina Gastesirekin batera aritu zen andereño. Hitz onak baizik ez ditu esan: «Ikastolen lehen zutabea izan da. Zorte handia izan zen bera egotea, urte haietan indartu zelako ikastola, eta gehitu zelako ikasle kopurua».

Andereño ohiak dio «esku berezia» zuela haurrekin, eta hori zabaldu egin zela ahoz aho. «Irakasle oso ona zen, eta euskara zoragarri egiten zuen». Izan ere, Gorritikoa (Nafarroa) zen. Gipuzkoan prestatu zuen bere burua, eta hango euskal eskolen lana ongi ezagutu zuen. Lehen urtean honako hau esan zuen Gastesik: «Horrelako zerbait Iruñean egitea izan nuen amets, eta hona nola ari naizen egiten. Zoragarria da, niretzat, hauek euskaraz mintzatuko direla pentsatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.