«Jakin behar duzu daukazun publikora egokitzen»

Amaia Portugal.
2013ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Biokimikan doktorea eta Murtziako Unibertsitateko Biokimika eta Biologia Molekularreko irakaslea da Jose Manuel Lopez Nicolas. Nahikoa lan bazuen, beraz, lehendik ere. Orduan, zertarako hartu zientzia dibulgatzeko lanak?

«Irakasleok ez gaituzte dibulgatzera behartzen. Are gehiago, toki askotan ez dago ondo ikusita, denbora galtze hutsa dela diote batzuek. Baina nik benetan uste dut oinarrizkoa dela unibertsitateko profesionalarentzat, irakaskuntzaren eta ikerketaren maila berean. Horregatik egiten dut, benetan sinisten dudalako horretan. Hori bai, honekin ondo pasatu behar duzu, bestela, ez dago zereginik. Bokazio hutsa da», azaldu du.

2005ean, Nuevos alimentos del siglo XXI (XXI. mendeko elikagai berriak) argitaratu zuen, zientzia dibulgazioari buruzko bere lehen liburua. Baina nagusiki Scientia bere blogari esker egin da ezagun. Bi urte eskas daramatza martxan, eta biologiaren alorrean gaztelaniaz idatzitako blog garrantzitsuena da dagoeneko, Ebuzzing plataformak argitaratzen duen zerrendaren arabera. «Ez nuen espero halako inpaktua izango zuenik. Gaur bertan [herenegun] artikulu bat argitaratu dut, eta bazkalordurako 15.000 lagunek irakurri dute dagoeneko», esan du.

Behin baino gehiagotan eman ditu hitzaldiak Bilbon, eta hitz onak besterik ez ditu Juan Ignacio Perez Iglesiasentzat eta hark zuzentzen duen EHUko Kultura Zientifikoaren Katedrarentzat: «Nire laguna da, bai, baina benetan diot Espainia osoan miresten dutela. Kultura zientifikoa beste inon ez bezala zaintzen duzue hemen».

Zientzia ogibide ez duten horiek erakartzea zaila ez ote den galdetuta, publikoari neurria hartu behar zaiola esan du Lopez Nicolasek, jakin egin behar dela dibulgazioa desberdin egiten, aurrean nor dagoen. «Niri izugarri gustatzen zait, adibidez, institutuetan dibulgatzea. Ikaragarri motibatzen zaitu. Baina jakin egin behar duzu daukazun publikora egokitzen», dio biokimikariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.