Zinema

Panahi, Binoche eta Soderbergh elkartu ditu Berlinalek

Zinema molde guztiz desberdinen isla diren filmak aurkeztu dituzte: 'Parde', 'Camille Claudel 1915' eta 'Side Effects'

Agentziak
Berlin
2013ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Estilo arras diferenteko hiru film sonatu lehiatu ziren atzo Berlinalen: Jafar Panahiren Parde, Juliette Binoche izar duen Bruno Dumonten Camille Claudel 1915 eta Steven Soderberghen Side Effects. Irango Gobernuak zinema egiteko ezarritako debekuaren gainetik aurkeztu zuen Panahik bere azken filma Berlinalen. Dumonten filmean Juliette Binochek egindako lana interes handiz ikusi zuten jaialdiko ikusleek. Eta Soderberghek aurkezturiko farmakologia kriminalari buruzko thriller-ak espero zena bete du, istorio berria, aktore talde erakargarria eta ustekabeko amaiera uztartzen baititu. Jude Law, Rooney Mara eta Catherine Zeta-Jonesekin lan egin du oraingoan.

Panahiren Parde-k filmaturiko antzerkia dirudi. Itsasoari begirako etxe batean errefuxiaturik bizi den sortzaile baten egunerokoa kontatzen du. Itsasoaren ederra ezin gozatu bizi da, errezelekin estaltzen baititu leiho handiak. Gau batean emakume bat hartuko du etxean. Dibertitu delako eta edan egin duelako gorde egin behar da. Baina arriskua ez da soilik erregimena izango. Bere burua hiltzeko, errezelak kentzeko edo itsasoan barruratzeko desesperazioak ere arriskuan jarriko dute emakumea.

Dumonten Camille Claudel 1915 oso bestelako film bat da. Alabaina, Juliette Binochek interpretaturiko emakumearen rolak, gaixoen artean komentu batean giltzapeturiko artistarenak, itomena eta larritasuna sorrarazten dizkio ikusleari.

Gainera, Dumontek ez dio atsedenik emango ikusleari. Giro ilunetik ateratzeko aukerak urriak dira filmean. Arnasgune bakarra Paul nebaren bisitak dira. Camille Claudel bisitatzera joaten da tarteka. Baina Jean-Luc Vincent aktoreak interpretatzen duen poeta katolikoak haren testuentzat eta Jainkoarentzat baino ez dauzka begiak. Arreba laguntzea ez dago bere kezken artean.

Farmakologia eta burtsa

Bestalde, Soderberghen Side Effects-en, farmakologiak eta burtsako espekulazioak bat egiten dute. Depresioak jotako emakume batek (Rooney Mara) senarra hilko du. Gertaera horrek psikiatra (Jude Law) zipriztinduko du, eta nahaspila horretatik ateratzeko laguntza eske joko du aurrez lanpostu horretan egondako medikuarengana (Catherine Zeta-Jones).

Soderberghen esanetan, «industria farmakologikoa material ezin hobea da kriminologoentzat». Eskrupulurik gabeko bi munduren konplexutasuna erakutsi du Side Effects-en: industria farmakologikoarena eta burtsarena. Eta lan hori aurkeztean, bolo-bolo zebilena baieztatu du zinemagileak. Bolada batez, atseden hartzea erabaki du. Laugarren aldia da Soderberghek Berlinalen film bat aurkezten duena. Traffic lanarekin lehiatu zen 2001ean. The goog German eta Haywire filmekin parte hartu zuen, 2007an eta 2012an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.