«Ume motxiladunen» ahotsa

Gurasoak preso dituzten haur eta nerabeen egoera salatu du Sarek. 113 nerabe daude egoera horretan. Gobernuei «jarrera aldatzeko» eskatu diete, eta euskal gizarteari, presoen irtenbidean «parte aktiboa» izateko

Guraso bat edo biak preso dituzten gazteetako batzuk, Bilbon atzo eginiko agerraldian. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2017ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
«Nondik dator justizia hitza, jaiotzatik nire bizitza injustua izan bada?» galdetu du Peru del Hoyok, aurreko astean etxetik 700 kilometrora, Badajozko espetxean (Espainia) hil zen Kepa del Hoyo presoaren semeak. Umemotxiladun deitu izan zaie gurasoetako bat kartzelan izan eta zama hori gainean eraman behar izan duten adingabeei. Sareko Oihana Mujikak azaldu duenez, Sareren moduko taldeek hartu dute haien ahotsa izateko konpromisoa, «komunikabideetan, parlamentuan eta abarretan hitz egiteko aukera ez dutelako». Del Hoyoren heriotzak «azaleratu» du berriz ere gazte horien egoera, Mujikaren arabera: «Keparen semea, Peru, bere bizitza osoan ume motxiladuna izan baita».

Peru del Hoyo hilabete gutxi zituenetik ibili da Espainiako Estatutako hamaika kartzelatan bisitetan, «milaka kilometro egiten». Orain dela urtebete Peruk berak esandakoak gogoratu ditu Mujikak: «Badajozera egin dituen kilometro guztiekin, hogei aldiz baino gehiago emango lioke buelta munduari». Haren aitak hogei urte zeramatzan preso, joan den astean hil zen arte. Peruk hilabete eta erdi zituela atxilotu zuten, eta aurreko astera arte bisitetan egondako orduak pilatuta, orotara hemeretzi egun baino ez dituzte eman elkarrekin.

Del Hoyok ere ume motxiladunek bizi izan duten egoerari «bidegabea» deritzo, eta «sufrimendura ohitzea» eta «bizitza tristea» egokitu zaiela adierazi du. «Haurtzaroa lapurtu, eta aita kalera irtetearen ametsak hil dizkigute. Nahiz eta gu errugabeak garen, gurasoei aplikatutako kondena guri ere ezarri digute».

Sareren arabera, 113 haur edo nerabek dute gurasoren bat edo biak kartzelan gatazka politikoarekin loturiko auziengatik: 102 umek aita edo ama dute espetxean, bederatzik ama eta aita, eta bi haur amarekin bizi dira kartzelan.

Peru del Hoyoz gain, Olatz Iglesiasek ere azaldu ditu bere bizipenak. Iglesiasek —22 urte— bi gurasoak izan ditu kartzelan. 2011. urtetik, ama kalean dago, baina aita oraindik preso dauka. Haur direnetik, «ezohiko» egoeran bizi direla nabarmendu du,eta salatu du haurrei ukatzen zaiela «aita eta amarekin egoteko duten eskubidea ». Iglesiasek aitortu du ezin izan dutela parte hartu euren adineko umeek egiten dituzten hainbat jardueratan, «autobus, auto edo furgonetetako aulkiari lotuta» pasatzeko dituztelako asteburu asko. «Ezin izan dugu lagunekin batera kirol partidetan parte hartu asteburuetan, edo lagunen urtebetetze festak ospatu, bisitak egiteko asteburu osoak etxetik kanpo pasatu behar izan ditugulako».

Kilometro gehiago ez

Iglesiasek argi dauka Del Hoyo ez dela «besterik gabe hil», eta gaur egun indarrean dagoen espetxe politika amaitzeko eskatu du: «Gutako edonor izan zitekeen Peru, edo izan daiteke hemendik gutxira ere, egungo egoera aldatzen ez bada. Peruren aita espetxe sistema gizagabe honek hil du».

Bestalde, Sarek berretsi du «benetako konponbidearen alde» lan egingo duela, eta «salbuespenezko politikak eta giza eskubideen urraketa guztiak amaitu behar» direla. Espainiako eta Frantziako gobernuei «behingoz» jarreraz aldatzeko eskatu die, eta euskal herritarrei prozesuan parte hartzeko deia egin die: «Behin eta berriz erakutsi behar dugu hemen errespetuan eta elkarbizitzan oinarritutako gizarte bat eraiki nahi dugula, gorrotoan heziko ez den jendarte bat eraiki nahi dugula, eta, horretarako, presoei euren eskubideak errespetatu behar zaizkie eta konponbidearen norabidean pausoak eman behar dira. Presoen irtenbidean parte aktibo izan behar dugu euskal herritar guztiok».

Agerraldian, Del Hoyo eta Iglesiasekin batera, hainbat «ume motxiladun» egon dira: Olatz Igerategi, Malen eta Enaitz Arronategi, Aide eta Nahia Ercilla, Adur eta Hize Goieaskoetxea, Eguzki Azkarate, Maddi Kintanam, Xochitl Karasatorre, Garazi Barandalla, Ibai Manterola, Beñat Larramendi, Amaiur Zugadi, Hodeiertz Urain eta Eztizen Artola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.