AHTa. Europaren finantzaketa

Europaren babesa AHTarentzat

523 milioi emango ditu Bruselak 'Euskal Y'-ko lau proiektu bultzatzeko.Europak inoiz azpiegituretan egindako inbertsio handiena da.Zati nagusia Bergara eta Baiona arteko tartearentzat da: 459 milioi

2015eko uztailaren 11
00:00
Entzun
Europako Batasunak babesa emango dio AHT abiadura handiko trenari. Europako Batzordeak ekainean egindako proposamenak oniritzia jaso zuen atzo: Europak 523 milioi euro emango dizkie Euskal Y-aren lau proiekturi. Horietatik gehienak Gipuzkoa eta Lapurdi lotzen dituen AHTaren zatiak jasoko ditu: 459 milioi euro. Diruz lagunduko dituzte, halaber, Bilboko portuaren eta tren lasterraren arteko lotura, Elorrio-Atxondo eta Atxondo-Abadiño zatiak, eta Bilbo eta Gasteiz arteko lanak. Diru zifren ideia bat egiteko: Arabako Diputazioaren urtebeteko aurrekontua 415 milioi eurokoa da.

Europako Batzordeak guztira 13.100 milioi euro banatu ditu Europako 276 proiekturen artean, 2014-2020ko epealdiko Europa Konektatzen programaren barruan. Europak inoiz azpiegituretara bideratu duen diru kopururik handiena da, eta horietatik 830 milioi eman dizkie Atlantikoko trenbide korridoreei. Hiru irizpide betez hautatu ditu Europak diru laguntzak jasoko dituzten proiektuak: prozesu orokorra ez geldotzea, mugaz gaindiko dimentsioa edukitzea eta multimodalitatea sustatzea. Guztira, 700 proiektu baino gehiago aurkeztu zituzten programara. Trenbideak eta portuak lehenetsi dituzte laguntzak banatzean.

Orain onartu dituzten diru laguntzak aurreko urteko irailean aurkeztu ziren proiektuei dagozkie. Urrian antzeko programa bat jarriko du martxan Europako Batasunak, eta estatuek proiektu gehiago aurkeztu ahal izango dituzte. 2014-2020 bitarteko bigarren eskaintza izango da.

Violeta Bulc Europako Batasuneko Garraio komisarioaren ustez, laguntza jasoko duten proiektuak «mugikortasun programa iraunkorrentzat onuragarriak» izango dira. Bulcen iritziz, inbertsioak Europako Batzordearen hazkundea eta enplegua sortzeko programan «ekarpen handia» egingo dute: Europako garraio sareak hamar milioi lanpostu sortuko dituela eta 2030. urterako Europako barne produktu gordina %1,8 haziko dela uste du. «Hautatuak izan diren proiektuek berdin balio izango diete, bai herritarrei eta bai enpresei, azpiegiturak hobetuko direlako eta pilaketa puntuak amaituko direlako», azaldu zuen atzo Garraio komisarioak aurrekontuen zenbatekoaren berri eman zuenean.

BERGARA-BAIONA

Bergara, Donostia eta Baiona lotzeko abiadura handiko trenaren zatia da lau proiektuetatik diru gehien jasoko duena: 459 milioi euro izango dira. Europak emango diona baino diru kantitate handiagoa eskatu zion Espainiako Sustapen Ministerioak: 579 milioi euro. Bergara-Donostia-Baiona zatiaren kostua 1.147 milioi euro da guztira; beraz, Europak emandako laguntzak kostuen %40 hartuko luke bere gain.

Europaren ebazpenean Baionara arteko bidea ageri bada ere, Frantziak oraindik ez du baieztatu AHTa egingo duenik, ezta zein epe duen ere.

BILBOKO PORTUA

Bilboko Portuko Agintaritzak kudeatzen duen proiektuari 25,1 milioi euro emango dizkio Europak. Proiektuaren kostua guztira 125 milioi euro da; %20 finantzatuko luke Europatik iritsitako ziztadak. Proiektuaren helburua tren azkarra Bilboko portuarekin lotzea da.

ELORRIO-ABADIÑO

Abiadura handiko trenaren Elorrio-Atxondo eta Atxondo-Abadiño zatiak hemezortzi milioi euro jasoko ditu. Proiektu honen aurrekontua hemezortzi milioi euro da; kasu honetan ere, %20 finantzatuko luke Europak emandako diruak.

BILBO-GASTEIZ

Euskal Y-aren Bilbo eta Gasteiz bitarteko instalazio eta zerbitzu lanen proiektuari 21,1 milioi euro emango dizkio Europak. Proiektu honen aurrekontua 100 milioi eurotik gorakoa da; Europak emandako laguntzak %20 finantzatuko luke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.